Elkarrekinek HAPOren inguruko akordioa eten du, hegoaldeko saihesbideagatik

Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 11:30

2021eko akordioak, besteak beste, hiria hedatzen jarraitzea baztertzen zuen. / GOOGLE EARTH

HAPOren inguruan Urtaranekin zuen akordioa bertan behera utzi du Elkarrekin taldeak, udal gobernuak saihesbidea hegoaldetik egiteari uko egiten ez diolako. "Hiriaren hedapena geldiarazteko egin genuen akordioaren aurkakoa da", kritikatu du Oscar Fernandezek.

Elkarrekin udal taldearen ustez, Gasteizko udal gobernuak (EAJ-PSE) hiriaren hegoaldean trafikoaren arazoak konpontzeko "alternatiben azterketarekin" jarraitzeak errepide berri bat egiteko erabakia ekarriko du "nahi eta nahi ez". "Non eta hirian natur baliorik handienetakoa duen eremuan, eta hori guztiz antagonikoa da hiri araudi berri baterantz egiteko filosofiarekin", kritikatu du Oscar Fernandez zinegotziak.

Hortaz, HAPOren Irizpideen eta Helburuen agiriaren inguruan Urtaranen gobernuarekin egindako akordioa etetea erabaki du Podemos, IU, eta EQUO Berdeak barnebiltzen dituen Elkarrekin taldeak. Hala jakinarazi du Fernandezek gaur goizean eskainitako prentsaurreko batean.

"Gobernuak asmo argiak ditu: ez dio uko egingo hegoaldean bide berri bat egiteari, eta hori ez dator bat itundu genuenarekin. Agiriaren zutabeak puskatzen ditu. Kontua ez da guk planteatzen genuen mugikortasun iraunkorraren aurka doala, baizik eta hiriaren hedapena geldiarazteko egin genuen akordioaren aurkakoa dela", azaldu du Elkarrekin taldeko bozeramaileak.

Bere garaian, duela urtebete, Elkarrekinek hogei zuzenketa baino gehiago txertatu zituen akordioan, besteak beste, etxebizitzarako sarbidea errazteko, errehabilitazio integralean eragiteko, teilatuetan eta estalpeetan energia berriztagarriak sustatzeko eta udalerriaren landa eremua babesteko proposamen zehatzekin. "Horiek ere ez dira espero genuen bezainbeste garatu, eta hori ere bada motibo bat hitzarmena eteteko", azpimarratu du Fernandezek.

Egoera berri honen aurrean, udal gobernu taldeak hutsetik hasi eta akordio berriak bilatu beharko ditu oposizioarekin, HAPOren proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago