Ikurrina jartzeagatiko isunei aurre egiteko pintxo-potea egingo dute Zabalganeko jaietan

Erredakzioa 2022ko uzt. 14a, 14:10

Aberri Egunerako jarritako ikurrina Buradon Gatzaga Parkean, Zabalganean. / ALEA

2021eko Aberri Egunean ikurrina bat jartzeagatik, ehunka euroko isuna jaso zuten Zabalganeko hiru bizilagunek. Mozal Legean oinarritutako espedientea artxibatu bazen ere, 900 eurotik gora ordaindu behar izan dute. Auzoko jaietan pintxo-pote solidarioa egingo dute, ostegunean.

Elkartasunerako tarte bat hartuko dute gaur, osteguna, Gasteizko Zabalgana auzoko jaietan. Izan ere, 19:00etatik aurrera, txupinazoaren ostean, pintxo-pote solidarioa egingo dute Zuazoko Atea kaleko txosnagunean, hiru auzokidek 2021eko Aberri Egunean ikurrina bat jartzeagatik jasotako mila eurotik gorako isunak ordaintzen laguntzeko.

Iazko apirilaren 1ean, Aberri Egunaren atarian, Zabalganeko hiru bizilagun hauek ikurrina bat jarri zuten auzoko Buradon Gatzaga Parkean. Udaltzaingoak identifikatu zituen, eta Mozal Legean oinarritutako 100 euroko isun bana jaso zuten. Handik gutxira, Mozal Legeaz gain, 900 euro gehiago ezarri zizkieten isunetan, garbiketako udal ordenantza urratzeagatik.

Zigortutakoek ALEAri azaldu diotenez, "burokrazioa administratiboak bere bidea egin du": Mozal Legean oinarritutako 300 euroko isunak artxibatu zituen Udalak, baina garbiketako ordenantzaren arabera ezarritako 900 euroko isunek aurrera egin dute. Are gehiago, urtebete baino gehiago igarota, errekarguarekin ordainarazi dizkiete, "borondatezko eperik jakinarazi ez" zietelako.

Azkenean, ekainean 900 euro baino gehiago ordaindu behar izan dituzte Aberri Egunean ikurrina bat jartzeagatik. Isunak ordainduta, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri dute orain: "Baina auskalo zer esango duen epaileak", azaldu dute isunduek.

Hain zuzen ere, gaur bertan, 2022ko uztailaren 14an, 128 urte bete dira ikurrina sortu zenetik. "128 urte eta gero, EAJk kudeatzen duen sailak isunak jartzen ditu, garbitasun ordenantza aplikatuz, ikurrina publizitate banderolatzat jotzen duelako", kritikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide