Bost handienak, inoiz baino handiago

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko mai. 22a, 06:00

Iturria: Retail Data, 2022ko maiatzeko datuak kontuan hartuta. ARITZ MTZ. DE LUNA

Askotariko saltokiek okupatzen dute egun Gasteizko espazioa. Gertuko erosketa egiteko supermerkatuekin eta autozerbitzuekin batera, hiriko sarrera-irteeretan zabaltzen ari dira elikadura kate handiak haien negozioak. Eroski taldeak garaiezina dirudien lidergoari eusten dio sektore lehiakor horretan.

Supermerkatu gehiago har dezake Arabako hiriburuak edo saturazio komertzialaz hitz egin daiteke? Galderari erantzuteko, lehenik eta behin, saturazio komertziala zer den argitu beharko litzateke: "Saturazioa gertatzen da salmenta-puntuen kopurua nahikoa denean kontsumitzaileen eskaerei erantzuteko, eta eraginkortasunik altuena lortzen denean". Hortik aurrera, saltoki berriak zabaltzea ez litzateke errentagarri. 

Bada, ez dirudi hori Gasteizko egoera denik, azken urteetan kate handiek zabaldu dituzten saltokien kopuruari erreparatzen baldin badiogu bederen. Izan ere, 2020ko ekainetik, hamahiru negozio berri zabaldu dituzte elikadura kateek; gehienak denda txikiak dira, autozerbitzuak, mila metro karratutik beherakoak. Dia kateak mota horretako hiru denda zabaldu ditu azken bi urteetan, eta Eroskik hiru autozerbitzu eta bi mila metro karratuko Eroski Center supermerkatu bat Forondako atean. Halaber, Pounland talde britainiarrak bi denda zabaldu ditu, Dealz markapean; El Corte Inglesek Supercor Stop&Go sareko denda bat ireki du Elorriagako gasolindegian; Primaprix lowcost espainolak laugarren saltokiaren ateak zabaldu ditu Armentian; eta produktu ekologikoetan espezializatuta dagoen Veritas talde katalanak bigarren saltokia inauguratu du Antso Jakituna kalean.  

2020ko ekainetik hamahiru negozio berri zabaldu dituzte elikadura kateek hiriburuan

Txanponaren beste aldean daude gertutasuna eta auzoko denda txikia ikur duten bi kooperatiba. Coviran Andaluziako kooperatibak azken bi urteetan lau denda itxi behar izan ditu Gasteizen, eta Madrilgo Grupo Unide kooperatibak, berriz, Uribegela kaleko Udaco autozerbitzua itxi du.

Elikadura kate handiek gertuko erosketaren alde egin duten estrategia aldaketarekin zerikusia dute inaugurazioek eta itxierek, eta kontsumitzaileen ohitura aldaketei erantzuten diete. 2016. urtean, hipermerkatuak eta denda tradizionalak izan ziren Espainiako estatuko kontsumitzaileek elikagaietan egindako gastuaren jaitsiera jasan zuten formatuak, %3,7 eta %3,5eko jaitsierarekin, hurrenez hurren; eta kontsumitzaileek beren erosketen %13,7 soilik egin zuten hipermerkatuetan. Hipermerkatu erraldoien modeloa beherantz zihoala ikusirik, bezeroaren etxera, auzora, hurbiltzeko erabakia hartu zuten sektoreko handiek, eta hiria inguratzen zituzten espazioak eta hutsik zeuden lonja handienak okupatu zituzten.

Auzoko supermerkatuaren formatuari eutsi dio Eroskik. PHOT.OK

Hala, gertuko saltokiaren formulak arrakasta handia izan du, eta banaketaren sektoreko hazkundearen liderrak dira gaur egun. Horrekin batera, hiriaren sarrera-irteeretan kokatzeko joera gero eta gehiago ari da hedatzen.

Lehen Supeco, Arriagako atarian

Horren adibide dira urtea amaitu baino lehen Arabako hiriburuan izango diren irekitzeak. Mercadonak, BetoÒuko atarian, 1.600 metro karratuko espazioa erosi du, eta bertan zabalduko du hiriko seigarren supermerkatua, abenduan. Uvesco taldea, berriz, BM Complet markapean, 900 metro karratuko saltokia eraikitzen ari da Salburuko Citroen kontzesionario zaharraren espazioan. PAI Partners Frantziako funtsak erosi berri duen Gipuzkoako banaketa taldearen zortzigarren saltokia izango da hori, eta litekeena da, gainera, inguru horretan beste komertzioren bat zabaltzea ere. 

Bestalde, Supeco supermerkatua lehenbizikoz kokatuko da hiriburuan, Arriagako atearen 22. zenbakian, 1.300 metro karratuko espazioa okupatuz. Bertako produktuen aldeko apustua egiten duen Carrefourreko supermerkatu ekonomikoa da Supeco, eta handizkako ekonomatuaren irudiarekin aterako da kalera. 

Merkatalgune "inprobisatuak"

Bistakoa da, beraz, gertuko erosketaren alde saltoki handiek darabilten estrategiarekin batera, azken urteetan, zenbait katek hiriaren kanpoaldeko toki estrategikoetan kokatzearen aldeko apustua egin dutela, batez ere hazkundean dauden auzoen alboan ezartzeko asmoarekin. Mercadonak, adibidez, horrelako tokiak bilatu ditu nagusiki. Aldik ere, orain arte, estrategia horri eutsi dio, eta gainera, berezitasun bezala, saltoki nagusien alboan kokatzen ditu bere dendak. Lidl-ek ere lau supermerkatuetatik hiru hiriaren kanpoaldean ditu, eta halaber, Uvescok Elorriagako atean supermerkatu berria zabaltzeak joera horri erantzuten dio.

Kanpoaldean kokatutako supermerkatuak tamaina handikoak eta eskaintza zabalekoak direnez, bolumen handiko erosketak egiteko ere egokiak dira, Arabako beste udalerrietatik eta Debagoienatik hiriburura autoz hurbiltzen diren biztanleentzat egokiak. Horien inguruan, gainera, sinergia handiak sortzen dira, eta bestelako komertzio mota batzuk ere zabaltzen dira: bazarrak, hanburgeseriak, gasolindegiak…. Finean, merkatalgune "inprobisatuak" dira.

Eragin zuzena du horrek hiriaren espazioan eta espazio horren banaketan, eta une honetan Gasteizko planoa hartu eta zaila egiten da supermerkaturik gabeko hiriko sarrera-irteera bat topatzea. "Azalera handiko efektua negatiboa da tokiko merkataritzari dagokionez, eta Gasteizen azalera handiko asko daude, kontsumo ohiturak ezartzen dituzte, eta merkataritza ereduak sortzen dituen desplazamenduak ibilgailu pribatuak erabiliz egiten dira, hiriaren erdialdea baztertzen", ohartarazi zuen Gasteizko Udalak lurralde ereduaren 2019ko diagnostikoan.

EAEko dentsitate altuena

Hartara, lehengo hipermerkatuaren aldean, tamaina eta ezaugarri askotariko saltokiek okupatzen dute egun Gasteizko espazioa. Supermerkatu batzuk hiriaren kanpoaldean daude, eta beste batzuk barnealdean, horietako batzuk merkataritza guneetan, beste zenbaitetan internet bidez egindako salmenta bertan jaso daiteke; batzuk ordu luzez daude irekita, beste batzuk gasolindegietan daude, eta beste zenbait betidanik auzoetan egon diren autozerbitzuak dira.

Erkidegoko hiriburuen artean, Gasteiz da elikadura kateen dentsitate handiena duena

Iturria: Retail Data, 2022ko maiatzeko datuak kontuan hartuta. ARITZ MTZ. DE LUNA

Guztira, kontsumo handiko 121 saltoki dago Arabako hiriburuan, eta udalerriaren 82.157 metro karratu okupatzen dituzte. Azalera komertzialaren zatirik handiena (%79,2) supermerkatuek hartzen dute, %11,5 autozerbitzu txikiek, eta hiriko bi hipermerkatuek (Zaramagako Eroski eta Zabalganeko Leclerc) gainerako %9,4 okupatzen dute. Supermerkatuen tamainari erreparatuta, berriz, gehienek mila metro karratu baino gutxiago dituzte, eta autozerbitzu gehienek ehun eta laurehun metro koadro artean dituzte.

Biztanle bakoitzari egokitzen zaion saltoki-azalerari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuen artean, Gasteiz da elikadura kateen dentsitate handiena duena. Retail Data sektoreko enpresak emandako datuen arabera, 2022ko maiatzean, Arabako hiriburuak mila biztanleko 324,6 metro koadroko dentsitatea izango lituzke, Euskadiko erkidegoak mila biztanleko 289,30 metro karratuko dentsitatea duen bitartean. Halaber, Espainiako estatuko mila biztanleko 311,10 metro koadroko dentsitatearen gainetik dago Gasteiz. 

Eroskiren nagusitasun ukaezina

Beste alde batetik, espazioa eta merkatu-kuotaren banaketari begiratuta, Eroski taldeak garaiezina dirudien lidergoari eusten dio sektore lehiakor horretan: 32 saltoki ditu, 30.788 metro koadro okupatzen ditu eta azaleraren araberako merkatu kuotaren %37,5a du. Bigarren eta hirugarren postuetan daude Alcampo taldea eta Mercadona, bakoitzak merkatuaren %10,6ko kuotaren kontrolarekin. Alcampok hamar denda ditu, eta 8.743 metro koadro okupatzen ditu; Mercadonak, berriz, bost supermerkatu ditu eta 8.735 metro koadro.

Laugarren postuan dago Uvesco, %9ko merkatu kuotarekin, zazpi denda eta 7.369 metro karratuko azalerarekin; eta bosgarrena Lidl enpresa alemaniarra da, Gasteizko merkatuaren %5,9ko kuotarekin.  Atzetik daude Carrefour (%4,9), Aldi (%4,1), Coviran (%3,6), Dia (%3,1) eta El Corte Ingles (%2,3).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago