Joan den asteburuan, gutxienez lau eraso matxista erregistratu dira Gasteizen: alde batetik, emakume batek salatu du larunbatetik iganderako goizaldean bortxatua izan zela; bestalde, Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu beren bikotekideen aurkako indarkeria matxistagatik, Arriaga-Lakua, Pilar eta San Martin auzoetan.
"Asteburuko eraso hauek ez dira salbuespen bat: 2022an gutxienez hemezortzi eraso publiko egin dira", ohartarazi du Gasteizko Itaiak. "Gogora dezagun, gainera, aurreko urtean bost emakume erailak izan zirela Euskal Herrian".
"Indarkeria matxista emakume langileon egunerokoan txertatuta dago", gaineratu du Emakumeen Antolakunde Sozialistak. "Gizartea geroz eta aurrerakoiagoa bada ere, zifra beldurgarri hauek guztiz normalizatu ditugu, eta, beraz, hain zabaldua dagoen indarkeria hau seinalatu eta horren aurrean baliabide eraginkorrak garatzea nahitaezkoa dugu".
Horregatik, Itaiak elkarretaratzea egindu astearte honetan, apirilaren 12an, 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean.