Beste behin ere, bere aurkako jazarpena salatu du Ander Garcia Oñate PPko kideak, eta 2019tik "jazarpen sistematikoa" jasaten ari dela ohartarazi du; urte horretan Legutioko alkategaia izan zen.
2021eko irailean, gazte bat atxilotu zuten 22 urteko politikariaren aurkako beste eraso batengatik. Gainera, El Correo egunkariaren arabera, dagoeneko sei salaketa jarri ditu Garcia Oñatek, antzeko gertakariengatik.
Joan den ostegunean, hilaren 21ean, PPko militanteak salaketa bat aurkeztu zuen Ertzaintzaren aurrean, Gasteizko diskoteka batean jasandako "jazarpena" dela eta: Garcia Oñateren arabera, lau ezezagunek iraindu zuten, eta gero kaletik jarraitu zioten "pepero de mierda" oihukatuz. Une honetan, Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta, El Correoren arabera, dagoeneko lau pertsona identifikatu dituzte.
EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin taldeek "gaitzetsi eta arbuiatu" dute PPko kideak salatutako erasoa, alderdien adierazpen bateratu batean. "Bere ideologia politikoagatik berriro jasan zituen mehatxuak eta jazarpena bere pertsonarengan behin eta berriz gertatzen diren gertaerak dira, eta ez dute inola ere ordezkatzen bizikidetza, tolerantzia eta aniztasunarekiko errespetua bereizgarri dituen hiri bat", adierazi dute. Alderdiok "gertutasuna eta babesa" helarazi diete Garcia Oñateri eta haren alderdikideei.
EH Bilduk, berriz, ez du adierazpenarekin bat egin, baina Felix Gonzalez San Vicente bozeramaileak honakoa adierazi du bere sare sozialen bidez: "PPko militante batek egindako salaketari buruzko ikerketaren esperoan, EH Bilduk errefusatu nahi du arrazoi ideologiko edo politikoetan oinarritutako edozein jazarpen".