Uztailaren 7tik 9ra bitartean Artium Museora itzuliko da Korterraza

Erredakzioa 2022ko mai. 18a, 14:13
Korterrazaren pandemia aurreko edizio bat, Artium Museoan. / Argazkia: KORTERRAZA

Uztailaren 7an, 8an, eta 9an, Korterraza Gasteiz jaialdiaren 13. edizioa ospatuko da Artium Museoan, doako proiekzio eta kontzertu irekiekin. Oraingoz, Rambalaya, Niña Coyote eta Chico Tornado eta MICEren kontzertuak baieztatu dituzte.

Kultur ekitaldi gehienak bezala, Korterraza Gasteiz normaltasunera itzuliko da aurtengo edizioan, pandemiak markatutako bi urteren ostean. Gasteizko film laburren eta musikaren aire zabaleko jaialdiak 2014tik bere ohiko egoitza izandakoa berreskuratuko du, Artium Museoaren barneko plaza. 2020an Iparraldeko Parkean egin zuten, eta 2021ean Iradier Arenan.

Uztailaren 7, 8 eta 9an, jaialdiak film laburren hiru saio dibertigarri eta sei kontzertu indartsu eskainiko ditu. Hori guztia pandemiaren aurretik bezala: dohainik eta herritar guztientzat zabalik. Xabi Vitoria buru duen Kultura Kalean! elkartearen eskutik, eta Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza, Laboral Kutxa eta Eleyco Taldea, Bertako Igogailuak, Keler eta El Correo bezalako enpresen babesarekin.

Azken urteko film labur onenak hautatzeko lehen urrats gisa, izena emateko epea joan den otsailean ireki zen eta maiatzaren 20ra arte egongo da zabalik. "1.000 film labur inguru jasotzea espero dugu, beraz, kalitatea ziurtatuta dago. Ikusleak dibertitu egingo dira barreak, suspensea, drama eta hausnarketa nahastuko dituzten proiekzioekin", adierazi du Xabi Vitoriak.

Aurtengo edizioko sarietan 8.000 euro inguru banatuko dituzte: hautaketa eta ikusle kopuruan oinarritutako sariak, epaimahaiaren sariak eta publikoaren sariak izango dira, besteak beste.

Uztaileko jaialdia osatzeko, abuztuan Korterraza Sensibiliza egitasmoko proiekzioak izango dira, eta irailaren hasieran, berriz, Korterraza Txiki ospatuko da.

Gainera, jaialdia "sexismorik, homofobiarik, transfobiarik eta edozein jokabide zapaltzailerik gabeko ekitaldia" izango da. Horrekin batera, ingurumenari dagokionez, ekitaldi jasangarri gisa Erronka Garbia ziurtagiria laugarren urtez jarraian izango du jaialdiak.

Sei kontzertu

Eskaintza zinematografikoaz gain Korterraza jaialdia ezaugarritzen duen eskaintza musikalari dagokionez, doako sei kontzertu ireki izango dira hiru egunetan. Dagoeneko, Rambalaya (uztailaren 7an), Niña Coyote eta Chico Tornado eta MICEren (biak uztailaren 8an) kontzertuak baieztatu dituzte, eta azken egunerako, uztailaren 9rako, "nazioarteko kontzertu indartsu bat" lortzeko lanean ari direla aurreratu dute jaialdiaren antolatzaileek.

Korterraza Artium Museoaren erakusketa beharretara egokitzeko, agertokia barruko plazaren albo batean jarriko da (Esperantza kalearekiko paraleloan dagoena, Vicente Larrearen Broca Kenkenes obraren aldean). Film laburren emanaldiek ohiko espazioa mantenduko dute, museoaren eraikin nagusirako sarbide den barruko plazaren jaitsierako aldapan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide