Biokibank

Semen-emaile perfektuen bila

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko uzt. 1a, 06:00

Emaileen semen eta odolaren ehunka analisi egin behar dituzte, laginen balioa bermatzeko. E.U.

Antzutasunaren tratamenduen paradisuan, bigarren semen-banku handiena da Biokibank. Gasteizko laborategiaren instalazioak ezagutu ditu ALEAk, Enrique Okiñena gerentearen eskutik. Emaileen bila, Donostiara eta Bilbora zabaltzeko asmoa da bankuaren hurrengo urteetako erronka.

Bezeroen zerrendan, Espainiako eta Europako antzutasun klinika asko eta asko dituzte. Munduan, Espainia da antzutasun tratamendu gehien egiten dituen estatua, Japon eta AEBrekin batera, eta Gasteizko Biokibank da estatuko bigarren semen-banku handiena. Urtean, lau mila eta bost mila lagin artean saltzen dituzte. "Nik barre egiten dut, baina egia da euskaldunok Europa kolonizatzen ari garela, bidaiatu gabe euskaldunen genetika guztia zabaltzen ari gara Europa osoan". Gainera, ez dute nolanahiko hazia esportatzen. Hamar hautagaietatik bat bakarrik izango da semen-emailea: "Ez direnak sartzen osasuntsu daude, ez pentsa, baina ez dute maila nahikoa ematen". Hilabeteko prozesuaren ostean, oso gutxik lortzen dute "Eusko Label zigilua". Horregatik, hain zuzen, hautagaien kopurua gero eta handiagoa behar dute, antzutasun arazoak dituzten bikoteen eta norbanakoen eskaera asetzeko.

"Bidaiatu gabe, euskaldunen genetika guztia zabaltzen ari gara europa osoan"

Guztira, 330 antzutasun klinika daude Espainiako estatuan, eta munduko bi klinika kate handienak ere bertakoak dira. Europan, bigarrena da Frantzia, 160 klinikarekin, hirugarrena Alemania da, 80 klinikarekin, eta gainerako guztiak 50 baino gutxiago dituzte. "Antzutasunaren inguruan, ezagutza handiena duen herrian gaude", baieztatu du Biokibank-eko gerente Enrique Okiñenak. Arrazoiak? Bi. Batetik oso legedi zabala dagoela, eta antzutasun tratamendu ia guztiak –haurdunaldi subrogatua izan ezik– egiteko aukera dagoela. "Duela gutxira arte, esate baterako, Italian semen donazioa debekatuta zegoen; hemen, oso barneratuta dugu gai hau, baina duela urtebete lesbiana bikote batek debekatua zuen umea izatea Frantzian", azaldu du Okiñenak.

Euskal hazia merkaturatzen duen bankuaren arrakastaren atzean daude, halere, osasun zerbitzua eta prezioa. Biokibank-eko arduradunak nabarmendu duenez, prestakuntza handia dago, eta enpresa sare handia. "Eta oso prezio merkeak ditugu Espainian, Europako merkeenak. Antzutasun tratamendu batek sei mila euroko kostua izan dezake Espainian, eta AEBetan, berriz, 16.000ko kostua du, edo 10.000 euro Alemanian". Horregatik ere "osasun turismoa" egiten dute emakume askok. "Morena eta haurdun joan zaitezke", esan du Okiñenak.

Intseminazioa, klik batean

Merkeago eta errazago, klik batean, esperma erosi eta etxean intseminatzeko aukera ere ematen dute Europako zenbait klinikek. Alta, Espainiako estatuan debekatuta dago hori, eta haziak antzutasun klinikei soilik saldu ahal dizkiote semen bankuek. Gainera, internet bidezko salmenta horren arriskuaz ohartarazi du Okiñenak. "Merkantilismo hutsa da, eta nire ustez, lehenetsi behar dena ikuspuntu sanitarioa da. Espainiako estatuan, legea oso ondo dago, kontrol zorrotza dagoelako. Tratamendu guztiak egiten uzten ditu, baina kontrol zorrotza dago, eta horrela saihesten duzu  internet bidezko semen laginen salmenta. Oso praktika arriskutsua da, ez dakizu gaixotasun bat transmitituko dizun, ez dakizu genetikoki lagina osasuntsu dagoen; ni ez nintzateke ausartuko, baina, bai, merkatu beltza dago".

"Zenbait herritan 'book' bat erakusten diete bikoteei, emaileen ezaugarriekin"

Ehuneko ehunean baliozko semen osasuntsua lortzea ez da gauza erraza. Lehenik eta behin, hautagaien eta emaileen anonimotasuna bermatu behar du bankuak. Emaile bakoitzak Biokibank-en uzten duen semen lagin bakoitzarekin bi eta hamar pakete artean lortu daitezke, eta bakoitzak ume bat sor dezake. Legearen arabera, banaezinezko matrikula bat du lagin bakoitzak, anonimoa da, eta estatu mailako erregistro batean sartu behar da. "Osasun ikuspuntu batetik, edozein arazo genetiko sortuko balitz  hemendik bi, bost edo hamar urtera, lagin hori nondik etorri den jakingo genuke, eta zenbat ume egon daitezkeen kutsatuak". Bestela, jarraitu ezina da lagin hori. "Gu gara horren bermea. Hautagaia klinikan sartzen denetik zenbaki bat du, anonimoa da".

Hautaketa prozesu zorrotza

Bestalde, hautagia izatetik semen-emailea izatera pasatzeko prozedura oso zorrotza jarraitzen dute, eta hamar hautagaietatik bat bakarrik izango da semen-emailea. Hautagaia izateko 18 eta 30 urte artekoa izan behar da, eta hainbat froga egin behar zaizkio. Lehen froga semen lagina jasotzea eta aztertzea da. "Batez besteko kalitate mailaren oso gainetik egon behar da. Hor asko erortzen dira". Bigarren froga psikologikoa da, emailearen osasun mentala bermatzeko. Ondoren, semen lagin hori izoztu eta desizoztu behar dute, nola erantzuten duen ikusteko. "Kontuan hartu behar dugu espermatozoideak zero azpitik 197 gradutan izozten direla; oso ona izan daiteke, baina izoztu eta desizoztu egiten badugu eta denak hiltzen badira, ez du balio". Azkenik, odol analisiak egiten dizkiote sexu transmisioko gaixotasunak edo beste gaitz kutsakorrak baztertzeko. "Hepatitisa adibidez, diabetesa, arazo genetikoak, minbizia izateko joerak… Guztira, 1.500 gen baino gehiago aztertzen dira. Semen-emaile perfektua nahi dugu. Ez direnak sartzen osasuntsu daude, ez pentsa, baina ez dute maila nahikoa ematen". Hilabeteko prozesuaren ostean, "superman dira, oso gutxik lortzen dute zigilu hori", esan du Okiñenak.

Eskaintza urria denez, semen-emaileen behar handia dute klinikek, eta aniztasuna bilatzen dute. "Klinikek eskatzen dizkigute lagin asko, eta ez gara gai behar dituzten guztiak saltzeko, lehengaia behar dugu. Odol talde desberdinetakoak behar ditugu, eta fenotipo desberdinak, aniztasun handia behar da: ilearen kolorea, azalaren mota, begien koloreak… eta konbinazio desberdinak".

Dituzten semen-emaileak, astean behin edo askoz jota birritan hurbiltzen dira donazioa egitera, eta joaten diren bakoitzean 50 euro ematen dizkiete, ordainez."Espainiako legediaren arabera, donazioa boluntarioa eta altruista izan behar da; ikasle bati, agian ordain ekonomikoa ondo etorriko zaio, baina emaile gehienek beste arrazoi batengatik etortzen dira". Asko eta asko antzutasun arazoak dituzten lagunak edo senideak ezagutzen dituztelako, eta lagundu nahi dutelako. "Hemen, lehen mailako kirolariak izan ditugu. Zertarako behar dute dirua? Oso atsegina da besteei umeak izaten laguntzea, bizitzaren zikloa ari gara laguntzen", azpimarratu du doktoreak.

Sei ume, emaile bakoitzeko

Emaile bakoitzak nahi dituen donazioak egin ditzake, betiere, Espainia barruan, sei umeen muga gainditzen ez duen bitartean; baina izan daiteke beste hamabi Frantzian edo hogeita bost Danimarkan. "Estatistikek diote semen-emaile batek 120 ume izatea izan behar dela muga, odolkidetasun arazoak ekiditeko, baina Espainian legeak dio sei direla. Muga horren helburua osasuna da, saihestu behar da semen-emaile batek mila edo bi mila laginekin umeak izatea, eta adibidez, Burgos batean emaile berdinaren berrogeita hamar ume egotea. Estatu bakoitzak bere mugak jartzen ditu".

Semen laginak zero azpitik 197 gradutan gordetzen dira; 25 urtez kontserbatu daitezke espermatozoideak

Berdin gertatzen da semen-emailearen ezaugarriak aukeratzeko. Herrialde bakoitzak mugatzen du prozedura. Hala, Espainiako legearen arabera, antzutasun klinika batera jotzen duen emakumearen edo bikotearen fenotipoaren antzeko lagina bilatu behar du ginekologoak, ume hori ondo egokitzeko bere testuinguruan, baina pazienteak ezin ditu umearen ezaugarriak aukeratu. "Halere, zenbait herritan hori onartuta dago, are gehiago, Errusian, adibidez, book bat erakusten diete bikoteei, semen-emaileen argazkiekin eta ezaugarriekin".

Erloju biologikoa dantzan

Ugalkortasun tratamenduen eskaera gero eta handiagoa da Europa osoan. Espainiako estatuan, Okiñenak emandako datuen arabera, jaiotzen diren ehun umetik bederatzi antzutasun klinika batetik datoz, alegia eskola bateko gela batean, 40 umetik lau antzutasun klinika batetik datoz."Duela 120 urte, Europan, bizi itxaropenaren batez bestekoa 40 urtekoa zen, baina gaur egun 90 urtera arte ere osasuntsu iritsi gaitezke. Zertarako izango dut ume bat 20 urterekin, beste 80 urte geratzen baldin bazaizkit? Bada, bizi itxaropena asko luzatu da, baina genetikoki prestatuta gaude umeak 15, 16 edo 17 urterekin izateko". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago