Berriz ere piztu dituzte kale-kantoiak

Anakoz Amenabar 2022ko eka. 10a, 06:00

Joan den asteburuan ospatu zituzten Araneko jaiak. / J. Gallego

Bi urteko etenaren ondotik, indarberrituta itzuli dira Gasteizko auzoetako jaiak; Arana eta Abetxuku izan dira ospatzen lehenak, eta ohi baino arrakastatsuagoak izan direla nabarmendu dute.

Sekula baino sendoago entzuten dira kalejira eta algara hotsak Gasteizko auzoetan. Bi urteko etena edo formatu berezien ostean, ohiko jaietara bueltatzeko gogotsu dira herritarrak, eta horren lekuko izan dira Arana edo Abetxuku. Jendetza batu da horietan, eta hala sumatzen dute datozenetan ere. Txagoko jaiek hartuko dute lekukoa asteburu honetan, eta Adurtza, Judimendi edo Alde Zaharrekoek jarraituko dute festa giroa.

"Erantzun bikaina izan da; adin guztietako lagunak etorri zaizkigu esatera oso harro daudela antolatutako jaiekin", azaldu du Arana auzoko jai batzordeko kide Peio Salazarrek, joan den asteburuko parranda gogoan. Aurreikuspen guztiak gainditu ditu, eta jendetza batu da batez ere gaueko ekitaldietara, Joselu Anaiaken kontzertua nagusi. "Jende asko espero genuen, baina ez halakorik. Tabernariek ere esan digute gainezka egin dutela, eta poztekoa da, egia esan, benetan garai txarra bizi dutelako". 2020an ez zen jairik izan, eta iaz beharrezko neurriak hartuta antolatu zituzten zenbait jarduera. "Ondo atera ziren, baina ekitaldi xumeak izan ziren, egin ohi dugunarekin zerikusirik ez; aurtengo jaien irrikan heldu gara".

"Jaietan ere, errespetuz eta arduraz jokatzeko eskatzen dugu"

Heiko Busteros

Azaroan hasten dira jaiak prestatzeko lehendabiziko bilerak, eta oraindik lantalde egonkorra mantentzen duten arren, auzokide berriak erakartzeko zailtasunak dituztela esan du Salazarrek. "Edadeko auzokideak dira nagusi, auzoa zahartuta dago, eta baldintzak ere askorentzat eskasak dira; inplikatzea zaila da, beraz, askok beren arazoekin nahikoa dutelako auzo honetan". Hori aldatu nahian, auzokide berriak biltzeko itxaropenez, dokumental txiki bat prestatu dute orain dela 50 urte Arana auzoko egunerokoa nolakoa zen erakusteko eta aldaketak nolakoak izan diren ezagutzeko. "Jai batzorde beteranoa dugu egun; alde batetik, nabaritzen da esperientzia, eta esfortzu gutxirekin etekin handia ateratzen da, baina, beste alde batetik, nekea nabari da, eta ideia freskoak behar dira".

"Auzolana oinarri, bestelako jai batzuk antolatu nahi ditugu"

Maria Martinez de Cestafe

Aurtengo jaiak auzokideentzat bultzada ederra izan direla azpimarratu du Salazarrek, komunitatea osatzen joateko pizgarri. "Hamaika talde daude auzoan, kirol eta kultur talde desberdinak, urtean zehar ere bestelako jarduerak antolatzen dituztenak, eta asteburu hau sendotuta ateratzeko baliagarria izan da; oso pozik gaude emaitzarekin". 

Jaien lekukoa Txagorritxu auzoak hartu du aste honetan. Joskintza tailer bat eta eskalada saio batekin eman diote hasiera, baina astebururako gorde dituzte plater nagusiak, Nerea Ugartetxea jai batzordeko kideak azaldu bezala. "Nahiko genuke Arana auzoko jaien antzeko erantzuna izatea, baina ez dugu halakorik espero. Txagoko jaietan ostirala izaten da egun potenteena; auzokoei begira antolatzen dugulako batik bat, eta beharbada horrek jende gehiago erakartzen duelako". Besteak beste, umeen txokoa, dantza plaza eta kontzertuak izango dituzte asteburuari hasiera emateko.

'Ave' pertsonaiaren jaitsiera, Abetxukuko jaien hasieran. / Naroa Cuesta

"Asteburu hau sendotuta ateratzeko baliagarria izan da"

Kepa Salazar

Beste auzo batzuen antzera, iaz ekitaldiak egokitu behar izan zituzten, eta berriz erritmoa hartzeko gogotsu zeudela aitortu du Ugartetxeak. "Hamabost urte bete genituen iaz, eta hilabete osoko egitaraua egin genuen, egokitutako jaiak, baina bi urteren ostean ohiko jaietara bueltatzeko gogoa genuen". Eta hori guztia prestatzeko hogei bat laguneko lantaldea ari da lanean, beste eragile batzuekin elkarlanean. Sama ikus-entzunezko elkartearekin edo ikastolarekin batera, esate baterako, iaz hasi ziren, eta aurten ere jarraitu dute elkarrekin antolatutako jarduerekin. Lana, beraz, ez dute falta jai batzordean hurrengo egunetan, baina pozik heldu diote erronkari: "Pixkat zoramena izaten ari da, baina gogoak eta emozioak ere laguntzen du estres horri buelta ematen edo behintzat modu dibertigarri batean bizitzen".

Judimendin, azken ukituak     

Argindarra lotu, azkeneko enkarguak egin, jaietako egitarauan dauden zuloak bete... Azken beharrak antolatzen ari dira buru-belarri Judimendiko jai batzordean, Heiko Busteros tartean. "Azken urte hauek arraroak izan dira, besteak beste, gazteak lantaldera gerturatzeko zailtasunak izan direlako, eta berriz ere ohiko bideetara bueltatzen ari gara". Hilaren 17an hasiko dira ekitaldiak eta Sanjoanen bueltan joko dute goia. Ohi moduan, adin guztietarako jarduera sorta zabala prestatu dute, nobedadeak tartean: "Iaz egin genuen lehendabiziko aldiz sua piztera joateko kalejira, ekainaren 23an, eta aurten berreskuratzea erabaki dugu". Sefarad plazan izango den dantza-plaza saioaren ostean abiatuko da kalejira, Momotxorroek lagunduta. Ostean, Akerbeltz taldearen erromeriak girotuko du jaien egun handia.

Arrakasta handia izan ohi dute Judimendiko jaiek urtero, eta aurten "gainezka" egingo duen kezka ere badute, eta "arduraz" jokatzeko deia egin dute."Bi urte daramagu bestelako jai batzuekin, sozializatzeko aukera gutxiagorekin, eta ikusten ari garenagatik ohikoa baino jende gehiago izan daiteke gurean ere. Errespetuz jokatzeko eskatzen dugu", nabarmendu du Busterosek.

Alde Zaharreko jaiak

Judimendikoak amaitutakoan hasiko dira, atsedenerako tarterik gabe, Zaharraz Harro muinoko jaiak. Bestelako eredua da, ordea, azken hamalau urteetan Alde Zaharrean ospatzen dena; txosnagunerik gabe, ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean, txoko desberdinetan izango dira jarduerak. "Auzolana oinarri, autogestioaren bidez, bestelako jai batzuk antolatu nahi ditugu; auzoaz harro daudenena, ahalik eta anitzena izango den jaia", azpimarratu du jaietako batzordeko kide Maria Martinez de Cestafek.

Auzokide guztietara heltzeko helburuarekin, etxez etxe zabaldu zuten urte hasieran asanbladan parte hartzeko deia, asteazkenero Zapateneo espazioan elkartzeko mezua: "Kolektibo desberdinetako lagunak biltzen saiatzen gara, eta aurten beste bost animatu dira, Goian edota Gaztetxeko lagunak". Denen artean programa zabala antolatuko dute, eta dagoeneko iragarri dituzte lehendabiziko jarduerak. "Izen-ematea ireki dugu futbol eta saskibaloi txapelketan parte hartzeko, eta film laburren lehiaketarako lanak bidaltzeko. Animatu zaitezte!".

"Zoramena dira prestakuntzak, baina gogoz hartu ditugu"

Nerea Ugartetxea

Eskaera eta aldarrikapenak

Poliki-poliki, pandemiaren aurreko jaiak berreskuratzen ari dira Gasteizko bazter guztietan, baina pandemia aurreko eskaera eta aldarrikapen batzuk ahaztu gabe. Urtez urte errepikatzen den eskaera horietako bat dira komun kimiko eramangarriak. Dozena bat auzotako jai batzordeek agerraldi bateratua egin zuten joan den astean Gasteizko Udalak komunen instalazioa ez finantzatzeko hartutako erabakia salatzeko. Joan den urteko maiatzean, jai batzordeek auzoetako jaietan komunak jartzeko eskatu zioten Udalari, eta horren erantzuna ezezkoa izan zen arren, aurten berriz aztertuko zuela adierazi zuen. "Eskaera egiteko arrazoia bikoitza zen: jendeak kalean pixa egiteak dakarren zikinkeria saihestea, eta bestetik, emakumeak seguruak ez diren txokoetara joan behar izatea saihestea", aldarrikatu dute. Aurtengo jaiak iritsi dira, baina jai batzordeek salatu dute Udalak ez diola erantzunik eman iaz hartutako konpromisoari. Kritikatu dutenez, aurten saileko teknikari arduradunari idatziz egindako eskaerek ez dute erantzunik izan.

Jai batzorde nagusiek aho batez hartutako erabakien artean, beste alde batetik, eraso matxisten aurkako protokolo berezia jarri dute martxan, Gasteizko Mugimendu Feministarekin elkarlanean. Besteak beste, sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute "txartel moreen" bitartez, jai gunean puntu moreak prestatuko dituzte erasoei aurre egiteko, eta erasoak salatzeko 747 41 48 43 telefono zenbakia aktibatuko dute. "Bi urteren ostean berriz ere gure jai guneak, ohiturak, borrokak, aldarriak, disfrutea… berreskuratuko ditugu. Ezin dira aipatu gabe gelditu tarte horretan gorakada izan duten eraso matxista zein LGTBI+ fobikoak".

Ekitaldien artean, euskal dantza saioa izan zuten Araneko jaietan. / Heiko Busteros 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago