Hilabete baino ez indarberritutako Kaldearterako

Erredakzioa 2022ko mai. 11a, 17:11
Yllana konpainia madrildar entzutetsuaren 'Glubs' ikuskizuna. / Argazkia: YLLANA.com

Gasteizek betiko distirarekin berreskuratuko du Kaldearte ekainaren 10etik 12ra. 30 konpainia eta 56 ikuskizun izango dira, tartean Manolo Alcantara (Zirkuko Sari Nazionala), Yllana konpainiaren kaleko lehen ikuskizuna (Glubs) eta Nicole et Martin zirku suitzarra, besteak beste.

Badator Kaldearte Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiaren XVI. edizioa, 2020an bertan behera gelditu eta 2021ean Covid-19ari aurre egiteko neurrietara egokitu behar izan ostean. "Betiko Kaldearteren ahalik eta antzekoena izango den edizioa da", ospatu du Gasteizko alkateorde Maider Etxebarriak. "Horretarako, hiriguneko kale eta plazak berriro ere betetzeko eta kaleko arteez haien ingurune naturalean gozatu ahal izateko egitarau bikaina diseinatu dugu".

Ekainaren 10ean, 11n eta 12an, Espainiako Estatuko zein nazioarteko 30 konpainia izango dira Arabako hiriburuan —hiru gasteiztarrak eta sei Euskal Herrikoak—, askotariko 56 ikuskizun eskaintzeko. Horietako hiru estatu mailako estreinaldiak dira, beste bat mundu osokoa, eta beste bost Kaldeartek berak ekoitzi ditu.

Gainera, aurten, ostiral arratsaldeko eta larunbat goizeko programazioa handitu egin dute, eta horretarako Santa Barbara plaza edo Floridako ibilbidea baliatuko dituzte, besteak beste.

Hiru eguneko erakustaldia

Ostiralean, hilaren 10ean, inaugurazio ikuskizuna eskainiko dute Hortzmuga Teatroa eta Deabru Beltzak —Synfeuny ikuskizunarekin, Max Saria kaleko ikuskizunik onenari— euskal konpainiek , 22:00etan. Senta lanaren estreinaldi absolutua egingo dute, Herbereheretar alderraia kondairan oinarritutako eta rock opera pirotekniarekin bateratzen duen lan ibiltaria.

Ondoren, "denetik eta denentzat" izango da egitarauan: antzerkia, dantza, zirkua, magia, poesia, performanceak, clown, umorea... Besteak beste, 2021eko Zirkuko Sari Nazionala eskuratu duen Manolo Alcantara, Yllana konpaina entzutetsuaren kaleko lehen ikuskizuna (Glubs) eta Nicole et Martin zirkua, 22 urtez kontakizunak, zirku saio ikusgarriak, gorputz adierazpena, dantza eta musika samurra uztartu dituen konpainia independente suitzarra.

EGITARAU OSOA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide