Mendebaldea, Ekialdea eta Federico Baraibarrek jardunaldi jarraituari eutsi ahal izango diote

Erredakzioa 2022ko eka. 27a, 13:00
Mendebaldea BHI ikastetxeko sarrera. / Argazkia: Santiago Gonzalez

Hezkuntza Sailak goizeko ordutegi jarraitua mantentzeko proiektu alternatibo bat aurkezteko aukera emango die Hedatze programatik kanpo gelditu ziren Gasteizko hiru institutuei.

Duela bi aste, Gasteizko hiru institutuk salatu zuten Hedatze programatik kanpo geratuko zirela 2022/2023 ikasturtean, hainbat urteren ondoren jardunaldi zatitura itzuliz, eta eskolaz kanpoko jarduerak zein indartze eskolak galduz. Hiru ikastetxeetako hezkuntza komunitateen protesten ostean, joan den astean beren alegazioak atzera bota zituen Hezkuntza Sailak, baina formula berri bat eskaini die programaren bi elementu nagusiei eusteko.

Hedatze programaren ordez proiektu alternatibo bat aurkezteko aukera izango dute Mendebaldea, Ekialdea eta Federico Baraibar insitutuek, eskolaz kanpoko jarduerak —eta, praktikan, baita goizeko ordutegi jarraitua ere— mantendu ahal izateko.

Nolanahi ere, Hezkuntza Sailak proiektu alternatiboa onartzen badie ere, soilik ikasturte baterako izango litzateke. Oraingoz, Mendebaldeak eta Federico Baraibarrek beren eskaerak aurkeztu dituzte dagoeneko, eta erantzunaren zain daude.

Familien antolaketa "hankaz gora"

Ordutegi jarraiturik gabe gelditzeak "hankaz gora jarriko luke familien antolaketa, eskola-orduz kanpoko jarduerak eta ikasleen ikasketa denboraren plangintza", kritikatu zuen Mendebaldeako guraso elkarteak, ikastetxea Hedatze programatik kanpo gelditu zela jakin zutenean. "Oso larria iruditzen zaigu hain garrantzitsua den aldaketa hau egin nahi izatea ikasturtea amaitzeko astebete falta denean, eta Hezkuntza Saileko inork azaldu gabe hartutako erabakia eta halako aldaketa gogorraren arrazoiak".

Izan ere, erabakia hartzeko Hezkuntza Sailak emandako argudioa da institutuak zuzendaritza egonkorrik ez duela. Mendebaldea institutuko gurasoen ustez, egoera hori "irakasleen lan baldintzei" lotutako egoera bat da: "Hainbeste urtez institutuak zuzendaritza egonkorrik izan ez badu, Hezkuntza Sailak aztertu beharko luke horren zergatia eta irtenbidea bilatu. Baina egoera horrek ez du inolaz ere justifikatzen institutuko ikasle eta familientzat hain ondorio larriak dakartzan erabaki bat", salatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide