Pantaila eta oholtza prest aurtengo Korterrazari hasiera emateko

Erredakzioa 2022ko uzt. 6a, 14:20
Korterrazaren aurreko edizio bat, Artium Museoan. / Argazkia: KORTERRAZA

Bihartik aurrera, uztailaren 7tik 9ra bitartean, Korterraza jaialdiak 42 film labur eta Eli Paperboy Reed, Arenna, German Salto, Rambalaya, Niña Coyote eta Chico Tornado eta MICEren kontzertuak eskainiko ditu Artium Museoan.

Badator berriz ere Korterraza, Arabako bazterrak azken urteko film labur onenekin zinemaz blaitzeko. Uda honetakoa XIII. edizioa izango da Gasteizen, uztailaren 7tik 9ra bitartean Artium Museoan. Duela aste gutxi batzuk ezagutu genuen Eli Paperboy Reed, Arenna eta German Saltok osatuko dutela eskaintza musikala, Rambalaya, Niña Coyote eta Chico Tornado eta MICErekin batera.

42 film labur

Guztira aire zabalean gozatu ahal izango diren 42 film labur hautatu ditu Kultura Kalean elkarteak aurtengo ediziorako, jasotako 987 lanetatik. Aukeratutako filmak bost ataletan banatu dituzte: Sail Ofiziala, Erakusketa, Komedia, Txiki eta Sensibiliza. Askotariko saioak izango dira, komediatik suspensera, eta dramatik animaziora.

Arabako zinemagintza

Ohikoa denez, Gasteizko jaialdiaren hiru egunetako bat Arabako Film Laburraren Eguna izango da, lurraldeko sortzaileen talentuaren erakusleiho gisa, sei film laburrekin: The Parrot, Juanma Bajo Ulloa zinemagile arabar handiaren azken lana; Parlez-vous?, Aitor De Kintana zuzendariaren komedia dibertigarria; Vatios, David Perez Sañudoren kirol drama; Tula, Beatriz De Silva gaztearen istorio dibertigarri eta hunkigarria; N-666, Imanol Ortiz Lopezen terrorezko proposamena; Kinka, konfinamenduari buruz Maider Oleagak egindako drama. Azkenik, lehiaketatik kanpo, El fiestón izango da, Gorka Aginagalde eta Xabi Vitoriaren komedia lizuna.

12x8 metroko pantaila prest proiekzio gunean, Artium Museoaren barneko plazan. / Argazkia: KORTERRAZA

 

Euskara Saria

Antolatzaileek banatuko dituzten hamar sarietako lehena ezagutarazi dute dagoeneko: Aitor Gametxoren Berak baleki lanak Bertako Igogailuak - Euskera Saria irabazi du, euskaraz egindako film laburrik onenaren saria, alegia. Martinen istorioari heltzen dio filmak; lan egiten duen platoa ilusioz betetzen duen gizona da, baina bere bizitza pertsonalean hutsune handia sentitzen du. Sari ekonomikoaz gain, lehiaketaren atal ofizialerako hautaketa lortu du Gametxok.

Aurtengo edizioan, gainera, euskarazko beste bi lan izango dira lehiaketan: Trumoiak (Iker Maguregi) eta Vatios (David Perez Sañudo).

Epaimahaia: Urkijo, Baglietto eta Lamo

Azkenik, Sail Ofizialeko zein Komedia ataleko irabazleak hautatuko dituen epaimahaia osatuko duten hiru lagunen izenak ezagutarazi dituzte: Paul Urkijo zinemagile gasteiztarra, Errementari filmaren ostean orain Irati bere bigarren film luzea amaitzen ari dena; Ylenia Baglietto, García y García, La pequeña Suiza, Acacias 38 eta Erresuma/Kingdom/Reino lanekin zineman, telebistan eta antzerkian esperientzia zabala duen Eibarko aktorea; eta Edorta Lamo, Kanpezuko Arrea! jatetxeko sukaldari arabarra eta duela gutxi Euskadiko sukaldaririk onena hautatutakoa.

Korterraza Araban zehar

Gasteizko Artium Museoan antolatutako zinema eta musika eskaintzaz gain, Korterraza Arabaren VIII. edizioak 42 proiekzio antolatuko ditu lurraldeko 38 herritan, uztailaren 2tik irailaren 2ra bitartean: Langarika, Zurbao, Agurain, Burgelu, Aramaio, Dulantzi, Agurain, Artziniega, Okondo, Trebiñu, Ondategi, Araia, Leziñana, Legutio, Izarra, Oroko Santutegia, Estavillo, Argantzon, Gurendes, Maeztu, Urizaharra, Durruma, Ozio, Lanteno, Bastida, Berantevilla, Gesaltza Añana, Zuhatzu Kuartango, Etura, Uribarri Jauregi, Bastida, Gebara, Corro, Narbaxa, Larrazubi, Zabalate, Markiz eta Erentxun. Arabako egutegi osoa Korterrazaren webgune ofizialean kontsulta daiteke.

Jaialdiaren antolatzaileek lau hautapen egin dituzte herriek aukera zezaten: Super Selekzioa, Komedia, Txiki eta Mix. "Arabako publikoaren aldetik harrera oso ona duten saioak dira. Jaialdia oso finkatua dago lurraldean, eta ikusle oinarri fidela du, uda bakoitzean oso ondo pasatzen baitu film laburrekin", nabarmendu du jaialdiaren zuzendari Xabi Vitoriak.

Gai sozialak eta haurrak

Horrez gain, Gasteizko programazioa abuztuaren amaieran osatuko da: abuztuaren 25ean, 21:15etik aurrera Artium Museoan, gai sozialei buruzko film laburretan zentratutako Korterraza Sensibiliza atalarekin; eta irailaren 1ean, Lakuako Zumaia plazan, Korterraza Txiki haurrentzako proposamenarekin (19:15etik aurrera ipun kontalaria, eta 20:45etik aurrera proiekzioak).

SAIL OFIZIALA:

  • Majed and the librarian, Esfandiar Haji eta Shahriar Ghatre
  • Ellie, Fernando Bonelli
  • Mañana volveré, Hugo de la Riva
  • Mesa para 3, Álvaro G. Company eta Meka Ribera
  • Cemento y acero, Oriol Villar
  • The Parrot, Juanma Bajo Ulloa
  • No me da la vida, Alauda Ruiz de Azua
  • No te verán correr, Miguel Casanova
  • La nadadora, Maria Algora
  • La banyera, Sergi Marti
  • Tula, Bea De Silva
  • Berak Baleki, Aitor Gametxo
  • El fiestón, Gorka Aguinagalde eta Xabi Vitoria (lehiaketatik kanpo)

ERAKUSKETA:

  • Parlez-vous?, Aitor De Kintana
  • N-666, Imanol Ortiz Lopez
  • For Pete’s Sake, Gerald B. Fillmore
  • Trumoiak, Iker Maguregi
  • Vatios, David Perez Sañudo
  • Una noche en el Cósmico, Luis del Val eta Diego Herrero

KOMEDIA:

  • Cristiano, Adan Pichardo
  • Kellys, Javier Fesser
  • Oxitocina, Lucia Valderde
  • Magia negra, Almudena Vazquez
  • The Parrot, Juanma Bajo Ulloa
  • No me da la vida, Alauda Ruiz de Azua
  • Tula, Bea De Silva
  • Cemento y acero, Oriol Villar

KORTERRAZA TXIKI:

  • Chase, Jorge San Martin
  • Hold up, Alice Bauer, Eddie Juge, Lola Tedeschi, Lucie Dias Da Costa, Florian Lanzalotta, Perrine Phelizon, Lucie Thomas eta Anne-Lise Darcis
  • Roberto, Carmen Cordoba Gonzalez
  • Barakafrite, Gabriel Vidal, Sarah Chebbi, Hanna Zitoun, William Trameaux, Ninon Rodriguez, Jeremy Fache, Jeanne Floch eta Lina Sarre
  • L´Article de L´Amour, Matteo Martinez
  • Match point, Nicolas Roldan
  • Operation Tigerpool, Corentin Balthazard, Hans Vrignault, Rayan Bakri, Antoine Joly, Alessio Ballerini, Louis Clairefond eta Hong Hoa Doan Ngoc
  • Ice Pepper, Alicia Journet, Maïlly Boulin, Soizic Lefeuvre, Clement Malargé, Guillaume Escots eta Eddy Martinez
  • Majed and the librarian, Esfandiar Haji eta Shahriar Ghatre

SENSIBILIZA:

  • Bajo interior derecha, Martin Ortiz
  • Cristina (Esperanza contra Esperanza), Alejandro Zumaquero
  • Lo peor que podría pasar, Elena Tara
  • Merry Big Mess, Sacha Gosselin, Ambre Bohin, Timothe Ballan, Amaury Emond, Hugo Joron, Arthur Morle, Antoine Tomasi eta Clemence Van Gout
  • Camerieri, Adriano Giotti
  • Kinka, Maider Oleaga
  • La magua del ausente, Cecilia Gessa
  • Suelta, Javier Pereira
  • At last, Jose Vega

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide