GEUren mikroipuin lehiaketa, liburu bilakatuta

Erredakzioa 2022ko mai. 12a, 12:00
'Mikroipuinak 2020-2021' liburuaren ale bat. / ALEA

Azken hiru urteetan, 93 egile eta 145 mikroipuin izan dira GEU Elkarteak antolatutako mikroipuin lehiaketan, eta lehen bi edizioetako lanak bildu dituzte Mikroipuinak 2020-2021 liburuan.

Asteazken honetan, GEU Elkarteak Mikroipuinak 2020-2021 liburua aurkeztu du Ignacio Aldecoa Kultur Etxean. Aurkezpenera gerturatu ziren parte hartzaileen artean, Edu Zelaieta edo Blanca Urgell bezalako idazleak izan ziren, besteak beste. Argitalpena Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren babesa izan du, eta Nefer Olaizola Balboa, Maddalen Agirre Loinaz eta Esti Agirreren irudiak ditu.

Pandemia garaian, Twitterren, GEUk antolatutako mikroipuin lehiaketaren lehen bi edizioetako idazkiek osatzen dute liburua. Lehiaketaren helburua 280 karakteretan (txio baten gehienezko luzera) istorio bat kontatzea da.

2020ko edizioan, gako hitza "leihoa" izan zen. Epaimahaia Edu Zelaietak, Katixa Agirrek eta Iban Zalduak osatu zuten, eta 45 egileren 70 ipuin jaso zituzten. 2021ean, berriz, "arnasa" izan zen gako hitza; Edu Zelaietak bigarrenez, Blanca Urgellek eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiak 27 parte hartzaileren 42 ipuin baloratu zituzten.

Lortutako arrakasta ikusita, lehiaketarekin jarraitzea eta aurten hirugarren edizioa antolatzea erabaki zuten, pandemiaren unerik txarrenak atzean utzita eta "argia" gako hitzarekin. 21 parte hartzailek 33 ipuin aurkeztu dituzte. Atzoko aurkezpenean, gainera, Edu Zelaietak, Ana Malagonek eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiak aurtengo irabazleak iragarri zituzten: lehen saria Aster Navasentzat (@irakasle) izan da; bigarren saria Belen Gilentzat (@b_gil); eta hirugarren saria, berriz, Joseba Sanchezentzat (@Josebasanchez).

GEU Elkartea arduratuko da liburuaren banaketaz, eta, horrez gain, Arabako zein inguruko liburutegietan aurki daiteke.

'Mikroipuinak 2020-2021' liburuaren aurkezpena, Ignacio Aldecoa Kultur Etxean. / AFA
Erlazionatuak

#Mikroipuinak

Erredakzioa 2022 api 27 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide