Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, 2002ko apirilaren 26an zabaldu zituen ateak. Ordutik hogei urte beteko dira bihar, apirilaren 26an, eta hori ospatzeko arratsalde osoko egitaraua prestatu dute.
Ekitaldiak 14:00etan hasiko dira, Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin lotutako Irakurketa partekatuak saioarekin. Arte eta kultura garaikideko testuen irakurraldi publiko horretan, arloko profesionalek hartuko dute parte, baita irakurketaren esperientzia partekatu nahi duten herritarrek ere. Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian (1957-1979) erakusketaren kariaz argitaratutako Pentsatzeko leku bat argitalpenaren hainbat testu irakurriko dira. Halaber, parte-hartzaileek, nahi izanez gero, artearen eta kulturaren munduarekin lotutako nahi duten testua eraman eta irakurtzeko aukera izango dute.
Gainera, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera, Artiumeko liburutegiak liburuak uzteko Bookcrossing kanpaina bat koordinatu du. 2022an, estatu osoko 50 museok eta arte-zentrok hartuko dute parte: besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museoa, Tabakalera, Chillida-Leku, Valentziako IVAM, Vigoko MARCO, Las Palmaseko CAAM, eta Madrilgo MNCARS.
Irakurketa saioaren ostean amaituta, 18:30etik aurrera, Itziar Okariz artistak 2. kapitulua, V. W. izeneko performancea eskainiko du. Artistak behin eta berriz irakurriko du Virginia Wolfen Gela bat norberarena lanaren pasarte bat, errepikapen bakoitzean hitz bat kenduta. Beraz, errepikatu ahala, testua urrituz joango da, erabat desagertu arte. Errepikapen bakoitzean, narrazioaren elementu bat azpimarratuko da, publikoa testuaren elementu esanguratsu guztiez jabetu dadin.
Azkenik, 19:00etan, Nestor Basterretxearen lau obra bisitatu ahal izango dira museoaren kanpoaldean. Formatu handiko lau eskultura dira, altzairuzkoak eta polikromatuak, itxuragatik hilarri tradizionalak gogorarazten dutenak. Piezak Artium Museoaren barruko plazako bi puntutan kokatuko dira, eta eskultorearen familia bertan izango da.
Bideo bat eta hamaika hitzordu
Gainera, museoaren adiskide talde batek 20 urte, 20 arrazoi baino gehiago bideoa grabatuko du. Izan ere, bere 20. urteurrena ospatzeko, Artium Museoak bere bilduman jarri du arreta: datozen hilabeteetan jarduera ugari egingo dira, eta urtarrilean erakusketa berri bat irekiko da, bertako funtsak ikusgai jarrita. Apirilean eta maiatzean, museoko sarrera doakoa izango da publiko guztientzat.