Indarkeria matxistaren aurkako jardunaldia antolatu du Itaiak, maiatzaren 28rako

Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 19:00

Itaiak antolatutako Emakume Langileen Eskola, joan den ostiralean. / Argazkia: @Itaia_Gasteiz

Indarkeria matxistako kasu bat salatzeko eta horren aurka antolatzeko gakoak izango dituzte hizpide maiatzaren 28an, Itaiak antolatutako jardunaldietan. Ondoren, bazkaria eta kontzertuak izango dira Gasteizko Gaztetxean.

Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu lelopean, Itaiak egun osoko jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 28rako, Aldabe gizarte etxean eta Gasteizko Gaztetxean. Izan ere, ohartarazi dutenez, 2022an "gutxienez" 31 eraso matxista gertatu dira Gasteizen, komunikabideen bitartez bildu dituzten datuen arabera.

"Horren aurrean antolatzea beharrezkoa dugu. Indarkeria matxistaren inguruan hausnartuko dugu, emakume langileok jasaten dugun indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak garatzea premiazkoa dela uste dugulako", azaldu du Emakumeon Antolakunde Sozialistak, Euskal Herri mailan martxan jartzen ari den dinamikaren barruan.

Hitzaldiak

Maiatzeko azken larunbateko jardunaldiak goizean hasiko dira Aldabe gizarte etxean. Bi hitzaldi egingo dituzte bertan, eta bietan itzulpen zerbitzua izango da: 11:00etan, Zer izan behar dut kontuan indarkeria matxista kasu bat salatzean? galderari erantzuten saiatuko dira; 12:30ean, berriz, Nola antolatu indarkeria matxistari aurre egiteko? izango da planteatutako hausnarketa.

Bazkaria eta kontzertuak

Hitzaldien ostean, jai giroan jarraituko dute jardunaldiekin. 14:30ean bazkaria egingo dute Gasteizko Gaztetxean; tiketak 5 eurotan lor daitezke, Gasteizko Itaiaren sare sozialetatik edo itaiagasteiz@gmail.com helbidera idatziz gero. Ondoren, 16:00etatik aurrera, kontzertuak eta pintxadak izango dira bertan, Nerepe, Zarata Selektion, Zuretzako Mezua eta DJ Droga Purpuraren eskutik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago