Artium Museoak 20 urte beteko ditu apirilean, bilduma eta komunitatea ardatz

Erredakzioa 2022ko mar. 25a, 18:00

Artium, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa. / Argazkia: ARTIUM

Artium Museoak 20 urte beteko ditu apirilaren 26an, eta bilduma, adiskideen komunitatea eta publiko berriak izango dira urteurreneko programaren ardatzak. Apirilean eta maiatzean sarrera doakoa izango da.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak bere 20. urteurrena beteko du datorren apirilaren 26an, eta jarduera programa zabal bat prestatu du datozen hilabeteetarako. Apirilaren 1ean hasiko den egitarauaren ardatz izango dira museoaren bilduma eta komunitatea.

Horretarako, Bilduma_Ikusgai estreinatuko dute, bildumako obrak instalatzeko berreskuratutako espazio berri batean. Juan Luis Morazak museoaren etorkizunei buruz emango duen hitzaldi batekin inauguratuko dute, eta datorren urtarrilean egingo den bildumaren aurkezpen berriarekin amaituko da.

Beste proposamenen artean daude, halaber, museoko ezohiko espazio batean, artelanen gordailuan, egingo den erakusketa bat, eta obra berriak instalatzea museoaren kanpoaldean. Gainera, museoaren adiskideen taldeak, hezkuntza komunitateak eta gainerako lankidetza sareek ere protagonismo berezia izango dute urteurreneko egitarauan. Apirilean eta maiatzean museoko sarrera dokoa izango da.

Bilduma_Ikusgai

20. urteurrenerako antolatu diren jarduera berezi askoren protagonista nagusia izango da Artium Museoaren bilduma. Museoak bildumako obrak erakusteko espazio berri bat berreskuratu eta atondu du, eta txandaka jarriko dira bertan ikusgai bildumako obrak, museoak kontserbatzen duen ondare publikoa ezagutzera emateko.

Bilduma_Horman. 20 urte, bildumaren 22 artista

Programa horren barruan, Bilduma_Horman: 20 urte, 22 artista ekimena egingo dute. Artium Museoak bildumaren funtsetako obra sorta hautatu bat aurkeztuko du datozen hilabeteetan, txandakatze dinamiko baten bidez. Doako sarbidea duten barne espazioetan erakutsiko dira obra horiek, museoaren ondarearen ezagutza zabaltzeko.

Zehazki, 22 obra erakutsiko dituzte, beste hainbeste artistarenak; horien artean, 2002an Artium Museoak ateak zabaldu aurretik ere bildumaren parte izan diren piezak, baita azken urteetan museoaren funtsetan sartu diren eskuratzeak ere, eskulturak eta instalazioak nagusiki, zeinak biltzen baitituzte testuinguruko artista nagusien izenak.

Txandaketa apirilaren 1ean hasiko da. Erakusgai jarriko diren lehen obrak June Crespo, Jon Mikel Euba eta Juan Luis Morazarenak izango dira, eta, hurrengo txandetarako hautatuen artean daude Elena Mendizabal, Juncal Ballestin, Txomin Badiola, Gema Intxausti, Susana Solano, Eva Lootz, Elena Aitzkoa, Katinka Bock, Cristina Iglesias eta Juan Muñozenak, besteak beste.

Bilduma_Gordailuan

Bestalde, eta 20. urteurrenaren testuinguruan, betiere, Artium Museoak bisita programa bat prestatu du museoaren pintura gordailuetan ezarritako erakusketa batera. Erakusketa horrek bildumatik maileguan gehien ematen diren obrak erakutsiko ditu, oro har publikoei itxita egoten den espazio batean.

Urtean ia ehun pieza utzi ohi dira maileguan beste zentro, erakusketa areto eta museo batzuen proiektu eta erakusketetarako. Eta lehen aldia da obra multzo garrantzitsu hori gordailututa dagoen espazioan bertan ikusi ahal izango dena. Ez dute zertan izan merkatuan balio handiena duten obrak, ezta berrienak ere; harremanak eraikitzeko eta museoko profesionalen eta publikoen arreta erakartzeko duten ahalmenak nabarmentzen ditu pieza hauek.

Bilduma_Gordailuan erakusketarako aukeratutako lanak dira, besteak beste, Le peintre avec pinceau bleu (Miquel Barceló, 1983; Les amoureses (Elene & Rrrose) (Elena del Rivero, 2001); El autorretrato en el tiempo (Esther Ferrer, 1981-1994); Femme dans la nuit (Joan Miró, 1974); Mousquetaire à la pipe (Pablo Picasso, 1968); Te miras como tú eres (Soledad Sevilla, 1988); eta Creu negra i diagonal (Antoni Tápies, 1973).

Bisitak apirilaren 2an hasiko dira, eta hilerokoak izango dira; jaiegun eta oporraldietan handitu egingo da bisiten maiztasuna.

Bilduma_Plazaratu

Ekimen horiekin batera, museoak hainbat jarduera egingo ditu kanpoaldean: obra berriak instalatuko ditu, esku-hartzeak egingo ditu aurretik instalatutako zenbait piezatan, eta zenbait jarduera antolatuko dira museoaren plazan. Bilduma_Plazaratu apirilaren 26an hasiko da, Nestor Basterretxea artistaren zenbait lanen inaugurazioarekin.

Bildumaren aurkezpen berria

Artium Museoaren 20. urteurrenerako aurreikusitako proiektuei amaiera emateko, bildumaren funtsen berrantolaketaren aurkezpena egingo da 2023ko urtarrilean, Zeru bat, hamaika bide erakusketaren ondoren erakusketa berria prestatzen ari da museoa oraindik, baina Euskal Herriko artearen historiako azken hamarraldietako ibilbide kronologikoa marraztuko du.

Museoko komunitateak

Artium Museoak arreta berezia emango die, 20. urteurrenean, bere ibilbidean esangura berezia izan duten zenbait kolektibori; zehazki, museoaren adiskideei, hezkuntza komunitateari eta lankidetza-sareei.

Adiskideak. 20 urte, 22 arrazoi

"Hogei urteko ibilbidean, proiektua finkatzeko ekarpen zinez eraginkorra egin du museoaren adiskideen elkarteak, bere leialtasunarekin eta hurbiltasunarekin", azpimarratu dute museoko arduradunek. Laguntza ia beti isil hori azalera ateratzeko, deialdia egingo die museoak, apirilaren 26an, urteurrenaren egunean, ikus-entzunezko batean parte har dezaten, komunitate horretako kide izateko arrazoiak adieraziz; horrela, haiek hartuko dute protagonismoa urteurrenaren ospakizunean. Museoko espazioetan filmatuko dute ikus-entzunezkoa, eta, beranduago, museoko Auditorioan aurkeztuko dute, baita hedabide digitaletan argitaratu ere. Museoak 800 lagun ditu gaur egun.

Hezkuntza komunitatea

Museoak Euskal Herriko hezkuntza komunitatearekin duen lotura ere funtsezkoa izan da museoaren proiektua garatzeko. 20 urtean, 200.000 ikaslek parte hartu dute hezkuntza arautuari begirako programetan. Gainera, hezkuntza proiektu asko garatu ditu museoak Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta beste erakunde publiko batzuekin. Hori dela eta, ospakizun berezi bat prestatu da Museoen Nazioarteko Egunerako (Raisa Alava, Irantzu Lekue eta Antonio Balllester Moreno artistek parte hartuko dute, besteak beste), baita publikoen gaineko gogoeta bultzatzeko zenbait proposamen ere.

Lankidetza sareak

Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoa eragile aktiboa da askotariko proiektuak garatzeko lankidetza sareen sorreran. 2022an, bereziki nabarmenduko da alderdi hori lankidetza proiektuak programatu baitira esparru askotan: erakusketen esparruan (Reina Sofia Museo Nazional eta Arte Zentroarekin), hezkuntzan (Jorge Oteiza Museoarekin, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin, EHUrekin, Barrutia Ikastolarekin), eta programa publikoetan (Euskadiko Filmategia, Tabakalera…), besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide