Korterrazan izango dira Eli 'Paperboy' Reed, Arenna eta German Salto

Ezkerrean, German Salto eta Arenna; eskuinean, Eli Paperboy Reed. / ALEA

Uztailaren 7tik 9ra bitartean Artium Museora itzuliko da Korterraza. Eli Paperboy Reed, Arenna eta German Saltok osatuko dute eskaintza musikala, Rambalaya, Niña Coyote eta Chico Tornado eta MICErekin batera.

Uztailaren 7an, 8an, eta 9an, Korterraza Gasteiz jaialdiaren XIII. edizioa ospatuko da Artium Museoan, doako proiekzio eta kontzertu irekiekin. Rambalaya, Niña Coyote eta Chico Tornado eta MICEren kontzertuak iragarri ostean, beste hiru kontzertu baieztatu dituzte gaur, jaialdiaren behin betiko eskaintza musikala ixteko.

Plater nagusi gisa, Gasteizko film laburren eta musikaren aire zabaleko jaialdiak Eli Paperboy Reed and The Harlem Gospel Travelers taldearekin kontatuko du larunbatean, hilaren 9an. 20:00etatik aurrera, soul, gospel eta rhythm and blues musika izango da protagonista, Eli Paperboy Reed soul abeslari eta gitarrista ezagunaren eskutik; bere bandak lagunduta, eta The Harlem Gospel Travelers taldearen ahotsekin. Bostongo soulmanak maiatzean kaleratu du bere azken diskoa, Down every road.

Larunbatean ere, 18:30etik aurrera, hain ezaguna ez den baina hiru diskorekin kritika musikala liluratu duen proposamen bat ezagutzeko aukera izango du publikoak: German Salto. Musikari madrildarra Morgan bezalako taldeekin aritu da, eta Germán Salto bere azken diskoko abestiak joko ditu; besteak beste, Alberto Anaut abeslari eta gitarrista berarekin izango da oholtza gainean.

Hirugarren eta azken iragarpena bertako talde bat da: Arenna. Izan ere, stoner rock talde arabarrak inauguratuko du Korterraza uztailaren 7an, ostegunean, 18:30ean, Jonathan Herrero gasteiztarra buru duen Rambalaya Bartzelonako taldearekin oholtza partekatuz. Arenna 2005ean sortu zen, eta Frantzia, Alemania eta Italia bezalako herrialdeetan aritu da, baita Azkena Rock Festival eta Madrid Stoner Fest bezalako jaialdietan ere.

Ostiraleko kartela, berriz, dagoeneko iragarritako bi taldeek osatuko dute: Miren Narbaizak 2017an abiatutako proiektua, MICE, 18:30ean seikote formatuan; eta Niña Coyote eta Chico Tornado, Ursula Strong eta Koldo Soretek osatutako bikotea, 20:00etan, beren rock gogor eta boteretsua eskainiz, eta martxoan argitaratutako NCCT vs. DCÑA diskoa aurkeztuz.

Mila film labur

Sei kontzertu horiez gain, zinemari dagokionez, film laburren bost emanaldi eskainiko ditu Korterrazak, guztiak doan eta sarrera librearekin.

Jaialdiak ia 1.000 film labur jaso ditu, eta Kultura Kalean elkarteko kideak horiek aztertu eta aukeratzeko prozesuan murgilduta daude une honetan. Ekainaren amaieran ezagutaraziko dute hautaketa: 40 bat film laburrek osatuko dute behin betiko eskaintza, hiru egunetan zehar Sail Ofizialean, Erakusketa Sailean eta Komedia atalean banatuta.

Abuztuaren amaieran, berriz, izaera sozialeko lanak ardatz dituen Korterraza Sensibiliza proiektatuko da, eta irailaren hasieran haurrek protagonismoa hartuko dute Korterraza Txiki saioarekin, Zumaia plazan; aurten, gainera, zinemaren historiari buruzko ipuin kontalari bat izango da txikientzako saioan, Arantza Cordero kontalariak bereziki sortutakoa.

Erlazionatuak

Uztailaren 7tik 9ra bitartean Artium Museora itzuliko da Korterraza

Gasteiz

Uztailaren 7an, 8an, eta 9an, Korterraza Gasteiz jaialdiaren 13. edizioa ospatuko da Artium Museoan, doako proiekzio eta kontzertu irekiekin. Orain...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide