Zarataren aurkako ordenantzaren aurrean kezka agertu dute Alde Zaharreko taskeroek

Erredakzioa 2022ko mai. 18a, 13:25
Kutxiko Taskeroak eta Gasteiz Txiki elkarteetako kideen prentsaurrekoa. / ALEA

Alde Zaharreko ostalari eta auzokideek salatu dute 2010eko zarataren aurkako udal ordenantza aurten indarrean sartzeak lokal asko "zuzenean ixtera" eramango dituela. Irtenbide "koherente, orokor eta errealista bat" exijitu diote Gasteizko Udalari.

Kutxiko Taskeroek eta Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak prentsaurreko bateratua eskaini dute asteazken honetan, "teorikoki" urte amaieran indarrean sartuko den zarataren aurkako udal ordenantzaren (2010eko irailaren 24koa) aurrean beren kezka agertzeko.

2021eko azaroan, Gasteizko Udaleko Ingurumen Sailak sektoreko hainbat elkarte deitu zituen bilera informal batera, hamar urte beranduago ordenantzak izango zituen ondorioen berri emateko. Alde Zaharreko ostalariak "berehala" hasi ziren lanean, "ostalaritzarentzat oro har eta Alde Zaharrarentzat bereziki ekar ditzakeen ondorioak" ezagutu zituztenean.

Lehenik eta behin, moratoria bateratu bat eskatzea proposatu zuten, "bizkortasuna eta hamar urte baino gehiagoko isiltasun instituzionala" ikusita, informazioa lortu ahal izateko eta neurri egokiak hartu ahal izateko —hasteko, lokalen egoerak ezagutzeko neurketak egiten—.

"Non dago Udalaren borondatea?"

"Ostalaritzako langileriaren sostengua dago jokoan beste behin ere, eta, horregatik, irtenbide koherente, orokor eta errealista bat planteatu behar dugu, gaur egungo beharrizanetara zuzenduta, irakurlearen arabera interpretazio gehiegi dituen ordenantza dela kontutan hartuz", ohartarazi dute.

Ostalariak eta bizilagunak "beldur" dira ordenantzaren atzean "Alde Zaharra ezkutuan birmoldatzeko aukera" egongo ote den. Izan ere, "eraikuntzako ordenantzaren neurri guztiak" aplikatu nahi zaizkiela salatu dute: "Horrek lokal asko zuzenean ixtea eragingo du, eta hori, udal gobernuko jaun andreok, ez dugu onartuko!", ohartarazi dute.

Kezkarekin batera, arazoa konpontzeko borondatea agertu dute taskeroek, baina bere borondatea non dagoen galdegin diote Udalari: "Guztiok dakigu lokal bat intsonorizatzeak kostu ekonomiko handia duela, kasu askotan onartezina, eta are gutxiago ordenantzari egokitutako finantzaketa-lerrorik gabe", salatu dute.

Azalpena, berroneratzea eta finantzaketa

Bestalde, ordenantzaren barruko puntu batek bereziki deitu du taskeroen arreta: bigarren xedapen iraunkorraren 1.5 puntuak dio "Udalak birmoldaketa plan bat egin beharko duela, eta plan horretan finantzaketa lerro bat ezarriko dela ostalaritzako establezimendu publikoen isolamendu akustikoa egokitzeko".

"Noiz egin da plan hau? Nork egin du jarraipena? Zein dira lortutako emaitzak?", galdetu dute prentsaurrekoan. "Udal gobernutik ez digute inoiz jakinarazi lokal bakoitzaren errealitatearekin bat datorren finantzaketa lortu ahal izateko plan bat zegoenik. Xehetasun txiki bat da, bai, baina lokalen egokitzapena ahalbidetuko eta, ondorioz, haien etorkizuna eta biziraupena ziurtatuko luke".

Azkenik, "hausnarketa positiboa" egiteko eskatzen diote Udalari. Baina horretarako eskatu dute ordenantzak dioena "behar bezala" azaldu behar zaiela, lokal bakoitzaren egoerarekin bat datorren berroneratze-plan zorrotza egin behar dutela, eta "arazo hori konpontzeak eskatzen duen seriotasunarekin bat datozen" finantzaketa-lerroak eman behar dituztela.

"Gu gara hori konpontzeko lehen interesatuak, bakean lan egin nahi dugulako, eta gure bezero zein bizilagunekin bizikidetza ona izan nahi dugulako", gaineratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide