In Situ jaialdia

Artea eta tokiko merkataritza, eskutik helduta

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 31

Maied Urrutia Parraren 'Fantasía' erakusketa, Mara-Mara Liburuak dendan. / IN SITU JAIALDIA

Ekainaren 1etik uztailaren 1era, arte galeria bihurtuko dira Gasteizko hamar saltokiren erakusleihoak, In Situ ArtFestival jaialdiaren bigarren edizioan.

Badator In Situ Art Festival arte jaialdiaren bigarren edizioa. Ostegunetik aurrera eta hilabetez, jarduera artistikoa tokiko merkataritzarekin lotzea helburu duen jaialdiak erakusketa gune alternatibo bat eskainiko du Gasteizko hamar saltokitako erakusleihoetan, "hiriko museo eta galerietatik kanpo arteaz gozatzeko aukera" emateko eta, aldi berean, tokiko ekoizleen sorkuntza artistikoak ikusarazteko. Horrekin batera, tailerrak eta topaketak antolatu dituzte euskal artistekin.

Apirilaren 25era arte, erakusleihoetan beren obrak jarriko dituzten artistak hautatzeko deialdia ireki zuen jaialdiak. Araban jaio, bizi, lan egin edota lurraldearekin lotura estua duen 18 eta 35 urte bitarteko edonork izan du parte hartzeko aukera, banaka edo taldeka. Ondoren, Irati Inorizak, Iker Fidalgok eta Koko Rikok osatutako epaimahaiak hamar lan hautatu ditu aurkeztutako proiektuetatik.

Honako hauek dira Sara Berasalucek eta Yone Estivarizek zuzendutako jaialdiaren bigarren edizio honetan parte hartuko duten saltokiak eta artistak:

 

Hiru sari

Jaialdiak sari ekonomikoa jasoko duten hiru irabazle aukeratuko ditu: lehen saria, 600 eurokoa; bigarren saria, 450 eurokoa; eta hirugarren saria, 300 eurokoa. Horrez gain, hautatutako artista bakoitzak 100 euroko diru-laguntza jasoko du, obraren ekoizpen gastuetarako, proiektua garatzeko eta gauzatzeko.

In Situ jaialdiaren aurtengo edizioaren aurkezpena. / Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago