Badator In Situ Art Festival arte jaialdiaren bigarren edizioa. Jarduera artistikoa tokiko merkataritzarekin lotzea helburu duen jaialdiak erakusketa gune alternatibo bat eskainiko du Gasteizko hamar saltokitako erakusleihoetan, ekainaren 1etik uztailaren 1era bitartean, "hiriko museo eta galerietatik kanpo arteaz gozatzeko aukera" emateko eta tokiko ekoizleen sorkuntza artistikoak ikusarazteko. Horrekin batera, tailerrak eta topaketak antolatuko dituzte euskal artistekin.
Oraingoz, baina, lurraldeko erakusleihoetan beren obrak jarriko dituzten artistak hautatzeko deialdia ireki du jaialdiak. Araban jaio, bizi, lan egin edota lurraldearekin lotura estua duen 18 eta 35 urte bitarteko edonork parte har dezake, banaka edo taldeka. Ondoren, aurkeztutako proiektuetatik, hamar lan hautatuko ditu epaimahai batek.
Jaialdiak sari ekonomikoa jasoko duten hiru irabazle aukeratuko ditu: lehen saria, 600 eurokoa; bigarren saria, 450 eurokoa; eta hirugarren saria, 300 eurokoa. Horrez gain, hautatutako artista bakoitzak 100 euroko diru-laguntza jasoko du, obraren ekoizpen gastuetarako, proiektuaren garapenerako eta proiektua burutu edota gauzatzeko.
Honako hauek dira bigarren edizio honetan parte hartuko duten saltokiak: Mara-Mara Liburuak, Pinedo Jantzigintza, Bacomat Etxetresna Elektrikoak, Caracola Komikiak, Oscar Lacuesta Interiorismoa, Lobera Alfonbrak, Virgen Blanca Taberna, Canuto sarraila-denda, Xtreme arropa dena eta Kirolak kirol denda.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!