Azaroan, Usoen Populazioa Kudeatzeko Plana aurkeztu zuen Gasteizek. Gainpopulazioa kontrolatzeko, besteak beste, usoak esterilizatu eta harrapatuko zituela iragarri zuen Udalak. Orain, plan horren barruan, usoen kudeaketarako informazio eta erantzukidetasun kanpaina bat jarri du martxan; kanpainaren helburu nagusia herritarrak kontzientziatzea izango da, usoek janari gutxiago izan dezaten.
Gasteizko usoen populazioari buruz 2021ean egindako azterketa-diagnostikoaren arabera, janaria eta babeslekua ematea dira usoak ugaritzea ahalbidetzen duen faktore nagusiak. Gainera, Livia Lopez Osasun zinegotziak gogorarazi duenez, bide publikoan usoei janaria emateak animaliak izatea eta babeste arautzen duen udal ordenantzaren arau-haustea dakar. Hori dela eta, Udalak bi faktore horietan jarriko du arreta.
Arabako hiriburuak usoen gehiegizko populazioaren arazo orokorturik ez duen arren, atalase onargarritik gorako uso kopurua duten bederatzi eremu eta arrisku higieniko-sanitarioko hamabost puntu identifikatu dira.
Usoak ez elikatu, ez dute beharrik; elkarbizitza egokiaren alde lelopean, hainbat bitarteko zabalduko dituzte: kartelak eta triptikoak gizarte etxeetan, Bizan zentroetan, ikastetxeetan eta usoei janaria ematen dietenei banatzeko; eta autobusen alboetan eta atzealdeetan ere zabalduko da kanpaina. Horrez gain, parke, lorategi eta plazetan usoei janaria ematearen debekuaz ohartaratzeko seinaleak jarriko dituzte. Halaber, Udaleko sare sozialetan eta hiriko pantaila digitaletan informazio pilulak zabalduko dituzte.
Hitzaldiak
Kontzientziazio kanpaina osatzeko, hamasei hitzaldi egingo dituzte Bizan zentroetan eta ikastetxeetan. Gainera, usoen biologiari, ohiturei, elikadurari, arriskuei eta egungo arazoari buruzko informazioa emango dute kalean. Bestalde, usoen dentsitate handia, usoekin lotutako gorabeherak gertatu diren lekuak, eta, batez ere, usoei jaten ematen zaiela detektatu den puntuetan bi informazio-ibilbide osatu dira.
Esterilizazioa eta harrapatze selektiboa
Usoen Populazioa Kudeatzeko Planaren beste neurriei dagokienez, pentsu esterilizatzailea erabiltzeko proba pilotua egiten ari dira. Usoak ez diren beste espezie batzuek pentsua jateko zer arrisku dagoen neurtzeko eta uso bakoitzak zer kantitate kontsumitzen duen aztertzeko, artaleak banatzen dituzten bi gailu jarri dituzte,
Horrekin batera, uso populazioaren osasun ebaluazioa ere ari dira egiten, ehun bat usotan parametro jakin batzuk aztertuta.
Bestalde, harrapatze selektiboari ere ekingo zaio, eta tranpa-kaiolak jarriko dituzte usoen populazio handiko puntuetan. Izan ere, planaren arduradunen ustez, neurriak eraginkorragoak dira populazio txikiago batean aplikatuz gero.
Paraleloki, zenbait jarduera administratibo egingo dira: adibidez, usoak jartzea eta habiak egitea saihestuko duten elementuak instalatzea, orube eta eraikinen jabeek betebeharrak bete ditzaten prebentzio-metodoak ezartzeko eta ikuskapenak egiteko.
Neurri horien kudeaketa estrategia egonkorra izan dadin, zenbait urtetarako kontratu bat lizitatzea aurreikusi du Gasteizko Udalak, neurrietan sakontzeko, eraginkortasuna egiaztatzeko eta aldizkako erroldak egiteko.
Oreka eta bizikidetza
"Uneoro izan dugu kontuan animalien babesa, errespetuan, proportzionaltasunean eta zuhurtzian oinarritutako kudeaketa eskatzen duen animaliak baitira usoak. Gure bioaniztasunaren parte dira, eta gure ekosisteman beharrezkoak, baina aintzat hartu behar dira gehiegizko populazioak osasun publikoan izan ditzakeen ondorioak. Planaren helburua da oreka lortzea, bizikidetza ona izateko", azpimarratu du Livia Lopez zinegotziak.