Asteburuko lau eraso matxistak salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak

Erredakzioa 2022ko api. 12a, 10:05
Itaiaren mobilizazioa, aurtengo martxoaren 8an. / Argazkia: GEDAR.eus

Itaiak, Emakumeen Antolakunde Sozialistak, asteburuan jazotako lau eraso matxistak salatu eta "indarkeria matxista ororen" aurkako elkarretaratze bat deitu du astearte honetarako, 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan.

Joan den asteburuan, gutxienez lau eraso matxista erregistratu dira Gasteizen: alde batetik, emakume batek salatu du larunbatetik iganderako goizaldean bortxatua izan zela; bestalde, Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu beren bikotekideen aurkako indarkeria matxistagatik, Arriaga-Lakua, Pilar eta San Martin auzoetan.

"Asteburuko eraso hauek ez dira salbuespen bat: 2022an gutxienez hemezortzi eraso publiko egin dira", ohartarazi du Gasteizko Itaiak. "Gogora dezagun, gainera, aurreko urtean bost emakume erailak izan zirela Euskal Herrian".

"Indarkeria matxista emakume langileon egunerokoan txertatuta dago", gaineratu du Emakumeen Antolakunde Sozialistak. "Gizartea geroz eta aurrerakoiagoa bada ere, zifra beldurgarri hauek guztiz normalizatu ditugu, eta, beraz, hain zabaldua dagoen indarkeria hau seinalatu eta horren aurrean baliabide eraginkorrak garatzea nahitaezkoa dugu".

Horregatik, Itaiak elkarretaratzea deitu du gaurko, apirilaren 12rako, 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide