Azkena Rock Festival jaialdiak Gasteiz agurtu du 2023ko ekainera arte

Erredakzioa 2022ko eka. 19a, 11:30

48.000 lagun igaro dira Mendizabalatik Azkena Rock Festival jaialdiaren hiru egunetan. Larunbatekoa Patti Smith, Emmylou Harris eta Suzi Quatro rockaren hiru dama handien gaua izan da.

Pandemiaren osteko itzulera bere maila gorenera eraman du aurtengo Azkena Rock Festival jaialdiak, bere 20. urteurrena ospatuz. Guztira 48.000 pertsona inguru —horien artean, markak hautsiz, 800 adingabe eta 3.200 kanpinzale— hurbildu dira jaialdiaren hiru egunetan zehar Mendizabalako eremura, eta hurrengo edizioa bizitzeko urtebete itxaron beharko dute rockzaleek: 2023ko ekainaren 15ean, 16an eta 17an izango da.

Larunbat honetan, Theo Lawrence & The Possums taldeak eguerdian Andre Maria Zuriaren plazan eskainitako kontzertuaren ostean, bero-boladak lekukoa laga zion euriari, eta tenperaturak normaltasunera itzuli ziren jaialdiaren azken jardunaldi hunkigarrirako.

Zalantzarik gabe, azken eguneko protagonistak Patti Smith ikono handiaren eta Emmilou Harris country musikaren legendaren kontzertu ahaztezinak izan ziren. Smithen emanaldian, gainera, Harris igo zen oholtzara, People have the power ereserkia elkarrekin abesteko. Rockaren dama handiei eskainitako gauaren beste momentu paregabea Suzi Quatroren kontzertuaren eskutik iritsi zen.

Kartelburuez gain, askotariko eskaintza izan zen Azkena Rockeko hiru agertokietan eta Trashville karpan: gero eta gorago dagoen Vulk post punk talde bilbotarra, Ryley Walkeren rock eta blues soinuak, Black Mountain taldearen rock psikodelikoa, Messer Chupsen horror surfa edo Suicide Generationen energiaz beteriko rockanrolla, Michael Monroe, Wicked Wizzard, Dewolf, Joseba Irazoki eta Lagunak, Israel Nash, Tiburona, Robyn Hitchcock y los del Huevos Band, Oh! Gunquit, Daniel Romano's Outfit, Adrian VS Santo, Estrella Electrónica, Cheries DJs eta Zombierella DJ Set izan ziren oholtza gainean.

2023ko ediziorako bonuak uztailaren 20tik aurrera salgai egongo dira azkenarockfestival.com webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago