Udalak 'naming'-a erabiliko du eguneko zentroen izena erabakitzeko

Erredakzioa 2022ko ekainaren 17a

Zerbitzuaren "balioak" transmititu beharko du aukeratutako izenak. GASTEIZKO UDALA

Gasteizek 4.000 euroko lizitazio bat martxan jarri du Eguneko Arreta Zerbitzua izendatzeko. Erabiltzaileek parte hartu ahalko dute prozesuan.

Eguneko Arreta Zerbitzuen izena erabakitzeko naming prozesu bat abiatu du Gasteizko Udalak. Zeregin horretarako 4.000 euro bideratu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak, prozedura supersinplifikatu modalitatearen bitartez.

Esleipena eskuratzen duen enpresarekin kontratua sinatu eta hilabetera egon beharko da erabakita izena. Udalak zehaztu du izenak "zerbitzu hauen balioak" transmititu behar dituela. Horrez gain, besteak beste honako ezaugarriak izan beharko ditu: ozena eta ahoskatzeko erraza izatea, laburra, sinplea, erraz gogoratzekoa, koherentea, "estetikoa" eta "interpretazio txarrak" saihestuko dituena. 

Lizitazioaren agiriak ez dio aipamenik egiten euskarari, eta ez du argitzen izena elebiduna izango ote den. Alabaina, berariaz aipatzen da zerbitzua erabiltzen duten adinekoen parte hartzea bilatuko dutela, bai eta beren senideena eta zerbitzuko langileena ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago