Usoak esterilizatu eta harrapatuko ditu Gasteizek, gainpopulazioa kontrolatzeko

Erredakzioa 2021ko aza. 24a, 09:00

Argazkia: PIXABAY

Datozen bost urteetan usoen populazioa kudeatzeko plana aurkeztu du Gasteizko Udalak. Besteak beste, sentsibilizazio kanpaina bat, pentsu esterilizatzailea eta harrapaketa selektiboak erabiliko dira hiriko bederatzi eremutan.

Azterlan batek arrisku higieniko-sanitarioko hamabost puntu eta uso kontzentrazioaren maila onargarria gainditzen duten bederatzi eremu identifikatu ditu Arabako hiriburuan. Horren aurrean, Gasteizko Udalak usoen gainpopulazioa kudeatzeko neurriak hartuko ditu proba pilotu baten bidez: besteak beste, herritarren informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarri —elikagaien eskuragarritasuna murrizteko—, pentsu esterilizatzailea erabili eta harrapaketa selektiboak —identifikatutako puntuetan kaiola-tranpa jarriz— egingo dira, horien gehiegizko ugalketa saihesteko.

Enpresa espezializatu batek egindako azterlana bera eta usoen populazioa kudeatzeko plana aurkeztu ditu Gasteizko Udalak astearte honetan, animalien elkarbizitza eta babeserako elkargunean. Usoak ugaritzea errazten duten hainbat faktore aipatzen ditu azterlanak, hala nola, ura, aterpea eta elikadura.

Ondorio horietara iritsi dira 25,3 kilometro koadroko azalera aztertu ostean. Guztira, 5.022 ale zenbatu dira, hau da, batez beste 198,45 ale kilometro koadroko; aipatutako bederatzi eremuetan, ordea, tasa hori 500 aletik gorakoa da, atalase onargarria 400 alekoa izanda. Hortaz, komenigarri da zonalde horietan populazioa kontrolatzeko neurriak hartzea.

Eremu gatazkatsuenak Alde Zaharrean eta Katedral Berriaren inguruan, Florida, Prado, Molinuevo eta Aranbizkarra parkeetan, Abendaño eta Antso Jakitunaren kaleetan, eremu periferikoetan —Antonio Machado kalean, Olarizu hiribidean eta Guayaquil kalean— antzeman dira. Bestalde, usoen pilaketak sustatzen dituzten espazioetako batzuk dira Boulevard merkataritza gunea edo Arriaga, Elorriaga eta Arkautiko elizak, babesteko aukera ematen baitiete usoei.

Osasun publikoko afera

Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotziak azaldu duenez, usoen gainpopulazioa arriskutsua da pertsonei eta animaliei gaixotasunak transmititzeko bektore delako, bakterio, birus, onddo eta parasito ugari izaten dituztelako; horietako batzuek, gainera, infekzio gaixotasunak eragiten dituzte. Zuzeneko zein zeharkako kontaktuaren bidez transmititu daitezkeen 40 patogeno baino gehiago ezagutzen dira.

Hortaz, kudeaketa plan honen helburu nagusia uso kopurua hirirako egoki gisa ezarritako mugetan mantentzea izango da, animalia horien osasun egoeran eragin onuragarria lortuz eta, ahal den neurrian, ahalik eta sakrifizio gutxien eginez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago