Adurtzako jai herrikoiak hasi dira, aste osoko egitarauarekin

Erredakzioa 2022ko eka. 13a, 21:00

Besteak beste, Iramo talde gasteiztarra arituko da Adurtzako jaietan. / Argazkia: IRAMO

Ekainaren 13tik 19ra bitartean izango dira aurten Adurtzako jaiak, ohiko data hilabete aurreratuz. Dozenaka jardueraren artean, Nize, Oki Moki, Iramo eta Eh Mertxe! taldeen kontzertuak izango dira asteburuan.

Bi urteko etenaldiaren ostean, Gasteizko auzoetako jaiek erritmoa hartu dute. Abetxuku, Arana eta Txagorritxuko ospakizunen ostean, eta Judimendiko jaien aurretik, Adurtzako jaien txanda izango da aste honetan. Gaur hasi dira, Adurtzine sorginaren jaitsierarekin, eta igandera bitartean dozenaka jarduera izango dira auzoan zehar: txapelketak, tailerrak, dastaketak, jolasak, kalejirak, kontzertuak...

Txosnak ostegunean 20:00etan irekiko dira, garagardo artisau dastaketa eta pintxo-potearekin; gau horretan, DJ Malandrok girotuko du txosnagunea.

Ostiralean, auzoan irekiko den gasolindegi berriaren aurkako bazkari autogestionatua egingo dute, 13:45ean. Gauean, jardueraz beteriko arratsaldearen ostean, Nize eta Oki Moki taldeak arituko dira txosnagunean, 23:30etik aurrera.

Larunbatean, egun osoko egitaraua izango duen Gazte Egunaren barruan, espekulazioaren aurkako poteoa, gazte bazkaria, bazkalondoa eta Ttek Elektrotxaranga izango dira, beste jarduera askoren artean; gauean, berriz, Iramo, Eh Mertxe! eta DJ Pezon igoko dira txosnaguneko oholtzara.

Erasoen aurkako protokoloa

Auzoetako jaietan eraso matxistei planto lelopean, eraso matxisten aurkako protokolo berezia jarri dute martxan Txagorritxu, Judimendi eta Adurtza auzoetako jai batzordeek, Gasteizko Mugimendu Feministarekin elkarlanean. Besteak beste, sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute "txartel moreen" bitartez, jai gunean puntu moreak prestatuko dituzte erasoei aurre egiteko, erasoak salatzeko 747 41 48 43 telefono zenbakia aktibatuko da, eta txosnagunean zapi morez identifikatuko dituzte txosnaguneko ardura feministak.

"Ez da jarrera matxista, LGTBI+fobo, arrazista eta faxistarik onartuko", ohartarazi dute. "Bi urteren ostean berriz ere gure jai guneak, ohiturak, borrokak, aldarriak, disfrutea… berreskuratuko ditugu. Ezin dira aipatu gabe gelditu tarte horretan gorakada izan duten eraso matxista zein LGTBI+ fobikoak".

EGITARAUA

 

GAZTE EGUNA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide