JON LASA

"Itzela izan da azken hogei urte hauetan metatutako ezagutza"

Juanma Gallego 2022ko uzt. 24a, 06:00

Ehunka urte dituzten egiturak eta puntako teknologiak tartekatzen dituzte Santa Maria Katedrala Fundazioan. Gasteizen ez ezik, Euskal Herrian eta kanpoan ere erreferentziazko proiektua bihurtu da. Aterpetxea zabaltzea eta orain arte erakutsi ez duten ondare artistikoa erakustea dira buruan dituzten asmoetako batzuk.

Abokatu ekonomista da Jon Lasa (Gasteiz, 1965) Santa Maria Fundazioaren zuzendari kudeatzailea, baina elkarrizketa osoan zehar nabari zaio iraganaren inguruan duen grina. Hogeita bi urte daramatza fundazioan, eta horietatik, bederatzi zuzendari gisa. Hortaz, lehen eskutik bizi izan ditu Gasteizko andre zaharrak izandako eraldaketa sakonak. 

Juan Ignacio Lasagabaster arkitektoari hartu zenion erreleboa, erretiroa hartu zuelako. Horrek nolabait adierazi al zuen proiektua beste fase batean zegoela?

Eboluzio natural bat izan zen hori. Ni abokatu ekonomista naiz, eta aholkularitza fiskalean eta kontabilitatean ibilitakoa naiz. Fundazioan arlo ekonomikoa eta juridikoak kudeatu ditut, baina proiektua ia-ia hasieratik ezagutu dut. Hasiera batean gauzak ikuspuntu ekonomiko eta teknikotik ikusten nituen, baina, pixkanaka, arkitektura, zaharberrikuntza eta horrelakoen inguruan ikasten hasi nintzen. Arlo ekonomikoa eta giza baliabideak kudeatzea egokitu zait, baina baita turismoa eta egiten ditugun jarduera kulturalak ere. Zeharka ere obrarekin harremana duen guztia; batez ere, baliabideak lortzea izan da arduretako bat. Azken hau ezinbestekoa da hau bezalako proiektu batean: daukazun finantziazioaren arabera gauzak egin ditzakezu ala ez. Kasu honetan, proiektu honek arrakasta izan du finantziazio egonkorra izan duelako. Gorabeherak izan ditugun arren, egonkortasun horrek aukera eman digu aurrera egiteko.

"Bisitetan ondare artistikoa ere sartu nahi dugu orain, pixka bat alboratuta geratu delako"

Mundu akademikoan askotan entzun dudan kexa da: dirua inbertituz gero, izugarrizko gauzak egin litezkeela. Horren adibide da zuena, ezta?

Bai. Katedralarena anbizio handiko proiektua izan da. 800 urte dituen eraikina da, eta ia-ia hasieratik arazo estruktural larriak izan zituen. Pentsa ezazu ehun bat esku-hartze izan dituela historian zehar. 1994an hegoaldeko transeptua amiltzear zegoen. Arazo estrukturalez gain, mantenu egokia falta zitzaion. Horregatik, plan zuzentzaile bat martxan jarri behar izan genuen. Azken finean, mediku azterketa baten antzekoa izan zen: zituen gaitzak atzemateko eta tratamendua erabakitzeko. Hortik jaio zen proiektu hau. Baina arazo zena abagune bihurtu zen, eta hortik abiatu zen Obretan eta irekia planteamendua. Oso berritzailea izan zen; itxi beharrean, publikoari ireki zelako. Turismoan gorakada itzela egon zen, eta 2000n Euskadiko turismo saria jaso genuen. Ikusi zen ere katedralak zeukan potentzialitate kultural izugarria. Gainera, ez da ohiko zaharberrikuntza izan, eta aukera izan dugu Gasteizen jatorria aurkitzeko, VII. eta VIII. mendeko aztarnak azalerazi zirenean. 

Aurkikuntza horiek Gasteizko historia berridaztea ekarri zuten…

Erabateko aldaketa izan da, bai. Egiturazko arazoak hain ziren handiak ezen oinarrietatik ere induskatu behar izan baitzen, eta, horri esker, hiriaren jatorria bera azaleratu zen. Aldi berean, proiektua oso berritzailea izan da, aukera eman duelako katedral bat zimenduetatik dorreraino bisitatzeko. 1.000 urteko jauzia da: kriptetan daude hiriaren oinarriak, eta, igotzen zarenean, dorretik 250.000 biztanleko hiri bat ikusten duzu. Bertatik ikuspegia izugarria da, eta bost probintziatako mendiak ikusi ahal dituzu. Eta jaisten zarenean ere, penintsula osoan XV. mendetik dagoen arkupe onenetakoa ikusten duzu. Bisitaldiak, beraz, ez du parekorik beste katedralekiko.

Nola izan da ezagutza hori zabaltzeko prozesua?

Hogei urtez arkeologia, arkitektura eta zaharberrikuntzaren ikuspuntutik denetarik egon da, eta itzela da metatutako ezagutza. Baina ez genuen nahi ezagutza hori soilik adituen esku geratzea. Eta teknologia berriek asko erraztu digute ezagutza hori zabaltzea. Adibidez, orain errealitate birtualaz baliatzen gara, eta aukera dugu ikusteko nolakoak ziren Gasteizen hasierak. Bederatzi ikus-entzunezko ditugu, eta baten bat egiteko dugu oraindik. Errealitate birtuala benetako denbora makina bat da. Santa Maria plazan egonda, ikusi ahal duzu nola aldatzen zen hori mendeetan zehar: VII-VIII. mendeetan hasita, lehen etxolekin, eta gero katedralaren eraikuntza ikusten duzu, eta baita harresia ere. Arlo artistikoan, polikromien erreprodukzioa egiten dugu, video mapping teknologiaren bitartez hiru mende desberdinetan zeuden polikromiak erakusteko. Kuriosoena da puntako teknologia horiekin batera erabiltzen ari direla teknika tradizionalak: obra maisuak, artisauak, kareak, morteroak...

Burgosko unibertsitateko jendearen laguntza izan duzue, ezta?

Hala da. EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak bi hamarkadetan landutako material guztia genuen, eta hainbat liburu ere bagenituen, Dbolit ilustratzaile taldeko irudi ederrekin. Baina jauzi bat egin nahi genuen, ikusten genuelako beste zenbait lekutan hasiak zirela lantzen 3D teknologia. Abiapuntua izan zen Europako proiektu bat Erdi Aroko alde zaharren berreraikuntza birtualak egiteko. Pentsatu genuen hemen ere egin ahal genituela. Eta konturatu ginen nahiko gertu genuela Burgosko unibertsitatean 3D lantzen duen talde bat. Hortaz bi unibertsitateetako taldeak elkartu genituen. Hasiera batean pixka bat arduratuta geunden ea zelan moldatuko ziren. Bada, izugarri ondo moldatu dira, hasieratik. Bai teknikoki —biak puntako taldeak direlako—, eta maila pertsonalean ere, adiskidetasun harreman bat sortu delako. Erdi Aroko jantziak lortu genituen; tartean, udalak laga zizkigun batzuk, Erdi Aroko merkatuan erabiltzen dituztenak. Eta taldekoak figurante gisa sartu ginen, bai dirua aurrezteko zein inplikazio pertsonal gisa. Oso polita izan da gure hiriko jatorrietan agertzea.

Jendeak nola hartu du errealitate birtuala?

Asko gustatu zaio. Izan ere, mendeetan atzera hegal egitea ahalbidetzen dizun denbora makina bat da. Baina bitxia da: uste genuen hau bereziki gazteei gustatuko zitzaiela, ohituta daudelako halakoetara. Alabaina, lehen bisitaldia ia 90 urteko andre batekin izan genuen: zur eta lur geratu zen. Bada, agian adineko jendea izan da gehien disfrutatu duena, seguru aski lotura emozional berezia dutelako hiriarekin. Baina, oro har, jende guztiari gustatu zaio. Eta osagarri ederra da, bisitari balio erantsia ematen diolako. Jada ez dira irudikatu behar gidariaren azalpenak: zuk zeuk ikusten dituzu. Gainera, errealitate birtual hau hogei urteko ikerketan oinarrituta dago. Are gehiago, arkeologoak beraiek erabiltzen ari dira baliabide hau beren ikerketetan, oso baliagarria zaielako haien hipotesiak gauzatzeko. 

Apple, adibidez, betaurreko arinak garatzen ari da errealitate areagotua txertatzeko. Halakoek aukera asko zabalduko dituzte…

Oso aurrerapen azkarrak egiten ari dira, bai, eta badakigu honek eboluzio teknologiko handi bat izango duela datozen urteetan. Daukagun abantaila da hiru dimentsioko material guztia badaukagula, eta aurrerapen horietara egokitzeko moduan egongo garela. 

"Ikerketak ez dira amaitu, eta aurki liburu bat aurkeztuko da katedralaren eraikuntzaz"

Hogei urtez ikerketa sakona egin da. Geratzen al da zerbait jakiteko, ala gehiena ezagutzen da jada? Zein da hurrengo pausoa?

Laborategiko arkeologia ikerketak oraindik ez dira bukatu, eta laster aurkeztuko da katedralaren eraikuntzari buruzko liburu bat. Bestetik, asko zentratu gara Obretan eta irekia alorreko bisitetan, baina, aldi berean, albo batera utzi dugu katedralak duen balio artistikoa. Bada, balio hori zabaldu nahi dugu. Bisiten menua zabaldu nahi dugu, artelan horiek ere jendearen eskura jartzeko. Ondare horren zati bat arte sakratuko museoan dago, katedrala obretan dagoelako, baina horiek berreskuratu nahi ditugu. 

Galdera maltzur bat: Obretan eta irekia planteamendua oso ondo funtzionatzen ari delako luzatzen ari al zarete kontua, ala benetan obretan ari zarete oraindik?

Orain estalkietan lanak egiten ari gara. Nik beti diot lan horiek pixka bat eskergaitzak direla, diru asko suposatzen dutelako baina, une honetan bederen, ez dira bisitatzeko modukoak. Ez dira ikusgarriak, baina beharrezkoak dira katedrala kontserbatzeko. Etorkizunean bisitagarriak izango dira, agian balkoi batetik ikusteko. Lanak zertxobait atzeratu dira ere pandemiagatik. Gure lehentasuna izan da lantaldea mantentzea, egoera hori unean-unekoa izango zela uste genuelako, eta oso jende prestatua eta fina dugulako. Hortaz, obretara bideratuta zeuden hainbat baliabide lantaldera mantentzera bideratu ditugu. Baina urte pare batean edo lan handi guztiak bukatuak izango ditugu. Asmoa da ere nabean dauden arrakalak txukuntzea… kirurgia estetikoa egitea, nolabait esateko. Horiek teilatukoak baino ikusgarriagoak izango dira. 

Dirulaguntzak eta turismoa izango dira zuen sarrera nagusiak, ezta?

Horiek, eta baita aterpetxea ere. Orain arte bisitak eta aterpetxea haien kabuz finantzatu dira, eta baliabide publikoak batez ere obrara joan dira. Covidagatik, asko jaitsi dira bisitaldietatik eta aterpetxetik izandako diru sarrerak. Fundazioko plantillan bost lagun gaude: bisitaldietarako, beste hogei lagun; eta aterpetxean, beste bost. Lehen esan dizudan moduan, gure lehentasuna izan da lantalde hori mantentzea. Halere, esango nuke nahiko ausartak izan garela, pandemiaren garairik txarrenean ere lizitatu izan dugulako. Saiatu gara malguak izaten, baina beldurra izan gabe. Kultur jardueretan ere, nabarmena izan da pandemiaren eragina, baina saiatu gara ere horiek mantentzen.

Arlo horretan, erreferentzia bat bihurtu da katedrala. Zeintzuk dira zuen planak?

Katedralak kultua eta turismoa ahalbidetzen ditu, baina zentro kultural garrantzitsua ere bada, tokiko artistei, nazionalei eta nazioartekoei irekita. Adibidez, uda honetan Poetak Maiatzean zikloa izan dugu, mota guztietako musika… aurten Pablo Milanes izango dugu. Zinemak, dantza... hauetan guztietan, batez ere elkarlanean oinarritzen gara beste zenbait erakunderekin, 

Etorkizunari begira, zer erronka dituzue?

Obrari dagokionez: amaitzea eta txukuntzea. Bestetik, aterpetxea zabaldu nahi dugu: Aiztogile kaleko 87, 89, eta 91 atariak ditugu, eta 93 atarira hedatu nahi dugu. Orain 93an ditugu bulegoak eta artxiboak, baina aterpetxea zabaltzen denean, 99ra joango gara. 103an ere lan batzuk amaitu behar ditugu, besteak beste bertan tailerrak eta aterpetxeari lotutako kultur jarduerak egiteko. 101ean beti izan dugu arazo bat bertako jabearekin, hutsik dagoen baxuko eta lehen pisua hutsik dituena. Baina 101 eta 103 atariak batera joatea gustatuko litzaiguke. Bestetik, bisitaldietan eta kultur jardueran jarraituko dugu sakontzen. Besteak beste, gustatuko litzaiguke ere bereziki udan gehiegi zentratuta dagoen kultur jarduera urte osora zabaltzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago