Kontzertu aretoetako komunak akuarela bihurtuta

Erredakzioa 2021ko mai. 3a, 10:30
Igor Agirre Soubies, Old Tower Stuff binilo dendan. / KALEZ KALE

Igor Agirre Soubies artistak Caguers de poesie erakusketa aurkeztu du Gasteizko Old Tower Stuff binilo dendan. Kontzertu aretoetako komunak akuarela bihurtu dituen lana uztailaren 1era bitartean izango da ikusgai.

Gasteizko hainbat kontzertu aretotako komunak artelan bihurtu ditu Igor Agirre artistak bere Caguers de poesie erakusketan. Cahier (koadernoa) eta caguer (ezkutatzea) hitz frantsesen arteko hitz-joko bat eginez, artista arabarrak kultur espazioetako komunak omendu nahi izan ditu: "Zer ez da gertatu leku horietan? Pandemiaren une historiko honetan, non kultura itota eta bizirauteko borrokan dagoen, espazio horietako komunak birsortu nahi izan ditut".

"Desenkusatua, erreserbatua, closet... izen morboso horiek dira espazio horiei eman zaizkienetako batzuk azaldu du Agirrek, normalean areto nagusiaren atzeko partean. Era guztietako gauza sekretu eta pribatuak gertatzen dira bertan, baina hormetan erregistroak ere ezkutatzen dira: poesia, bertsoak, lirika, pintada soilak... adierazpen askera irekitako espazio txikiak dira".

Historian zehar haitzuloetako margoekin edota tenpluetako cella-tako elementu sakratuekin bezala, Agirreren ustez, kontzertu espazioetako komunak dira "kultura garaikidean gure piktogramak ezkutatzen dituzten Sancta Sanctorum-ak".

Gasteizko hainbat leku enblematiko erretratatu ditu artistak bere erakusketan, akuarela bihurtuta: Orbain, Candela, Helldorado, Urban Rock, Gaztetxea, Herre, Parral, Dazz, Iguana, Errekaleor edo Jimmy Jazz. Guztira, hamabost akuarela dira, hiriko hamabost taberna zein aretoko bainugelatakoak.

Apirilaren 29an, musikarekin lotura handia duen Old Tower Stuff binilo dendan aurkeztu zuen Agirrek bere erakusketa, eta uztailaren 1era bitartean izango da "kontrakulturaren komunera" sartzeko aukera.

 

Berpizkunde bat

Gasteizko marrazkilari eta sortzaile Igor Agirre Soubies duela 47 urte jaio zen, 1973ko udan. Dekorazio zeramikoan espezializatu zen Gasteizko Arte Aplikatuen Eskolan. Leioako unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu eta pinturan espezializatu ostean, artearen bidez bizitzen saiatu zen, talde zein proiektu ugaritan murgilduz. Hala ere, azaldu duenez, bertatik "ikaskuntza eta dibertsioa besterik ez" zuen atera.

Urte hauetan zehar, hainbat arte lehiaketa irabazi eta hainbat obra erakutsi ditu. Besteak beste, 1998ko Gasteizko Antzerki Jaialdiko kartel lehiaketako irabazlea izan zen, eta 2019ko Gasteizko jaietako kartel lehiaketa irabazi zuen. Bat-batean, "artearen mertzenario gisa" identifikatuta sentitu zuen bere burua, eta hainbat urtez sormen etenaldia egin zuen.

Ondoren, arteari berriro heltzea erabaki zuen eta, beste artista batzuekin batera, erakusketa kolektiboak antolatzeari ekin zion; ia beti tabernetan, toki alternatiboetan, garajeetan, kalean edo espazio abandonatuetan. Horrekin batera, kaleko artea (stencil) eta hiriko esku-hartzeak ere jorratu ditu.

Azken esperientzia horiek, bidaiekin batera, bere egungo etapa definitu dute. "Artearen arnegatua" izatetik, bere adierazpenarekin benetan aske sentitzera pasatu da Agirre. Marrazkia, testua eta akuarela hartu ditu teknika gisa, eta gustura sentitu da bere etxola artistikoko postuan: "Orain libre naiz eta ganberrismoa erabiltzen dut protesta egiteko, probokatzeko eta desordenatzeko", azaldu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide