Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi etxebizitza sareak Chanila, Robenson eta beren bi seme-alaba adingabeen kasua ezagutzera eman du: familia honek hamar egun daramatza argindarrik gabe, auzoko parrokien Berakah elkarteak kudeatutako etxebizitza batean. Horren ondorioz, kandelak erabiltzera behartuta daude, eta egoera horrek sute bat eragin zuen etxean asteartetik asteazkenerako goizaldean, familia osoa arriskuan jarriz.
Horren aurrean, Auzoan Bizik Berakahren "arduragabekeria" salatu eta argindarra "berehala" itzultzeko exijitu dio. Halaber, Udalari exijitu diote familiari beste etxebizitza aukera bat emateko, "legez kanpoko baldintzek irauten duten bitartean".
Gainera, familia honen kasua indarrean dagoen moratoria urratzen ari da. Izan ere, Espainiako Gobernuaren behin-behineko araudi horren arabera, une honetan ezin da hornidurarik moztu, eta hori egitea legez kanpokoa da.
"Prozedura irregularrak" eta "mehatxuak"
Auzoan Bizi sareak azaldu duenez, familiak urtebete darama bertan bizitzen. Urtarrilean, ordea, etxebizitza kudeatzen duen Berakah elkarteak ordura arte ezarritako baldintzak aldatu zituen: "Ordutik aurrera, familiei prozedura irregularren bidez eskatzen zieten argindarraren hileroko gastua ordaintzeko; adibidez, ordaindu beharreko kopurua soilik WhatsApp bidez jakinarazten zieten, faktura ofizialik ez izatea... hau da, familiari informazioa ezkutatuz", ohartarazi dute.
Chanilak eta Robensonek uko egin zioten baldintza irregular horiek onartzeari, beti ere ordaintzeko prestutasuna agertuz, baina beren izenean dauden agiri ofizialak edo fakturak exijitu zizkioten Berakahri. "Familiaren erantzunaren ondorioz, azken hilabeteetan hainbatetan mehatxatu ondoren, etxeko argindarra moztu zieten; gaur hamar egun bete dituzue argirik gabe", azaldu du Auzoan Bizik.
Berakah-ri kritikak
"Egoera honek argi eta garbi urratzen du etxebizitza duina izateko oinarrizko eskubidea. Gainera, kasua are larriagoa da, etxebizitzan bi adingabe baitaude. Hori gutxi balitz, sute bat izan zen asteartetik asteazkenerako goizaldean", salatu dute.
"Ez da kasu isolatu bat. Auzoan Bizin, antzeko jarrerak ikusi ditugu Berakahrengandik, eta ohikoak dira oinarrizko eskubideen aurka dituzten praktikak, bereziki klase baldintzek eta atzerritarren legeak gehien kolpatzen dituztenen aurka. Berakahk, ustez, pertsona behartsuenei laguntzen die; hala ere, haien ekintzetan behin eta berriz ikusten dira karitatea izeneko maskara horren atzean ezkutatzen diren jarrerak", kritikatu dute.
Gainera, "Berakahk udalarekiko jokatzen duen papera" salatu du Auzoan Bizik, "modu horretan udalak ez baititu betetzen auzokide horiekiko dituen erantzukizunak".
"Itzuli argia Chanila, Robenson eta familiari"
Etxebizitza sare herritarrak azpimarratu duenez, Chanila eta Robenson "bide guztiak agortzen" saiatu egin dira beren etxebizitzako hornidura elektrikoa berreskuratzeko: "Hitz egin dute Gizarte Zerbitzuekin, Berakahrekin eta baita Poliziarekin ere. Erakunde horietako batek ere ez du arazoa konpontzeko interesik erakutsi, eta adierazi diete ezin dutela ezer egin. Auzoko familia honi bizkarra eman dioten hiru erakunde handi dira horiek".
"Horren aurrean, gure esku dauden autodefentsarako mekanismo guztiak aktibatuko ditugu gure auzokideak babesteko", adierazi du Auzoan Bizik.