Zaharraz Harro

Korda espazio autogestionatua sortu dute Gasteizko Alde Zaharrean

Erredakzioa 2022ko eka. 27a, 20:30
Pintore kaleko 51. zenbakia okupatu dute auzoko eragileek. / Argazkia: @AuzoanBizi

Zaharraz Harro, Auzoan Bizi eta Herrizomak Korda espazioa ireki dute Pintore kalean. "Alde Zaharreko herri egituren korda sortu da, autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa harilkatuko dituen auzoarentzako espazioa", iragarri dute.

Urteroko ohitura denez, Gasteizko Alde Zaharreko Zaharraz Harro jaien lehen egunarekin batera, auzoko espazio bat berreskuratu dute auzoko eragileek. Aurten, Zaharraz Harroko asanbladarekin batera, Auzoan Bizi etxebizitza sareak eta Herrizoma elikadura sareak antolatu dute Pintore kaleko 51. zenbakiaren okupazioa.

Korda izendatu dute espazio berria, eta sare sozialetan eman dute horren berri, txupinazoaren ostean: "Alde Zaharreko herri egituren Korda sortu da, autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa harilkatuko dituen auzoarentzako espazioa. Herrizoma elikadura sarea, Zaharraz Harro, Auzoan Bizi etxebizitza sarea eta behar material zein komunitarioak asetzera zein langile klasearen bizi baldintzak hobetzera bidean guztia aldatzeko asmoz antolatzen garen kolektiboak gara", azaldu dute.

"Pairatu ditugun krisien aitzakipean inposatu dizkiguten neurriek aurretik genuen errealitate gordina okertu besterik ez dute egin. Egun, etxebizitza batean bizitzeko eta elikatzeko lan indarra saldu behar izaten dugu, eta hala eginda ere ez dugu ezer bermatuta izaten. Atzerritartasun legeek lan egiteko aukera ukatzen digute, eta, ondorioz, babes legalik eta inolako bermerik gabeko lan esklaboetan aritu behar izaten gara. Inguruko pertsona zaurgarriak zaindu behar izaten ditugu maiz, eta, ondorioz, lan jardunaldi bikoitza egin behar izaten dugu. Bizitza soziala gero eta merkantilizatuago dagoen honetan, kapitalak, merkatu berrien konkistan, jaiak eta ospakizunak ere negozio bihurtu dituzte. Guzti honen ondorioz gosea, hotza, lehiakortasuna eta esplotazioa eguneroko ogia ditugu", gaineratu dute.

Herri egiturentzako espazioa

Hori guztia Alde Zaharrean "argi" ikusi dutela diote, "sistemak eta estatuak berezko dituzten utzikeria eta indarkeria anitzak" direla eta. "Egungo ofentsibaren" aurrean, auzotik "lehen erresistentzia" antolatu nahi izan dute. "Auzodefentsaz, autogestioaz eta elkarlaguntzaz, komunitate politikoa sortu eta amesten dugun etorkizuna gaurdanik martxan jarriko dugu", iragarri dute.

"Konponbide kolektiboen beharra agerian utzita, egungo errealitatea errotik aldatzeko eta sistema gainditzera bidean proposamen iraultzaileak sortzeko. Kapitalaren ala bizitzaren artean guk argi daukagu: kapitalismoaren aurka borrokatzen dugu bizitza defendatzeko. Horregatik guztiagatik auzokideok bildu, elkartasuna antolatu eta borrokatzeko espazio hau sortu da. Herri egiturak garatu eta indartzeko espazio propioaren beharra dugu. Auzoak herri egiturak behar ditu, eta, beraz, auzoak Korda behar du", adierazi dute plazaratutako irakurketan.

Egitaraua

Gainera, Zaharraz Harro jaien barruan, aste osoko egitaraua antolatu dute bertan, espazioari bizitza ematen hasteko:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide