Etengabeko berrikuntzan dago Araba Euskaraz hartuko duen agertokia: azken urteotan Gasteizko Udalak aldaketa ugari egin ditu inguruan. Beste hainbat bidean daude oraindik, eta, dirudienez, horietako bat alde batera utzi dute agintariek. Inguruan abentura parke bat jartzeko proiektuaren kasua da. 2019an udalak iragarri zuen bertan tirolinak eta bestelako azpiegiturak hartuko zituen parkea eraiki nahi zuela, eta horretarako lizitazioa abiatu zuen, 120.000 eurorekin. Alabaina, Covid-19aren krisiarekin udalak atzera egin zuen, mailegu falta argudiatuta.
Proiektua ez da orain errekuperatu, eta ez da izango diru faltagatik: izan ere, udalak Europako funtsetatik 2,8 miloi euro lortu ditu, eta, horietatik 860.000 Olarizuko parkean inbertitzekoak dira. Besteak beste, bertan labirinto begetal bat eta landare erabilgarrien lorategia egokitu nahi dituzte.
Ez da izan azken aldaketa nabarmena. Iaz beharginek 1.600 metro kubiko lur mugitu zituzten Antzoki Berdea sortzeko. Olarizuko parkearen erdian kokatuta dago egitura, etxaldearen ondoko lurzati batean, eta Mulixka taldearen Harria ikuskizunarekin inauguratu zuten antzoki bitxia, natura eta kultura batzen dituen horrelako ikuskizun baterako berezko agertokia izango zelakoan. Modu berean, informazio bulego berria jarri dute, eta inguru naturaletarako prestatuta dagoen argiztapena egokitu dute.
Biodibertsitatea
Sarritan udalak errepikatu du Olarizuko parkea Eraztun Berdeko "harribitxia" izatea nahi duela. Besteak beste, Europako 523 zuhaitz espezie bilduta daude bertan, eta etxaldearen barruan hain ikusgarria ez den beste gordailu garrantzitsua daukate: bertan dago germoplasma bankua, Euskal Herriko Hazien Sareak kudeatutakoa.