Kaldeartek 'Nicole et Martin' zirku suitzarra ekarriko du Gasteizera, ekainean

Erredakzioa 2022ko api. 4a, 11:30

Nicole et Martin zirkuak karpa jarriko du ekainaren 9tik 12ra. / Argazkia: nicole-et-martin.ch

Jatorrizko formatura itzuliko da aurten Gasteizko Kaldearte jaialdiaren XVI. edizioa, ekainaren 10etik 12ra bitartean. Guztira 56 ikuskizun eskainiko ditu, eta, besteak beste, Nicole et Martin zirkua jarriko da Musikaren ibilbidean.

Kaldearte kaleko arteen nazioarteko erakustaldiak sarrerak salgai jarri ditu dagoeneko, ekainaren 10ean, 11n eta 12an Gasteizko kaleetara itzuliko den XVI. ediziorako. Aurten, nazioarteko zein bertako 30 konpainiaren 56 ikuskizun programatu dituzte hiru egun horietarako.

"Ohiko agertokiak eta azken hamabost urteetan Kaldearte hain ezaguna egin duen programazio eskema berreskuratuko ditugu", azaldu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. "Gure hirian kaleko arteen eta kulturaren alde egindako apustu ausarta da, baina, hala ere, pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du".

Zirkua

Aurtengo proposamen nagusien artean, Nicole et Martin zirkua nabarmendu dute antolatzaileek. 22 urteko ibilbidea duen Suitzako antzerki konpainia independente horrek kontakizunak, zirku saio ikusgarriak, gorputz adierazpena, dantza eta musika samurra uztartzen ditu, eta sari ugari irabazi dituzte. Ekainaren 9tik 12ra bitartean, karpa biribil ikusgarri bat jarriko dute Musikaren ibilbidean, Zulueta jauregiaren parean.

Nicole eta Martinek lau emanaldi eskainiko dituzte: ekainaren 9an, ostegunean, Los músicos de Bremen, lau animalia musikariren istorioa kontatzen duen obra; ekainaren 10ean eta 11n, ostiralean eta larunbatean, Wasilisa, amak hil aurretik emandako panpina baten laguntzaz zailtasunei aurre egitea lortzen duen neskatila baten inguruko herri ipuin errusiarra; eta hilaren 12an, igandean, El pescador y su mujer, arrantzale pobre baten istorioa.

Sarrerak dagoeneko salgai daude www.nicole-et-martin.ch webgunean.

Dantza eta ikuskizunak

Aurtengo ekitaldi nagusi horrez gain, beste ikuskizun asko programatu ditu Kaldeartek: besteak beste, Magi Serra dantzari kataluniarrak eta Anamaria Klajnšček artista esloveniarrak landutako Cossoc koreografia hipnotikoa, eta Leira, landa lanen edertasun gogorrean inspiratutako proposamena, Nova Galega de Danza konpainiaren eskutik.

Inaugurazioa Deabru Beltzak eta Hortzmuga Teatro konpainien eskutik egingo da, Senta lan ibiltariarekin; Gasteizko Udalak koproduzitu du ikuskizuna.

Azkenik, Kultura Sailak azaldu du aurrerago iragarriko dutela Kaldearteren XVI. edizioaren programa osoa, ekitaldia hurbiltzen denean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago