9. Korrikak Donibane Garazitik Gasteizera arteko ibilbidea egin zuen. Ohi bezala, Korrikak pertsona, erakunde edo dena delakoa omentzen du, eta Korrika 9k Mikel Laboa omendu zuen. Gainera Mikelek Korrika Kulturalaren barruan kontzertua eman zuen, Gasteizko Principal antzokian.
Mikelen kontzertua hunkigarria izan zen, bai Mikelentzat, bai ikusleentzat. Kontzertuaren ondoren, afaria egon zen garai hartako Blusen Elkartearen tabernan, Eusko Legebiltzarraren aurrean kokatuta zegoena. Afarian, Mikelek eta bere emazteak parte hartu zuten Gasteizko AEK-ko hainbat kiderekin batera.
Afaria AEK-ko kideek antolatu eta prestatu zuten. Otordura Mikel eta emaztea heldutakoan txalo zaparrada jaso zuten AEK-ko kideen eskutik. Hunkigarria, hau ere, benetan.
Jendea eseri eta beste inorentzako lekurik ez. Dena den, aldez aurretik, afarian izena eman ez zuenik ere egon zen. Honela, afaria hastear zela Ruper Ordorika lagun batekin azaldu zen, eta AEK-ko kideei esan zien: "Ni Ruper Ordorika naiz, Mikelen laguna eta afarira nator". Segidan inoren baimenik gabe eseri zen, eta AEK-ko bi kide lekurik gabe gelditu ziren. Azken horiek sukaldean afaldu behar izan zuten.
Menua zein izen zen gogoan ez dugun arren, oroitzapenean dugu kafea egiteko iragazkirik ez zegoela. Orduan, AEK-ko kide bat gertuko mertzeriara joan eta galtzerdi pare bat erosi zuten. Hauek kafea iragazteko erabili zuten. Jakina, horretaz ez zen inor jabetu.
Afaria amaitutakoan, Mikel animatu eta kantatzeari ekin zion, ahotsa urratzen hasi zitzaion arte. Hau ikusita emazteak errieta egin zion Mikeli. Dena den, Mikelek kantatzen jarraitu zuen eta horrek AEKkideak kantatzera animatu zituen. Berriro emaztearen errietaldia, eta Mikelek orduan kantatzeari utzi zion. Nolanahi ere, AEKideak isildu ez eta euskal kantutegia hondatzen hasi ziren goizeko ordu biak arte, Mikelen eta enparauen barreak eta algarak eraginez. Ordu horretan Mikel, emaztea, Ruper eta laguna joan egin ziren.