Mendebaldea, Ekialdea eta Federico Baraibar, jardunaldi jarraiturik gabe

Erredakzioa 2022ko eka. 14a, 08:30
Mendebaldea BHI ikastetxeko sarrera. / Argazkia: Santiago Gonzalez

Gutxienez Gasteizko hiru institutu Hedatze programatik kanpo geratuko dira, hainbat urteren ondoren jardunaldi zatitura itzuliz, eta eskolaz kanpoko jarduerak zein indartze eskolak galduz. Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatuko dira gaur.

Mendebaldea, Ekialdea eta Federico Baraibar institutuetako hezkuntza komunitateek mobilizazioei ekin diete, Hezkuntza Sailak 2022/2023 ikasturteko Hedatze programatik kanpo utzi dituelako.

Mendebaldea ikastetxearen kasuan, Etorkizun Alea Guraso Elkarteak azaldu duenez, zuzendaritza, klaustroa, ikasleak eta familiak, gehiengo oso zabalarekin, gaur egungo funtzionamenduarekin jarraitzearen alde agertu dira: funtsean, goizeko ordutegi jarraituaren eta arratsaldeetan errefortzu eta tailerretan oinarritutako funtzionamenduaren alde.

Baina, zer aldatuko litzateke Hedatze programatik kanpo gelditzen diren zentroetan? Lehenik eta behin, jardunaldi jarraituaren ordez jardunaldi zatitura itzultzea suposatuko luke, hainbat urteren ostean —zazpi urte Mendebaldearen kasuan, sei Ekialdean eta bederatzi Federico Baraibarren—.

Horrez gain, eskolaz kanpoko jarduerak eta indartze eskolak galduko lituzkete programatik kanpo geratzen diren ikastetxeek. "Jarduera horiek ezinbestekoak dira ikasle askorentzat eta beren seme-alabei ikasketekin laguntzeko beste aukera edo baliabiderik ez duten familientzat", azaldu dute gurasoek.

Mobilizazioa

"Horrek guztiz hankaz gora jarriko luke familien antolaketa, eskola-orduz kanpoko jarduerak eta ikasleen ikasketa denboraren plangintza", kritikatu du guraso elkarteak. "Oso larria iruditzen zaigu hain garrantzitsua den aldaketa hau egin nahi izatea ikasturtea amaitzeko astebete falta denean, eta Hezkuntza Saileko inork azaldu gabe hartutako erabakia eta halako aldaketa gogorraren arrazoiak".

Izan ere, erabakia hartzeko Hezkuntza Sailak emandako argudioa da institutuak zuzendaritza egonkorrik ez duela. Mendebaldea institutuko guraso elkartearen ustez, egoera hori "irakasleen lan baldintzei" lotutako egoera bat da: "Hainbeste urtez institutuak zuzendaritza egonkorrik izan ez badu, Hezkuntza Sailak aztertu beharko luke horren zergatia eta irtenbidea bilatu. Baina egoera horrek ez du inolaz ere justifikatzen institutuko ikasle eta familientzat hain ondorio larriak dakartzan erabaki bat", salatu dute.

Horregatik, Hedatze programatik kanpo gelditu diren hainbat institututako komunitateek elkarretaratzea deitu dute gaur, hilaren 14an, 14:20an Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Hezkuntza Sailari bere erabakia birplantea dezala exijitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide