Arabako ikastolen aldeko aldarria Olarizuko zelaietan

Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 09:30

Arabako zortzi ikastolek elkarlanean antolatuta, Argantzongo Ikastolarentzat eraikin berri bat egin ahal izateko dirua biltzeko helburua izan du aurtengo Araba Euskarazek. Igande osoan zehar milaka lagun igaro dira Olarizuko zelaietatik.

Hasierako ekitaldiarekin eta omenaldiarekin abiatu da, 8. alaba lelopean, 2022ko Araba Euskaraz jai eguna, pandemiaren osteko itzuleran. Olarizuko Etxaldean, ikastolen auzolana eta elkarlana nabarmenduz hasi da eguna. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Jokin Bildarratz eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Ramiro Gonzalez diputatu nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Liher Larrea Arabako ikastolen presidentea, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkatea.

Argantzon Ikastolako ikasleen babesean, Arabako ikastola bakoitzeko —Aresketa (Amurrio), Argantzon (Argantzon), Armentia (Gasteiz), Assa (Lapuebla de Labarca), Bastida, Laudio, Lautada (Agurain) eta San Bizente (Oion)— komunitatetik lan aipagarria egin duen pertsona bana omendu dute ekitaldian, eta, horiekin batera ere, Anjel Olaldek, urteetan Araba Euskarazeko koordinazio lanen ardura izandakoak, aipamen berezia jaso du. Gainera, Arabako ALEAk lurraldean euskararen alde egindako lana goraipatu nahi izan dute antolatzaileek.

Hasierako ekitaldiaren ondoren, ibilbideari ekin diote protagonistek. Lehen ordutik eta egun osoan zehar, giro aparta gozatu ahal izan dute Olarizu inguruetara bertaratutako milaka lagunek.

 

Egitarau zabala

Egun osoan zehar, jardueraz beteriko hiru gune jarri dira Olarizu parkean, eta 11:00etatik 19:00ak arte askotariko ikuskizunak izan dira:

  • Haritza gunea. Arte eszenikoak Armentia ikastolaren eskutik: Ene Kantak ikuskizuna, Perli eta Koxkoloren Bidaia liluragarria, Zunba, Zortzi alaba kantari abestiaren koreografia eta Goazen!-en emanaldia. Gune horretan, Eroskiren elikadura eskola, Euskaltelen txirrindularitza pista eta puzgarriak ere egon dira.
  • Pagoa gunea. Euskal Dantzen Topaketa: Algara dantza plaza, Erabatera taldearen emanaldia, ALEAren Patata minak antzezlana eta Kai Nakairen emanaldia. Goizean, DBH eta LHko ikasleentzako Erronka eta Haurren Basoa ere bertan izan dira, eta egun osoan zehar tonbola, Araba Euskaraz denda eta Puntu Morea bertan kokatuta egon dira; gainera, paella eskaini dute bertan.
  • Ametza gunea. Bertso saioa eta kontzertuak: Intxixu, Keu Agirretxea, Sukasuan eta Oxabi. Elikagaien taupadak ikuskizunaren bost emanaldi ere izan dira Kaiku agertokian, eta Eusko Label gunea ere bertan kokatu da, atun pintxoekin.

Horrez gain, Aldats elektro-txaranga, Gasteiz Kantuz eta Kidam magoa gunez gune ibili dira, eta Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketaren finala Araba Euskarazen baitan jokatu da, Adurtzako pilotalekuan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago