ALEAk jakin duenez, Zabalgana auzoko hiru bizilaguni 100 euroko isun bana jarri die Gasteizko Udalak, Buradon Gatzaga Parkean ikurrina bat jartzeagatik. Herritarren Segurtasunerako Sailak Mozal Legearen 31.13 artikuluaren arau-hauste arina egotzi die hirurei, "erabilera edo zerbitzu publikoko ondasun higigarriak edo higiezinak kaltetzea edo hondatzea" leporatuta.
Zigortutako bizilagunetako batekin hitz egin du ALEAk. Oraingoz, anonimotasuna gorde nahi izan du, Udalak "isun gehiagorako aitzakia bezala erabili ez dezan" kontatutakoa.
Apirilaren 1eko 9:30ean, aurtengo Aberri Egunaren atarian, auzoko parke horretako farola batean ikurrina bat kokatzea erabaki zuten. Egun argiz, eskailera batekin eta lasai asko. Espero ez zutena zen dei anonimo batek Poliziari abisua emango ziola, eta are gutxiago, eskailera eskuetan tolestuta zutela, berehala agertuko zirela Udaltzaingoaren bi patruila, hiru bizilagunak identifikatzeko.
Une hartan udaltzain batek esandakoa gogoan du: "Horrelako intsignia bat ofentsiboa eta oinezkoentzat arriskutsua izan zitekeela esan zigun. Erabat harritu gintuen poliziaren ahotik hori entzuteak, agerikoa denean Udaltzaingoak berak ikurrin pare bat daramatzala uniformean", gogoratu du suminduta.
ALEAri azaldu dionez, momentuan bertan Udaltzaingoari aitortu zioten ez zekitela ikurrina bat jartzeak inolako arau-hausterik suposatzen zuenik. Are gehiago, zigortutako bizilagunak ziurtatu du jarritako ikurrinak hilabete eta erdi baino gehiago iraun duela parkean. "Duela gutxi ezezagun batek era traketsean kendu duen arte", gaineratu du. "Argi dago garbiketa zerbitzuak ez duela kendu, bridak eta zinta itsasgarria farolan daudelako oraindik".
300 euro isunetan
Hala ere, hilabete beranduago izan dute Gasteizko Udalaren berri. Identifikatutako hiru auzokideetako bakoitzak 100 euroko isuna jaso du; guztira, 300 euro. Mozal Legearen 31.13 artikuluaren arabera, "erabilera edo zerbitzu publikoko ondasun higigarriak edo higiezinak kaltetzea edo hondatzea" leporatu die Udalak.
Ikurrina jartzeaz gain, parkeko erpin geodesikoan Euskal Herria Batera mezuarekin pintaketa bat egitea ere leporatu nahi zieten udaltzainek. Ebazpenak aipatzen duenez, hiru bizilagunak miatu eta gero, Udaltzaingoak "pintura hondarrak" zituen bihurkin bat konfiskatu zien.
Inplikatutako bizilagunek akusazioa ukatu eta pintaketa aurretik zegoela ziurtatu dute. "Gainera, ebazpenak ez du ez lekukorik, ez bestelako frogarik aipatzen; ezta ustez egotzi dieten kaltearen nondik norakorik ere", kritikatu dute. Hala ere, Mozal Legearen babespean, Udaltzaingoaren bertsioa nahikoa izan da zehapen-espedientea abiatzeko.
"Frankismoan bezala"
Jakinarazpena jaso zuten egunetik hasita, hamabost eguneko epea dute helegitea aurkezteko edo, bestela, akusazioa onartu eta isunaren %50 ordaintzeko. Hala ere, hirurek uko egingo diote ordainketa aurreratuari, eta helegiteak jarriko dituzte.
"2021eko Gasteizen, frankismoan bezala, Aberri Egunaren aldarrikapena kaleratzeko ikurrina bat kalean zintzilikatzea jazarrita dago; eta oraindik ere, jasotzen dugun erantzun autoritarioa Francoren garaikoa dirudi", salatu du zigortutako bizilagun anonimoak.