Tabernak intsonorizatzeko bi urteko luzapena proposatu du Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2022ko mai. 20a, 10:20
Kutxi kalea, Gasteizko Alde Zaharrean. / ALEA

Ostalarien protesten ostean, zarataren aurkako ordenantza berrian aurreikusitako intsonorizazioa gauzatzeko bi urte gehiago emango die Udalak tabernei. Hala ere, oraingoz ez die erantzun finantzaketarekin lotutako eskakizunei.

Zarataren aurkako ordenantzaren aurrean Alde Zaharreko taskeroek agertutako kezkari erantzun azkarra eman dio Gasteizko Udalak, lokalak intsonorizatzeko bi urteko luzapena proposatuz. Modu horretan, urte amaieran indarrean sartuko den ordenantza ez betetzea saihestu nahi du Udalak.

Udal gobernuaren ustez, epe "nahikoa" da obrak egiteko, araua duela hamabi urte idatzi zelako. Ostalariek, ordea, finantzaketaren arazoa jarri dute mahai gainean, eta, momentuz, Udalak ez du horren inguruan deus ere esan; gisa horretako obra baten aurrekontua 50.000 eta 200.000 euroren artean egon daiteke. Gainera, obra egin behar duten establezimenduen kopurua zein den ez dakiela dio.

Etorkizunean, araua betetzen ez duten establezimenduetan jarduera lizentzia murriztu edo ordutegiak mugatzeko aukera aurreikusten du ordenantza berriak; kasurik larrienetan, baita itxiera ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide