"Auzo antolakuntzak" Chanila, Robenson eta bi seme-alabei argindarra itzultzea lortu du

Erredakzioa 2022ko api. 13a, 09:53

Alde Zaharreko familia batek bi aste daramatzate argindarrik gabe. / Argazkia: AUZOAN BIZI

Martxoaren amaieran, moratoria urratuz, Alde Zaharreko familia bat argindarrik gabe utzi zuen Berakah elkarteak. Argindarra itzultzea lortu dutela jakinarazi du Auzoan Bizi sareak, Berakahren "karitatea" eta Udalaren "immobilismoa" gogor kritikatuz.

Apirilaren 1ean, Auzoan Bizi etxebizitza sareak Chanila, Robenson eta beren familiaren kasua ezagutzera eman zuen: bi seme-alaba adingabe dituen familia honek hamar egun zeramatzan argindarrik gabe, Berakah elkarteak kudeatutako etxebizitza batean, Gasteizko Alde Zaharrean. Horren ondorioz, kandelak erabiltzera behartuta zeuden, eta egoera horrek sute bat eragin zuen etxean, familia osoa arriskuan jarriz.

Auzoan Bizik "arduragabekeria" salatu eta argindarra "berehala" itzultzeko exijitu zion Berakahri. Gainera, argi-mozketa egiteko "prozedura irregularrak" eta "mehatxuak" erabili izana leporatu zioten auzoko parrokien elkarteari. Halaber, Udalari eskatu zioten familiari beste etxebizitza aukera bat emateko, "legez kanpoko baldintzek irauten duten bitartean".

Hori gutxi balitz, kasu honek indarrean dagoen moratoria urratzen zuen. Izan ere, Espainiako Gobernuaren behin-behineko araudi horren arabera, une honetan ezin da hornidurarik moztu, eta hori egitea legez kanpokoa da.

 

Hamasei egun argindarrik gabe

Auzoan Bizik ohar batean azaldu duenez, kasua publiko egin eta ordu batzuetara, Berakahk jakinarazi zien familiari argindarra itzuliko zietela Iberdrolaren bidez. Hala ere, joan den astean, Auzoan Bizik koadro elektrikoak konpondu gabe jarraitzen zuela ohartarazi zion etxebizitzaren kudeaketaren ardura duen elkarteari; horren aurrean, Berakahk elektrikariak bidali zituen hori konpontzera.

Hortaz, gutxienez hamasei egun argindarrik gabe eman ditu Alde Zaharreko familia honek, tartean apirilaren hasieran izandako hotz-bolada eta elurteen egunetan.

Berakahren "karitatea" eta Udalaren "immobilismoa"

Gertakari horietatik hainbat ondorio atera ditu Auzoan Bizi sareak: "Lehenik eta behin, kasu honek agerian utzi du ez dagoela instantzia erreal eta eraginkorrik oinarrizko eskubideetarako sarbidea (argiaren hornidura, kasu honetan) bermatzen duenik; eta, hala, adingabeak dituen familia bat, elurte betean, elektrizitaterik gabe gera daiteke".

"Bigarrenik, kasuak agerian utzi du ere konponbidearen zati bat Berakahren esku zegoela, eta haren erantzukizuna zela, hasieratik, familiei oinarrizko hornidura ematea. Hala ere, azpimarratu beharra dugu udalaren immobilismoa, ez baitio inolako aukerarik eskaini familiari, eta, ondorioz, luzatu egin du elektrizitaterik gabeko egoera", kritikatu du auzokideen sareak.

Zentzu horretan, Berakah bezalako egitasmoak "karitate mekanismo bat" direla kritikatu dute: "Ez da justizia soziala; pertsona horiek irizpide karitatiboaren menpe geratzen dira erabat, eskubideak urratzen dituzten antolakundeen kontrolpean. Horrelako entitateek pribilegiodunen kontzientziak garbitzea dute helburu".

Bestalde, instituzioek mekanismo hori "normalizatu eta are babestu" egiten dutela salatu dute, "balioa emanez eta ohiko funtzionamendu bihurtuz". Bitartean, pertsona zaurgarriak "babes sozialeko mekanismoetatik kanporatzen" dituztela diote.

"Auzo antolakuntzaren potentzialtasuna"

Azkenik, "auzo antolakuntzaren potentzialtasuna" goraipatu du Auzoan Bizik. Izan ere, kasua argitara ematea familiaren "azken aukera" izan bada ere, aldi berean "aukerarik eraginkorrena" izan dela azpimarratu dute: "Oinarrizko behar materialak bermatzea ezinbestekoa da bizi baldintza duinak izateko, eta, horregatik, antolatzen jarraituko dugu horrelako urraketen aurrean".

Horrekin batera, kasu jakin honetaz harago, "egoeraren irakurketa politiko sakona" egitea eskatu du etxebizitza sareak: "Batetik, Berakahk artatutako pertsonen bolumenak agerian uzten du pertsona eta familia asko egoera larrian daudela, ezin dituztelako asetu duintasunez bizi ahal izateko oinarrizko premiak, hala nola etxebizitza, elikagaiak eta oinarrizko hornidurak edukitzea".

"Horrez gain, horietako gehienak hainbat zapalkuntzak zeharkatzen dituzte, eta horrek are konplexuago eta zailago egiten du etxebizitza eduki eta euren bizitza bizi ahal izatea. Egiturazko arrazakeriaren erakusgarri dira, adibidez, Atzerritarren Legearen bidez lege bihurtutako arrazakeria, dokumentaziorik edo erroldarik ez izateak dakarren prekarietatea eta labirinto burokratikoa", deitoratu dute.

Bestalde, diru sarrerarik ez duten familiak direla azpimarratu dute, ez dutelako "lan merkatu prekarizatuan" sartzeko aukerarik. "Gainera, emakumeak hainbat indarkeriarekin bizitzera behartuta daude: erasotzaileekin bizitzea, familiako erantzukizunei beraiek bakarrik aurre egitea, autonomia falta, eta abar", gaineratu dute.

"Alde Zaharrean, egoera horiek guztiak ohikoagoak dira bazterkeriaren eta segregazio sozio-espazialaren ondorioz, baina, gainera, etxebizitzaren merkantilizazio prozesua bizi duen auzoa da, pobreziarekin etekina aterata", ohartarazi du Auzoan Bizik.

"Etxebizitza eta oinarrizko hornidurak negozio diren bitartean, ez dira eskubide izango. Horregatik beharrezkoak dira antolakuntza eta elkarlaguntza, inoiz baino gehiago. Ezinbestekoa da kapitalismoaren erasoei eurre egingo dieten herri egiturak eta borroka komunitateak eraikitzea", aldarrikatu du Auzoan Bizik. " Argi ikusi dugu indar kolektiboarekin bagarela gai kentzen dizkiguten eskubideak berreskuratzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago