Lucarinik kitzikatu du sua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko uzt. 15a, 10:00

Joaquin Lucarini eskultore arabarraren lana txikitu eta zabortegira eraman dute. E.J.

Principal antzokiaren eta Goya gasolindegiaren lehiaketetan irregulartasunak salatu dituzte hiriko arkitektoek; halaber, fatxadetako obretan ematen ari diren gehiegikeriak kritikatu dituzte.

Santiago hiribidean, La Cortina establezimendu ospetsuaren eraikinaren fatxadan egindako erreforman, Joaquin Lucarini eskultorearen La Construcción obra txikitu eta zabortegira eraman du eraikuntza enpresak. Eskultore arabar ezagunaren eskulturak lanean ari zen igeltsero bat islatzen zuen, eta 1964tik jarrita zegoen bertan. Gertaerak udalaren eta arkitektoen artean aspaldi dauden tirabirak sakondu ditu.

Izan ere, Lucariniren eskultura kendu baino urtebete lehenago, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak  (EHAEO) obra horren kontrako demanda bat aurkeztu zuen, epaitegian. Arkitektoen elkargoak salatu du hiriko fatxaden isolamendu termikoa egiteko obra batzuetan Eraikuntza Antolatzeko Legea urratzen ari dela, eta Gasteizko Udala baimena ematen ari dela obra horiek proiektu arkitektonikorik gabe egiteko.

Epaiketa bidean

Santiago kaleko 55-59 zenbakiko etxe-orratzaren salaketa Euskal Herriko arkitektoen elkargoak jarritako lehena da. Jatorrizko zeramika gorri distiratsuko fatxada eta Lucariniren eskultura estaldura gris batekin ordezkatu izana salatu zuten, jakin gabe eskultura jada zabortegian zegoela. Udalak errekurtsoa aurkeztu zuen, elkargoaren demanda gelditzeko, baina epaitegiak atzera bota du. Beraz, auzia epaiketa bidez ebatziko da, jazotako gertakari berriak kontuan hartuta.

Txikizioaren egile Zaymo enpresak, bere aldetik, jakinarazi du eskultura oso egoera txarrean zegoela, eta, hain zuzen ere, fatxadan esku hartzen hasi zirenean, eskulturaren zati bat erori egin zela. Gainerakoa, txikitu egin zutela esan du, eta zabortegira eraman zutela. Enpresak esan du ez zutela eskultura gordetzeko jarraibiderik, eta obra memorian eta emandako lizentzian oinarrituta egin dutela lan.

Goya eta Principal

Santiago etorbideko eraikinaren ingurukoa enegarren polemika da, eta alkatearen eta arkitektoen arteko desadostasunak gero eta sakonagoak dira. Izan ere, arkitektoen elkargoak Principal antzokian eta Goya gasolindegian jarraitu diren prozedura administratiboak ere gogor salatu ditu.

Gasteizko Udalaren "kaskarkeria" salatu dute arkitektoek. "Gasteizen ez dago kalitatezko arkitekturaren aldeko apusturik", ziurtatu du Jimena Ruiz de Landa Arabako EHAEOko presidenteak. "Ondarea eta hiria zaintzeko interes falta dago", baieztatu du Alberto Garcia-Yela Arabako EHAEOko kideak. Halaber, talentua eta arkitektura ondarea galtzea leporatu diote udalari.

Ironiaz hitz egin du Garcia-Yelak Principal antzokia eraberritzeko proiektuari buruz. Enpresa bakarra aurkeztu da lehiaketara, eta, "kasualitatez", udalak aurreproiektua esleitu zion ingeniaritza da: "Ustekabea izan da Idom bakarrik aurkeztea", esan du ironiaz. Gainera, Ruiz de Landaren esanetan, "zerbait arraroa izan da, kontratazio-plataforman hutsik agertzen baitzen lizitazioa".

Goya gasolindegia eraberritzeko lanen inguruan ere kexu dira hiriko arkitektoak, tokiko arkitektoei sarbide librea mugatzen dielako, industria-ondarean esperientzia izatea eskatzen duelako.  Eskakizun horrek "nolabaiteko joera" iradokitzen duela uste dute, "enpresa jakin batzuei lehiaketara aurkez daitezen errazteko".

Udalaren hirigintza kudeaketaren inguruan egin diren kritika horien aurrean hitz egin du, azken hilabetean, Gorka Urtaran alkateak. Arkitektoen elkargoko kideak "egun osoa haserre" daudela deitoratu du. Halaber, elkargoko kide batzuen "leialtasun eta edukazio" falta kritikatu ditu, eta polemikan ez sartzea erabaki duela esan du, "distentsioan" laguntzeko asmoz. Halere, gauzak ez dira baretu. 

Erlazionatuak

Inor ez omen da profeta bere herrian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022 uzt 15 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago