Azken asteetan erdietsitako akordioaren ostean, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazteko oinarri izango den irizpide eta helburuen dokumentua onetsi dute gaur EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos udal taldeek, Gasteizko Udaleko Lurralde Batzordean. Datozen hilabeteetan, osoko bilkurak hainbat ponentziatan eztabaidatuko ditu helburu horiek, HAPO berria onartu artean.
Dokumentuan Gasteizko etorkizunerako hirigintza ereduaren oinarriak zehaztu dituzte, 2030 Agendaren eta garapen iraunkorreko helburuen ildotik: "Urbanizatu gabeko lurzorua zaintzea, finkatutako auzoak biziberritzea, herriak babestea, oreka ekonomikoa eta osasuna zein ingurumen kalitatea hobetzea"; izan ere, ardatz horien inguruan osatuko da HAPO berria, 2006az geroztik eguneratu gabe izan ostean.
Sei helburu estrategiko
Dokumentuak sei helburu estrategiko garatu ahal izateko irizpideak eta helburuak zehaztu ditu:
- Hiri trinkoa, konplexua eta kohesionatua. Hiria trinkotzearen eta birdentsifikatzearen aldeko apustua egiten da, indarrean dagoen HAPOan aurreikusitako sektore edo eremu berriak "kolonizatzea" saihestuz.
- Landa ingurunea eta herriak bultzatu eta babestea. Besteak beste, herrietan garatu gabeko lurzoru urbanizagarriko sektoreak desklasifikatzea eta nekazaritza zein abeltzaintza jarduerari lotutako erabileren eta jardueren erregulazioari buruzko arauak berrikustea planteatu du Udalak.
- Natura, kultura eta paisaia ondareari balioa ematea. HAPO berriak lurzoru urbanizaezina planifikatuko du, eta kategorien araberako erabileren arautegia ezarriko du, honako hauek kontuan hartuta: naturagune babestuak (Natura 2000 Sarea, Ramsar); azpiegitura berdea eta urdina; ekosistemen zerbitzuak; paisaia kulturalak; mugikortasuna; baliabideen kudeaketa jasangarria; materialen eta energiaren zirkulazioa; landa-habitata eta kokaguneen sistema.
- Lurralde iraunkorra eta energiari dagokionez eraginkorra. Hiriko mugikortasuna berrantolatzea, ibilgailu pribatuen joan-etorriak murriztea planteatuz, garraio publikoa eta bitarteko alternatibo edo bigunak sustatuz.
- Lurraldearen oreka ekonomikoa. Lehen sektorea babestu, defendatu eta sustatzea eta hirugarren sektoreko jarduera erraztuko duten erabilerak nahastuko dituen hiria sortzea. Besteak beste, Gasteizko Aireportuaren eta Arabako Parke Teknologikoaren lurzoru-erreserba murriztuko da, eta Mercedesen balizko handitze baterako, egungo kokapenaren aprobetxamenduak berrikusiko dira, erabilera handiagoa ahalbidetzeko.
- Gasteiz, guztiona eta guztiontzat. Besteak beste, osasuna hobetzea, hiri inklusiboa eta genero diskriminaziorik gabekoa, ingurumen kalitatea hobetzea, kultura ondarearen balioa nabarmentzea eta berdintasunezko eta bidezko hiria lortzea izango dira HAPO berriaren helburuetako batzuk.
"Hiri trinko, konplexu eta kohesionatua"
Alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik nabarmendu duenez, hiri eredu berriak "hiri trinko, konplexu eta kohesionatu bat definitzen du, landa ingurunea bultzatu eta herriak babesten dituena, kultur, natura eta paisaia ondareari balioa ematen diona". Era berean, Udalak "hiri iraunkor eta energetikoki eraginkorra" lortu nahi du, "baliabideak eraginkortasunez kudeatzen dituena, emisioetan neutro izatea lortzeko, bere burua energiaz eta elikagaiz hornitzeko gai izateko".
Bestalde, jarduera ekonomikoa lehen sektorearen, hirugarren sektorearen eta industria jardueraren arteko "oreka koordinatua" bilatuko du Gasteizek eredu berriarekin. "Azken batean, Gasteizen bizi garenon bizi kalitatea hobetuko duen eredu bat, planeamenduaren irizpideei orientazio berria emanez eta eguneroko bizitza aberastuko duten dinamikak ahalbidetuz", azaldu du Ana Oregik.
Hiruko akordioa
Elkarrekin taldeak "eredu partekatuaren alde egin izana" eskertu du Oregik, "gure arteko diferentziak gorabehera". Halaber, EH Bildu eta PPri dei egin die hurrengo osoko bilkuran bat egin dezaten proposamenekin, eta babesa eman diezaioten "batzuek eta besteek aldezten ditugun politika urbanistiko, sozial, ekonomiko, enpresarial eta kulturalak gauzatzea ahalbidetzen duen tresna nagusiari".