Urrian 65 urte beteko dira hondartza baloi baten tamainako lehen satelitea aurrenekoz espazioan ibili zenetik. Egia esanda, praktikari begira Sputnik I sateliteak ez zuen gauza askorik egiten, baina historiara igaro zen espazio aroari bidea ireki ziolako. Handik geroztik, urte hauetan guztietan izandako bilakaerari esker, sateliteak ezinbesteko tresna bihurtu dira, eta erabatekoa da haiekiko dugun dependentzia. Hortaz, belaunaldi berriek ezinbestean trebatu behar dira teknologia horietan. Besteak beste, helburu horretara bideratuta dago ESA Europako Espazio Agentziak antolatutako CanSat lehiaketa. Erronka sinple bezain konplikatua da ESAk kontinente osoko ikasleei egiten diena: freskagarri lata baten tamainako satelite bat eraikitzea, kilometro bateko altuera batera jaurtikitzean datu parametro desberdinak jasotzeko gai izango dena. Datu horien inguruko interpretazioa ere aintzat hartzen dute epaileek, eta —bere garaian latina zen moduan— gaur egun nazioarteko zientziaren hizkuntza ingelesa denez gero, they must be able to communicate their findings in a right way. That's OK, my friend?
Martxoaren 27an Los Arcosko zirkuituan (Nafarroan) bigarren urtez Gasteizko Koldo Mitxelena institutuko ikasleak nagusitu ziren EAEko taldeen artean, eta, hortaz, laster Granadan egingo den Estatuko finalean parte hartuko dute, iaz ikastetxe bereko kideek egin zuten modu berdinean.
Sergio Gomez Aparicio iazko KoldoSat taldean parte hartu zuen ikasleetako bat da. Azaldu duenez, ikasgai desberdinetako ezagutzak baliatu zituzten satelitea diseinatzeko. "Adibidez, Teknologian programazioa egin genuen, C++ lengoaiaz. Marrazketa Teknikoan, berriz, Tinkercad programa ikasi genuen, hiru dimentsiotan satelitea diseinatzeko. Bestetik, Fisikan jorratu genituen satelitearen jaurtiketari buruzko hainbat kontzeptu, eta Ingeles Teknikoan, berriz, aurkezpena landu genuen".
Ordenagailu txiki bat
Kanpotik ikusita bederen, zaila dirudi hain espazio txikian horrenbeste gauza sartzeko aukera egotea, baina teknologia gero eta txikiagoa den heinean, gauza asko sartu dituzte lata baten tamainan. "Satelitearen atal nagusia Arduino bat da; ordenagailu baten antzekoa, baina oso potentzia gutxikoa", azaldu du Gomezek. "Gero, adibidez, komunikazioetarako kable bat ateratzen da, antenaraino. Baina espazio teknologian sistema guztiak erredundanteak izan behar direnez, irrati bidez transmititzeaz gain, datuak microSD txartel batean jasota geratzen dira".
Erredundantziari esker, antzeko funtzioa duten bi sistema sartu ohi dira, baita espazio misioetan ere. Zerbaitek milioika kilometrotara huts eginez gero, alternatiba bat eskura izatea da aproposena, berez tramankuluaren barruan preziatua den tarte bat bi aldiz betetzen bada ere.
Baina halakoak beharrezkoak dira; oso. Izan ere, ez dira gutxi sortzen diren arazoak. Adibidez, joan den urtean zenbait arazo izan zituzten irrati bidezko datuak jasotzeko, metalezko teilatu baten azpian egoteagatik. Aurtengo Nafarroako jaurtiketan, berriz, antolakuntzak jarritako suziriak norabidea aldatu zuen haizeagatik, eta berez paraxutez emeki-emeki lur hartu behar zuten zenbait satelite galdutzat eman behar izan dituzte. Eskerrak bigarren bat zuten. Erredundantziaren abantailak.
Haien esku konpontzea ez dagoen beste arazo bat suziriak sortzen dituen gasei dagokiena da, Asier Barquero irakasleak azaldu duenez. "Antolakuntzak jarritako suziria guztiz estankoa ez izateagatik, satelitearen neurketak kutsatu ziren. Irtenbiderik jartzen ez badute, gas sentsorea jartzeari utzi beharko diogu", aurreratu du irakasleak.
Zenbait ikasgaitan ikasitakoa baliatu dute aurtengo eta iazko sateliteak egin ahal izateko
Sentsore egokiak dira, hain zuzen, zientzia ona egin ahal izateko gakoetako bat. KoldoSaten kasuan, sateliteak altuera, presioa, tenperatura eta hezetasuna neurtzen ditu, Galder Iriondok azaldu duenez. "Jasotzen dugun informazioaren arabera jakin dezakegu zein den inguru baten airearen kalitatea. Karbono dioxidoa eta konposatu organiko lurrunkorrak neurtzen ditugu".
MOXIE
Aurtengo taldeak iazko taldearen antzeko gailua eraiki badu ere, aurten saiatu dira osagarriak are gehiago minimizatzen: %30 txikiagoa izatea lortu dute. Soberan geratu zaien espazioan Marten dagoen Perseverence robot ibilgailuak daraman MOXIE izeneko esperimentuaren irudikapena egin dute. "Gailu horrek Marteko atmosferako karbono dioxidoa hartu eta oxigeno bihurtzen du, elektrolisiaren bidez", gogora ekarri du Unai Fernandezek. "Etorkizunean horrelako teknologiak funtsezkoak izango dira, bai astronautentzat zein suzirietako erregaia egiteko oxigeno hori beharrezkoa delako". KoldoSaten, hoditxo batetik putz egitean sartzen den karbono dioxidoa detektatzen du gailu batek, eta motor txiki batek mugimenduan jartzen ditu barruan dauden poliespanezko bolatxoak.
Hori guztia abiatzeko, noski, programazioa egin beharra dago. "AVS enpresako Eider Gonzalezek asko lagundu digu lan horretan", azpimarratu nahi izan du Alaia Ruiz de Infantek. Iaz kontaktu hori irakaslearen bitartez izaten bazuten ere, aurten ikasleek beraiek aukera izan dute zuzenean Gonzalezengana jotzeko.
Ruiz de Infantez gain, Izaro Rubio da proiektuan sartuta dagoen beste neska bakarra, Idoia Zapirain ingeles irakaslearekin batera. "Nafarroako proban neska batzuk ikusi genituen, baina Granadan oso agerikoa zen talde guztietan mutilak nagusitzen zirela", gogoratu du. "Horregatik, neskak halako jardunetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Gutxika, gero eta neska gehiago izango garela espero dut".
Elkarrizketatxoa bukatu ostean, klasera bueltatu dira ikasleak. Ez dute denbora asko galtzerik, satelitearekin harreman zuzena ez duten ikasgaien zatiak ere ikasi behar dituztelako. Hortaz, denbora ez dago soberan. "Satelitearekin ari direnek unitate didaktiko batzuk galduta ere, uste dugu honekin ikasitakoa konpentsatzen dela", argitu du Barquero irakasleak. Dena dela, Ruiz de Infantek argi dauka: "Hau ez da denbora galtzea, denbora inbertsio bat baizik". Jakina. Per aspera ad astra.