Arabako Probintzia Auzitegiak sei urteko eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Gasteizko udal txakurtegian lan egin zuen gizon bati, bere bikotekide ohiari eta txakurtegiko boluntarioa izan zenari "sexu erasoa egitegatik". 2020. urtetik, espetxean zegoen erasotzailea, epaiketaren zain. Epaia irmoa da, akusatuak egindako erasoa onartu duelako, eta ados agertu delako epaiarekin. Horrenbestez ezingo du errekurtsorik jarri.
Bestalde, funtzionario ohiak bigarren auzi bat zabalik du Arabako auzitegian, 2020. urtean, Apasos elkarteko lau boluntarioek, ustez egindako lan jazarpenagatik eta sexu abusuengatik, salaketa bat aurkeztu zutelako bere kontra. Epaia ezagutu eta gero, kasu horretan ere "egia argitara ateratzeko" itxaropena agertu du Apasos elkarteak. Elkarteak azaldu duenez, R.R "bortxaketagatik kondenatu dute, in voce, ezohiko epai batean, sexu erasoa zenbateraino den larria eta frogatua azalerazten duena".
Udalaren kontrako salaketa
Apasos elkarteak, gainera, beste behin ere salatu nahi du Gasteizko udal gobernuak txakurtegiko sexu abusuen inguruan hartu duen jarrera."Gaur egun ona da gogoratzeko asko tematu behar izan ginela Gorka Urtaranen gobernu taldeak bortxatzailea Apasoseko emakume boluntarioengandik urrundu zuen arte. Bada garaia salatzeko, gainera, udal gobernutik salaketa jarri duten emakumeak isilarazten saiatu direla, eta auzitegietan borrokatzen jarraitzen dutela, emakumeak eta Apasos Armentiako txakurtegitik botatzeko", nabarmendu dute.
"Armentiako txakurtegian gertatutako guztia, gaur zigortu duten gizonaren aurkako sexu abusuen, umiliazioen eta irainen salaketan du jatorria", gogoratu du Apasos elkarteak, eta gaineratu dute sexu erasoengatik zigortu duten funtzionarioaren jokabidearen berri izan zutela udaleko arduradunek, "eta salaketa jarri zuten biktimei laguntzeko betebeharra alde batera" utzi zutela. "Horren froga da Gorka Urtaranen alkateordea eta eskuineko eskua, Iñaki Gurtubairi prebarikazioa leporatzen diotela, eta epaitegietan ikertua izaten ari dela horregatik".