Astearte honetan, Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak adierazpen bateratua plazaratu dute, Mugimendu Sozialistako emakumezko kide batek duela bi aste jasandako jazarpen kasu bat salatzeko.
Jazarpena bi arlotan kokatu dute. Alde batetik, azaldu dute Alde Zaharreko taberna bateko bere lanpostuan —tabernaren izena ez zabaltzea erabaki dute, jabearekin adostuta— "bere militantzia politikoarekin estuki lotutako gutxiespen komentarioak eta burlak" jasan behar izan dituela "Ezker Abertzalearen inguruko" lankideen aldetik; duela hainbat hilabete hasi zen bertan lanean. Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek ziurtatu dute giroa "gogortu" egin zela GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak Gasteizko Txosnen "beto politikoa" salatu zutenetik. Izan ere, jazarpena salatu duen militantea txosna batzordeko bilerara joan zen kideetako bat da.
Bestalde, lankide horien artean dagoen gizon heldu baten aldetik jasandako sexu jazarpena salatu dute ere, jaialdi batean ateratako argazki batzuen harira.
Gertakaria
Ekainaren 3an, ostiralean, Jimmy Jazz aretoan Harrika izeneko jaialdia ospatu zen. Antolatzaileek beraiek azaltzen dutenez, "espazio seguruak eta askeak" sortzeko asmoa duen jaialdia da, pribatutasuna garrantzitsua da, eta argazkiak ateratzea esplizituki debekatuta dago.
Emakume militantea jaialdira joan zen. Bere lankidea ere beranduago bertaratu zen, eta, Mugimendu Sozialistaren hitzetan, "Jimmy Jazz aretoko arduradunetako batekin dauzkan kontaktuak erabiliz, diskotekako segurtasun kamerak kontrolatzen diren gelara sartu zen". Beti oharraren arabera —aretoak ez baitu adierazpen publikorik egin—, kameretako irudietatik gizonezkoak argazkiak atera zizkion lankideari, telefono mugikorra erabiliz.
"Eraso hau gutxi balitz, hurrengo egunean argazki horiek gure kideari erakutsi eta komentario lizunak egin zizkion, bai eta lankideei egin zuena kontatu ere. Azken hauek barrezka hartu zuten gertakaria, eta gure kidea shock egoeran gelditu zen", kontatu du Mugimendu Sozialistak. "Gaur gaurkoz ez dugu jakiterik argazki horiek zabaldu ote dituen, jende gehiagoren argazkiak ere atera dituen edota Jimmy Jazzen beste egun batzuetan antzekoak gertatu ote diren. Dakigun bakarra da normaltasun osoz erakutsi zituela argazki horiek tabernan eta inork ez zuela gure kidea babestu".
Salaketa publikoa
Mugimendu Sozialistaren ustez, "jazarpen sozialak duen ezaugarrietako bat da pixkanaka normalizatu egiten dela eta sufritzen duenak naturaltzat hartzen duela izatez konstantea den egoera". Izan ere, azaldu dutenez, ekainaren 3ko gertakaria izan da kidea babesa eskatzera bultzatu zuena eta "gertatzen ari zenaz ohartarazi" dituena; horren ondorioz, "neurriak hartzea" erabaki dute.
Azaldu dutenez, gertakariaren ostean lana uzteko erabakia hartu du kideak, "azken hilabeteotako girotik erabat aldentzeko". Halaber, "kidea babesteko gure esku dagoen guztia" egingo dutela ohartarazi dute. "Jakin dugu nagusiak tabernako langile guztiei egoeraren berri eman diela, Jimmy Jazzeko pasartea burutu zuen gizonari barne. Ondorioz, gertatutakoa berehala zabaltzera behartu gaitu, errelato interesatuen hedapena kontrolatzerik ez dugunez, gertakizuna ezagutarazteko".
"Uste dugu gertakari honek zer pentsatua eman beharko liokeela jende askori, eta horrelako egoerak eteteko neurriak hartu beharko liratekeela", aldarrikatu du Mugimendu Sozialistak.
@Itaia_Gasteiz-ekin batera gizon batek Mugimendu Sozialistako emakumezko kide bati eragindako jazarpena ezagutzera eman eta salatu nahi dugu.
— Kontseilu Sozialista Gasteiz (@Kontseilua_Gast) June 14, 2022
[IRAKURKETA] pic.twitter.com/3Af9tysI49