Mozal Legeaz gain, 900 euro gehiago isunetan ikurrina jarri zuten Zabalganeko bizilagunei

Mikel Buruaga 2021ko mai. 26a, 07:30
Ikurrina bat jartzeagatik Mozal Legea ezarri diete Zabalganeko hiru bizilaguni. / ALEA

Zabalganeko hiru bizilagunek 300 euroko isun bana jaso dute orain, garbiketako udal ordenantza urratzeagatik. Mozal Legean oinarritutako isunak gehituta, 1.200 euro ordainarazi nahi dizkie Udalak. ALEAk jakin duenez, gainera, FCCk eta suhiltzaileek uko egin zioten ikurrina kentzeari.

Duela astebete jakin genuen Gasteizko Udalak Mozal Legea ezarri diela Zabalganeko hiru auzokideri, Aberri Egunaren atarian Buradon Gatzaga Parkean ikurrina bat jartzeagatik. Marian Gutierrez zinegotziaren (PSE) Herritarren Segurtasunerako Sailak Mozal Legearen 31.13 artikuluaren arau-hauste arina egotzi die hirurei, "erabilera edo zerbitzu publikoko ondasun higigarriak edo higiezinak kaltetzea edo hondatzea" leporatuta.

Albisteak hautsak harrotu ditu, eta aste bereko igandean, gainera, Udalak berak eta beste erakundeek 14.000 euroko ikurrina erraldoi bat jarri dute Forondako Atean, hiriburutzaren 41. urteurrena ospatzeko.

Baina 1960ko hamarkadara garamatzan istorio honi buelta bat geratzen zitzaion oraindik. Izan ere, Udalak 300 euroko beste hiru isun ezarri dizkie ikurrina jarri zuten herritarrei, Ana Oregi zinegotziak (EAJ) zuzendutako Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailaren bitartez.

Oraingoan, gertakari berberak aipatuz, Garbiketari eta Hondakinen Bilketa eta Garraioari buruzko Udal Ordenantzaren 147.1 g) artikuluaren arau-hauste arina egotzi die. Ordenantzaren testura jotzen badugu, klasiko batekin egingo dugu topo: "Kartel, pankarta, banderatxo, eranskailu edo antzekoak gehienez 10 ale— jartzea, aurretiazko jakinarazpena egin gabe edo Udalak berariaz baimendu edo ezarritako tokietatik kanpo".

Suhiltzaileek ikurrina kentzeari uko

Azken isunaren ebazpenak jasotzen duenez, udaltzainek ikurrina kentzeko eskaera egin zioten FCCri, baina garbiketa enpresak "ezinezkoa" zela jakinarazi zien, jarrita zegoen "garaiera eta modua" zirela eta.

Horren aurrean, Udaltzaingoak suhiltzaileak parkeraino mobilizatzeko saiakera egin zuen, baina suhiltzaileek uko egin zioten. Hiru egun beranduago jakin zuten hori: "Apirilaren 4an, 11:00etan, agenteek egiaztatu zuten banderak jarrita jarraitzen zuela eta pintadak garbitu gabe zeudela", dio Udaltzaingoaren atestatuak.

Agenteek txandako ofizial arduradunari eman zioten horren berri. Azken hori Suhiltzaileen Zerbitzuko arduradunarekin jarri zen harremanetan. "Protokoloa dela eta, ez dute kentzen arriskurik ez dagoela uste badute", azaldu zion suhiltzaileen arduradunak.  

"Ez dute nahikoa Mozal Legearekin"

Gisa horretako arau-hausteen kasuan, ohartarazpenak edo 90 eta 750 euro arteko isunak aurreikusten ditu ordenantzak. "Udalak, ordea, 300 euroko isuna ezartzea erabaki du, kasu honen berezitasuna ikusita ohartarazpen soil bat ezar zezakeen arren", deitoratu du zigortutako bizilagunetako batek.

Oraingoz, zigortutakoek anonimotasuna gordetzen jarraitzea nahiago izan dute, joan den astean ALEAri kasuaren berri eman ziotenean bezala, Udalak "isun gehiagorako aitzakia bezala erabil ez dezan" kontatutakoa. Hala ere, jasotako zehapenen aurkako beste ekimen batzuk abiatzeko aukera aztertzen ari direla aurreratu dute.

"Mozal Legearekin nahikoa ez, eta ordaindu beharrekoa laukoiztu egin digu Udalak", salatu du zigortutako bizilagunetako batek. "Frankismoan bezala Aberri Egunean ikurrina bat kalean zintzilikatzea jazartzen duten bitartean, dirutza gastatu dute ikurrina erraldoi bat jartzeko; kasu horretan inolako arazorik gabe".

Helegiteak

Mozal Legeak ordainketa aurreraturako %50eko murrizketa ezartzen duen bitartean, udal ordenantzak %20ko murrizketa baino ez du aplikatzen, "ustezko erantzuleak berariaz aitortzen badu bere erantzukizuna"; hau da, helegitea jartzeari uko egiten badio.

Zigortutako auzokideek Mozal Legean oinarritutako hiru isunen aurkako helegitea aurkeztu dute dagoeneko. Isunen bigarren olatuaren berri aste honetan bertan izan dute, eta, xehetasunak aztertzen ari diren arren, kasu honetan ere errekurrituko dute; hamabost eguneko epea dute horretarako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide