Jatorri italiarra zuen, Fontechan, 1905. urtean, jaiotako eskultoreak; eta jaioterri bera zuen beste arabar ospetsu batek, Jose Mardones opera abeslariak, nahiz eta azken hau 37 urte lehenago jaio. Lucarini eta Mardones artean harremana ote zegoen ez da inon jaso, baina logikoa litzateke herri txiki berdinean sorkuntzaren eta kulturaren munduan murgildutako bi familien arteko harremana estua izatea.
Izan ere, familiatik zetorkion Joaquin Lucariniri zaletasuna; bere aita, Angel Lucarini Puliti Italiatik erbesteratu eta Gasteizko katedral berrian lan egin zuen. Ama Casilda Makazaga zuen, jatorri nafarreko arabarra. Fontechatik Bilbora joan zen bizitzera familia, eta hogeiko hamarkadan zehar sari ugari lortu zituen Lucarinik margoan zein eskulturan, eta hainbat erakusketetan parte hartu zuen. Gainera, Araban, Bizkaian eta Madrilen oso kritika onak jaso zituen aurkeztutako lehen obrekin.
Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bidaia batzuk ere egin zituen Paris, Amsterdam, Florentzia eta Erromara, Espainiako Gerra hasi arte. Bere militantzia errepublikanoagatik espetxeratu egin zuten, eta bi heriotz-zigor ezarri zizkioten, nahiz eta onik ateratzea lortu zuen. Orduan, enkarguzko lanak egiten hasi zen, eta egun Lucariniren dozenaka eskultura daude Euskal Herriko hiriburuetan. 1969an hil zen, Burgosen.