Gaur, astelehen arratsaldean, Ikasle Abertzaleak ikasle sindikatuak prentsaurrekoa egin du Gasteizko Letren fakultatean, joan den osteguneko ikasle grebaren testuinguruan gertatutako atxiloketak salatzeko.
"Ikasle grebaren baitan, campus ezberdinetan piketeak egin ziren, greba zabaltzeko eta aurrera eramateko asmoz. Ohikoa denez, grebetan piketeak egiten dira: fabrikako langileek, garbitzaileek nahiz ikasleek egin ohi dituzte. Egun hartan, ordea, Elurretako fakultatean ginenean, polizia bortxaz sartu zen bertara. Ikasle asko identifikatu eta atxilotu zituzten", salatu du Ikasle Abertzaleak-ek.
Hori guztia "EHUko Arabako errektoreordetzaren eta errektoretza nagusiaren erabakiz" egin zela dio IAk, "eurek baimendu zuten-eta polizia unibertsitate barrura sartzea". Ikasle antolakundearen ustez, "astakeria bat da pikete batzuk egiteagatik 34 atxilotu egotea", baita "unibertsitatea campus polizial bilakatzea" ere. "EHUk unibertsitatean poliziaren inpunitatea baimenduz gero, ikasleon greba oro kriminalizatzeko eta atxiloketak normalizatzeko aurrekari oso arriskutsua ezartzen du", salatu dute.
Bestalde, "hainbat masa komunikabideren kriminalizazio saiakera" izan dela ohartarazi dute: "Kriminal gisa edo unibertsitate publikoaren kontrako subjektu gisa aurkeztu nahi izan gaituzte, hezkuntza publikoaren pribatizazioaren aurkako greba egun bat zenean".
"Gertaera horiek frogatzen dute EHUn ez dagoela askatasun politikorik ikasle antolakuntza independentearentzako", kritikatu dute. "Zer nolako unibertsitatea da bere ikasleak masiboki atxilotzea baimentzen duena? 34 ikaslek egun osoa ziegan igarotzea baimentzen duena?".
Horrenbestez, atxilotuen "erabateko absoluzioa" eskatu eta "EHUren jokabide autoritarioak" salatzeko, Ikasle Abertzaleak-ek manifestazioa deitu du ostegunerako, hilaren 31rako, 11:00etan Elurretako eraikinetik, EHUren errepresio poliziala gelditu! lelopean.