Euskal literaturan ahalduntze feminista bat eman dela eta emakume idazleak erreferente bilakatzen ari direla azpimarratu du Gema Lasarte EHUko irakasleak (Errenteria, 1962). Feminismo literarioak lantzen dituen Sareinak taldeko kidea da Lasarte, eta, haren esanetan, euskal idazleek lortu dute "ez bakarrik ahalduntzea, baita ikusgarri egitea eta ahots propio bat izatea ere. Hain luma potenteak dira erreferentzia bihurtzen ari direla gizonentzat ere". Bada, ahalduntze prozesu hori aztertzeko eta etorkizunari nola heldu ikusteko asmoz, euskal literaturaren sistema osoaren parte diren idazleak, irakasleak, argitaratzaileak, irakurleak, eta literaturzaleak elkartuko ditu Sareinak taldeak uztailean. Luma ospetsuek parte hartuko dute gainera Literaturzale Feministen Topaketan, tartean Karmele Jaiok edo Laura Mintegik.
Literaturzale feministen topaketak antolatu dituzue uztailaren hasieran, Gasteizen. Zer helburuarekin?
Helburua da berrikustea zer egin den euskal literaturan ikuspuntu feminista batetik, zer egiten ari garen, eta batez ere bide orri bat markatzea, hau da, gerorako estrategiak markatzea edo zer izango litzatekeen interesantea markatzea, baina betiere kontuan izanik zer esperientzia dugun. Gainera, agente eragileekin egingo da, literaturari leku askotatik begiratuz; sektore desberdinak egongo dira, idazleak egongo dira, editoreak egongo dira, irakasleak, liburu saltzaileak, kazetariak… Eta gainera, begiratuko zaio leku diferenteetatik: antzerkitik, bertsolaritzatik, ilustraziotik, literatur kritikatik. Hori da helburua eta egingo den modua.
"Euskal literaturan lortu dugu ez bakarrik ahalduntzea, ahots propio bat izatea baizik"
Sareinak taldeak antolatu ditu topaketak. Zer da Sareinak?
Orain dela hamabost urte hasi zen lanean Sareinak taldea, emakumeen lanak ezagutzera ematen, gai deserosoak mahai gainean jartzen, eta hamabost urtean egon gara gauza desberdinak antolatzen. Azkeneko hiru urteetan erabaki genuen diagnosi bat egin behar zela, nolabait ere euskal literatura ikuspuntu feminista batetik aztertu behar genuela erabaki genuen, eta hasi ginen talde bat lanean; Covid-aren aurretik Katakrak liburutegian, Iruñean, biltzen ginen hamar bat lagun: editoreak, idazleak, irakasleak… eta hasi ginen prekarietateaz eta pixka bat egoera zein zen ikusten, eta Covid garaian ere online jarraitu genuen biltzen eta elikatzen. Egindako lau topaketa horietatik atera zen presentzialki eta modu zabalean jendea gonbidatzeko ideia. Topaketaren diseinuan ahalegindu gara belaunaldien arteko elkarlana, nazio kontzeptua eta literaturaren sistemaren eragile desberdinen begiradak jasotzen.
Omenaldia egingo diezue, gainera, euskal emakume idazleen lana aldarrikatzen hasi zirenei.
Esango nuke hemen gauzarik inportanteena dela, hain justu, 70. hamarkadan hasi zirela emakume idazleak idazten eta elkartzen. Hau ez da kasuala, gu orain elkartzen bagara, 2022an, da 70. hamarkadan emakume batzuk elkartzen hasi zirelako, idazten hasi zirelako. Lehendabiziko kezka ikusezintasuna izan zen; eta ikusgaitasuna zor diegu Mariasun Landari, Arantxa Urretabizkaiari, Itxaro Bordari, Aurelia Arkotxari, Laura Mintegiri, Amaia Lasari, Tere Irastorzari eta beste gutxi batzuei. Gainera, idazten hasi eta erasoak lehendabiziko lerroan jasotzen hasi ziren.
"emakumeek gizonek pasatzen ez duten galbahe bat pasatzen dute, soilik onenak iristen dira"
Halere, idazten segitu zuten.
Bai, emakumeak eta idazleak izateagatik eraso gogorrak jaso zituzten. Beti salatu dute beraiek. Hain zuzen, mahai-inguru bat egongo da geneaologien ingurukoa, emakume idazleen hiru belaunaldiak elkartuko dituena; Laura Mintegi, Karmele Jaio eta Itziar Ugarte egongo dira. Eta hor ikusiko da bakoitzak zer topatu duen eta zer harreman egon beharko lukeen belaunaldien artean. Hor ikusiko da, baita ere, hasi zirenean erasotuak izan zirela; hori hitz egingo da mahai-inguruan. Arantxa Urretabizkaiak esan du, Lurdes Oñederrak ere esan du, nahiz eta gazteagoa izan, erasotua izan zela, Laura Mintegirena oso gogorra izan zen… Omenaldia egingo da haiek abiatu zutelako euskal literaturan emakumea ikusgai egiteko prozesua, aguantatu dituztelako oldarraldi guztiak, eta segitu dutelako idazten, eta gaur egun ere ari dira idazten.
Literaturaren inguruan belaunaldi desberdinak eta begirada desberdinak elkartuko dituzue. Ezaugarri komunak dituzte?
Jabetza eskoletan ikusten dudan gabezietako bat da adin batekoak gehiago etortzen direla, emakume helduak eta askotan jubilatuak, denbora gehiago dutelako. Gazteak, hogei eta hogeita hamar urte bitartekoak mugitzen ari dira, baina etxe okupatuetan daude, edo gehiago daude ekonomiaren inguruan, ez daude irakurle klubetan edo literaturan, batzuk badaude baina batez ere berrogeita hamar urtetik gorakoak dira. Gainera, oso interes desberdinak daude, bakoitza mugitzen da tokatzen zaion garaiarekin eta egokitzen zaion lekuan, batzuk daude irakurtzen, diskurtsoarekin, eta beste batzuk daude kezkatuago ekonomiarekin, zaintzarekin, genero identitatearekin, transfeminismoa, dekolonizazioa, ekologismoa... Mugimendu feministak izugarrizko saltoa eman du eta indartu da, baina belaunaldi bakoitza dago tokatzen zaion frontean. Horregatik mahai-inguru bat ere horri dedikatu diogu.
Feminismoaren aniztasun hori islatzen du egungo euskal literaturak?
Gu ez gara hainbesteraino iritsiko. Arrazializatua izateko eduki beharko genuke katalanek duten Najat El Hachmir Azken patriarka idatzi duena. Berak, nahiz eta Katalunian jaio, oso ondo esplikatzen du zer den arrazializatua izatea. Amatasunaz hasi dira asko idazten gure idazleak, zergatik? Amatasunaren prozesuan daudelako, bai Uxue Alberdi bai Katixa Agirre; Arantxa Urretabizkaia, berriz, zahartzaroaz idazten ari da; transfeminismoaz Moio idatzi digu Kattalin Minerrek, bere lagunmin Moio omenduz. Azkenean literatura ez da kasuala, bakoitzak badu ibilbide bat eta begirada bat, eta sorkuntza denean erreferente batzuk dituzu, nondik elikatu. Gu hasi besterik ez gara egin. Nik esaten dut gure literatura modernoa Zergatik panpox-ekin hasi zela, 1979an; baditugu lehendik idazleak, baina pertsonaia moderno batekin eta feminismoaren gaiak ikutu zituena bera izan zen. Ikusten dudana da oso idazle euskaldunak ditugula, oso bertakoak, ez dugu mestizajerik.
Zer ekarpen egin dio euskal literaturak feminismoari?
Nik askotan konparatzen dut bertsolaritzarekin. Bertsolaritzan eta euskal literaturan egon dira antzeko fenomenoak. Bertsolaritzan badago emakumeen %30 bat edo, eta literaturan ere %30 edo %20 emakumeak dira, ez dira gehiago, oso gutxi dira, baina horra iristeko oso oso onak izan behar dira, galbahe bat pasa dute. Askotan esaten da emakumeak ari direla sari guztiak irabazten; jakina, gizonezkoek pasa behar ez duten galbahe batetik pasatzen direlako eta onenak bakarrik iristen dira; gizonek horrelako galbahe bat pasatuko beharko balute, seguraski hoberenak iritsiko lirateke. Orduan, noski, euskal literaturan sari asko irabazten ari dira emakume idazleak: Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe, Irati Elorrieta, Uxue Alberdi…, sariak sarien gainean. Bertsolaritzan ere fenomeno berdina daukagu.
"Emakume editorerik ez zegoen, eta orain badaude emakume editore oso potenteak"
Eta nolakoa izan da prozesu hori?
Azkeneko hamarkadetan ahaldundu egin dira, ondo egiten dute, badakite. Guk literaturan esaten dugu hiru garai daudela: ikusgarri egiten hasten direnean eta gizonen arropak janzten dituztenean ikusgarri izateko; gero da aldarri feminista, hemen gaude eta borrokatzera etorri gara; eta azkenekoa da: ahots propioa dugu, gure gaiak ditugu, gu gara, gure estiloa, gu garen bezalakoak gara; eta hor ditugu Alaia Martin edo Alaine Agirre, badute bere ahotsa. Lortu dugu ez bakarrik ahalduntzea, ikusgarri egitea eta ahots propio bat izatea, baizik eta Maialen Lujanbiorekin gertatzen den bezala, gizonek Maialen Lujanbiotik ikasi behar dutela. Eta literaturan berdin, Miren Agur Meabetik edo Eider Rodriguezetik ikasi behar dute gizonezkoek. Hain luma potenteak dira erreferentzia bihurtzen ari direla gizonentzat ere. Estilo horrek, emakumeen kezkatik sortu den horrek, buelta eman dio sistemari eta aitzindari bezala jarri da, indartu direlako eta oso bide zaila egin dutelako.
Euskal literaturak laguntzen dio, beraz, feminismoari?
Momentu honetan euskal literaturak feminismoari hiru lekuetatik egiten dio keinu oso inportantea. Batetik, editorea dago, orain arte emakume editorerik ez zegoen, eta momentu honetan argitaletxeetan emakume editore oso potenteak ditugu, eta azkenean editoreak erabakitzen du zer argitaratzen den eta zer ez. Hori ez zen existitzen. Beste gauza bat da literatur klub feministak, hori sekulako indargunea da, horrek esan nahi du kritika feminista bat egiten ark dela, ikuspegi feminista batetik aztertzen dela literatura, berdin emakumeena edo gizonena, baina irakurketa feminista bat dago. Eta hirugarrena, idazle feministak ditugula, beldurrik gabe esaten dute, eta beraien liburuetan horren adibide argiak daude: Katixa Agirreren Amek ez dute, adibidez; hitz egiten ari dira eztabaida zaileko gaien inguruan, eta mahai gainean jarri dituzte gai horiek. Uste dut euskal literaturak feminismoari ekarpen izugarria egiten diola.
Gero eta irakurle klub feminista gehiago sortzen ari da azken urteetan. Loraldi moduko bat dago?
Literatur klubak beti egon dira, eta indar handia izan dute gurean. Azken finean hor irakurtzea gustatzen zaigunok elkartzen gara, baina bat-batean literatur klub feministak sortu dira. Aspaldian esana zegoen, eta datuek esaten dute irakurketan emakumeak garela aitzindari, eta feminismoak indarra hartu duen heinean irakurketa klub horiek ere sortu dira. Hogei bat egongo dira Euskal Herrian, eta hori asko da, eta hor hilabetero-hilabetero liburuak irakurtzen dira, eta diskurtsoak jasotzen dira, eta ekitaldiak egiten dira, eta fenomeno oso interesgarria da, batez ere irakurtzen dena ikuspegi feministatik egiten delako.
Zer garrantzia du mundu digitalean?
Modu xumean bada ere, literatur kritika egiteko Instagram da erabiliena, eta baita ikusgarri egiteko literatur kluben lana ere. Hori garrantzitsua da, batez ere literatur kritika izan delako oso kanalizatua; gutxi batzuk idazten dute eta oso ondo idazten dute, baina literatur kluben eta sare sozialen bidez egiten ari garena da edozeinek gomendatu edo iruzkin bat egin dezakeela liburu baten inguruan, ez duzu literatur zientzietan doktorea izan behar hori egiteko. Gainera, denon artean egiten badugu askoz aberatsagoa izango da.