Ertzain batek jasandako erasoa gaitzetsi dute EAJ, PSE, PP eta Elkarrekinek

Erredakzioa 2022ko uzt. 26a, 19:30

Gertakariak Gasteizko Aiztogile kalean izan ziren, igandean. / ALEA

EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin udal taldeek "gaitzespenik irmoena" adierazi dute Aiztogile kalean ertzain batek jasandako erasoaren aurrean. Jardun Koordinadorako Aske antolakundeak "muntai poliziala" salatzeko mobilizazioa egin du.

Joan den igandeko gauean, Santiago Egunaren bezperako ospakizunen testuinguruan, 21, 22 eta 25 urteko hiru gazte atxilotu zituzten, 21:00ak aldera Gasteizko Alde Zaharreko Aizogile kalean zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bati eraso egitea egotzita. Ustez, hiru gazteek iraindu egin zuten Ertzaintzako kidea, eta handik alde egiteko mehatxua egin zioten.

Hiru atxilotuak karguekin aske geratu dira dagoeneko, ertzain-etxetik eta epailearen aurretik igaro ostean.

Gertatutakoak, ordea, soka luzea ekarri du azken bi egunetan. Alderdi guztietako ordezkari politikoen arbuioaz gain, Gasteizko Udaleko EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin taldeek adierazpen bateratua plazaratu dute astearte honetan, "Ertzaintzako kide batek ertzain izateagatik jasandako erasoaren aurrean arbuio eta gaitzespenik sendoenak" adierazteko. Horrekin batera, azpimarrtu dute "gertakari onartezinak, sektarioak, Gasteiz hiriaren irudia inolaz ere ematen ez dutenak" direla, "elkarbizitza, tolerantzia eta begirunea hiri honen ezaugarriak" direlako. Azkenik, "hurbiltasuna eta babesa" adierazi dizkiote ertzainari eta Ertzaintzako kide guztiei.

EH Bilduk, bere aldetik, ez du adierazpen instituzionalarekin bat egin. Hala ere, astelehen honetan, Felix Gonzalez bozeramaileak berretsi du talde subiranistak "edozein eraso mota erabat gaitzesten" duela, "gertatutakoa argitzeko zain gaudela". Era berean, herritarrei dei egin die "jaiak errespetuz gozatzeko".

"Muntai poliziala"

Astearte honetan, dozenaka lagun bildu dira Jardun Koordinadorako Aske antolakundeak deitutako mobilizazioan, 19:30ean Faroloitik, Aiztogile kalearen sarreratik, Euskal herri langilea antolatu. Muntai polizialik ez. Atxilotuekin elkartasuna lelopean.

Beren ustez "muntai poliziala" izan dena salatzeaz gain, hiru atxilotuei elkartasuna adieraziko diete. Gaur plazaratutako komunikatu batean, "pertsona baten probokazioen ondorioz emandako ika-miken testuinguruan" kokatu dute gertatutakoa, "besterik gabe". 

"Atxilotutako pertsonek, pertsona horren jarrera probokatzaileaz haratago, ez zuten bere inguruko bestelako informaziorik", azaldu du Askek. Beren ustez, "ezohikoa ez zen gertakari bat magnifikatu eta desitxuratu" egin da, "bere larritasuna eta oihartzuna handitze eta etekin politikoa ateratze aldera". Gainera, "Mutrikuko jaietan jazotakoaren harira egindako kanpainaren jarraipen gisa" ulertu dute.

Horrekin batera, atxiloketaren unean atxilotuetako batek Ertzaintzaren hainbat kolpe jaso zituela eta atxiloaldian Espainiako himnoa jarri zietela salatu dute atxilotuek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago