Astearte honetan El Correo egunkariak argitaratu duenez, Gasteizko EH Bilduko zinegotzi ohi Miren Larrionen auzia itxita gelditu da, Fiskaltzarekin akordioa lortu eta joan den ostiralean epaia ontzat eman ostean. Horrela, "agiri publikoa faltsutzearen, egoera zibila usurpatzearen eta ebasketa arinaren" delituen egiletza aitortu eta 36 hilabeteko kartzela zigorra onartu du Larrionek.
Izan ere, 2020ko abendutik 2021eko otsailera bitartean, alderdikide baten identitatea ordeztu eta bere datu pertsonalekin kontu korronte bat, telefono linea bat, helbide elektroniko bat eta posta-kutxa bat ireki zituen.
Alkategai ohiak lan komunitarioekin eta 2.835 euroko isun batekin ordezkatuko du zigorra, eta ez du kartzelara joan beharko. Lan komunitarioak gehienez ere zazpi hilabetez luzatuko dira. Isunaren barruan, alderdikidearen dokumentazioa ebasteagatiko 270 euro eta biktimarentzako 50 euro aintzat hartzen dira.
Behin betiko epaiaren nobedade nagusia Larrionen buruko osasunarekin zerikusia du: duela aste batzuk bere sare sozialetan zabaldutako mezuan elementu hori azpimarratu zuen arren —bere ekintzak "laguntza eskatzeko oihu" gisa definituz—, orain onartu du "estres akutua" eta "antsietate orokortua" pairatzen zituela baina "errealitatearen zentzuari" eusten ziola. Hortaz, epaiak ez du aintzat hartu buruko gaixotasunagatiko aringarririk, eta "zer dagoen ondo eta zer gaizki" bereizten bazekiela nabarmendu du.