Igor Agirrek akuarelaz berrikusi ditu bere disko kuttunenak

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 4a

Igor Agirre, 'No poso' obrarako sortutako akuarelez inguratuta. / Argazkia: ORBAIN

Ostiral honetan, Igor Agirre Soubies artista gasteiztarrak musika eta pinturaren arteko loturan sakontzeko baliatu duen No poso erakusketa aurkeztuko du Orbain Kultur Elkartean. Maiatzaren 31ra arte, ostiralero bisitatu ahal izango da, 19:00etatik 21:00etara.

Pandemia garaian, 2021ean, kontzertu aretoetako komunak akuarela bihurtu ostean, Orbain Kultur Elkartearentzat ad hoc sortutako No poso erakusketarekin indarberrituta itzuli da Igor Agirre Soubies artista gasteiztarra. Horretarako, bere bizitza markatu duten binilozko diskoak berrikusi eta berrasmatu ditu, akuarela baliatuta.

Agirrerentzat "espazio berezia" da Orbain, "urteetan musika, arteak eta eldarnioak batu dituena. "Zintzoa izan nahi nuen, eta burutik ateratzen zitzaidan guztia askatu, moztu gabe, eta, horretarako, akuarelaren gainean jarri nintzen beste behin ere, haren forma apetatsuak eta kontrolik gabeko urmaelak sortuz", azaldu du.

Erakusketa honen sormen prozesua "nahiko automatikoa" izan dela dio artistak. "Nire eskuak libre egiten du lan; ura, pigmentua, papera eta, airea. Hau da, sortze prozesua hasten da, akuarela orbanen gainean bat-bateko marrazkiak interpretatuz. Etzaten naiz, begiak ixten ditut, pausatzen utzi nauten disko horiek berreskuratu eta entzuten ditut. Orban iradokitzaileak eginda eta binetak zehaztuta, bolumena beste maila batera igotzen dut, eta marrazkiak inprobisatzen ditut. Ariketa zintzoa eta gogorra da, pentsatu gabe sortzen baitut, birbobinatu gabe", azaldu du Agirrek.

Obra honetan, bizitzaz, heriotzaz, drogaz, sexuaz, protestaz eta kezkaz hitz egiten duten eszena harrigarriak topatuko ditu publikoak.

Sex Pistols taldearen 'Never mind the bollocks' diskotik abiatutako artelana. / Argazkia: ORBAIN
 

Biniloaren fetitxista

Lehenik eta behin, papera material urtsuarekin zikintzen du, eta, hortik, marrazkiak sortzen hasten da, bere binilo kuttunenetatik, horien portaden estetikatik eta abestien letretatik inspirazioa hartuz. Izan ere, bere burua "biniloaren fetitxistatzat" du Agirrek.

"Nire gaztetako oroitzapenetan hamaika eta behin entzun ditudan diskoak daude. Azaletako milimetro bakoitza eta barruko libretoak entzuten eta errepasatzen nituen; zoragarria zen. Gogoratzen dut erostera joan eta etxera iritsi nahi nuela irekitzeko, autobusean listua emanez eta gogoari eutsiz, errituak une egokia eta dedikazioa eskatzen baitzuen", dio Agirrek.

"Urte batzuk geroago, gauza bera egiten jarraitzen dut, eta musikak eguneroko zereginetan laguntzen dit, batez ere marrazten ari naizen bitartean". Ez da lehen aldia diskoen azalak lantzen dituela; izan ere, musika taldeentzako diseinuak, logoak eta marrazkiak egin izan ditu. Oraingoan, berriz, "haratago" joan nahi zuen: "Azken obra bat, esan nahi dudana azaldu beharrik gabe, atea irekita ikuslearen interpretazioari".

Ostiralero, ikusgai

No poso erakusketa ostiral honetan, maiatzaren 6an, aurkeztuko du Igor Agirrek berak, 19:00etan Orbainen, Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakian. Ondoren, maiatzaren 31ra arte, ostiralero bisitatu ahal izango da erakusketa, 19:00etatik 21:00etara.

Unai Sarasola, Tiparrakers eta Begitruk

Artelanen aurkezpenaren ostean, Unai Sarasola bakarlariaren kontzertuaz gozatu ahal izango da Orbainen, ostiralean 20:00etatik aurrera. Rock, blues edo country musikaren arrakasta handien bertsio akustikoak entzun ahal izango dira, bere abesti originalez gain.

Larunbatean, berriz, punk doinuek hartuko dute Orbaineko oholtza 19:30etik aurrera, Tiparrakers (Bilbo) eta Begitruk (Gasteiz) taldeen eskutik.

 

Maiatza Orbain Kultur Elkartean

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago