Autotunea ala basakeria, uhinetan

Marta Sendiu 2022ko api. 4a, 06:00

Aitziber Gonzalez eta Darko Egiluz, 'Autotune o barbarie' irratsaioko kideak. / Arg: HALA BEDI

Aitziber Gonzalez eta Darko Egiluz gasteiztarrek duela urtebete ekin zioten Hala Bedi irratian Autotune o barbarie irratsaioa egiteari. Uhinak astindu dituen bikoteak autotunea, trapa, reggaetoia, belaunaldi apurketa, Chill Mafia eta emakumearen sexualizazioa izan ditu hizpide, besteak beste.

Trap hitzak "tranpa" esan nahi du ingelesez. AEBetako hegoaldeko zenbait hiritan, trap house hitza erabili ohi da estupefazienteekin legez kanpoko salerosketak egiten diren eraikinei erreferentzia egiteko. Hori dela eta, XXI. mendeko lehen urteetan hedatu zen trap musika, rap musikaren azpi-genero bezala sailkatu den eta drogen inguruan hitz egiten duen musika generoa.

Mundu osoan zehar ezagutarazi da ondoren, eta beste musika genero batzuekin nahastu, hala nola dancehall, flamenko edo indie musikarekin. Nahiz eta AEBetan trapa raparen azpigenero bezala sailkatu izan den, Espainiako Estatuan aparteko genero bezala identifikatu da.

Gorpuzkingz, Ttun Ttun Brigade edo Chill Mafia izan daitezke genero honen euskal bertsioaren aitzindari nagusiak

Ezjakintasunak eta berritasunak kutsatuta, prentsa jeneralistak trap terminoa erabili du Auto-Tunearekin (ahots afinatzaile bat, robot ukitua ematen duena), ad libs-ekin (abesti batean behin eta berriro errepikatzen diren interjekzioak) edo Roland TR-808-arekin (80. hamarkadako erritmo kutxa) edozein artista gaztek egindako abestiei erreferentzia egiteko.

Horrez gain, paralelismo bat ezarri da trap eta punk mugimenduen artean. Neoliberalismoari jatorria eman zion 70. hamarkadako krisian, baby boomer belaunaldiak punka izan zuen bizi ikuspegi, egungo neofaxismoaren aurrean millenial belaunaldiak trapa hartu duen bezala.

Mundua astindu duen musika genero eta bizi jarrera berri hau Euskal Herrira ere heldu da, beranduago bada ere. Gorpuzkingz, Ttun Ttun Brigade edo Chill Mafia izan daitezke genero honen euskal bertsioaren aitzindari nagusiak. Baina horiekin batera, euskaraz abesten ez duten arren, euskal herritarrak diren ehunka gaztek musika estilo honetako lanak plazaratu dituzte, Aiman Jr. edo Nickzzy-ren arrakasta kasu.

Autotune o barbarie

Testuinguru horretan, Autotune o barbarie izeneko Hala Bediko irratsaioa —astelehenero 21:00etan, eta noiznahi plataforma digitaletan— fenomeno berri honen bozgorailu lanak egiten hasi zen duela urtebete. Darko Egiluz (Gasteiz, 1998) eta Aitziber Gonzalez (Gasteiz, 1991) dira egileak, eta musika mundu honetan zegoen ezjakintasuna aberasteko asmoarekin sortu zuten podcasta. Musika estilo honi espazio bat emateko xedearekin sortu zuten, beti ere haien ikuspegi pertsonala plazaratuz.

Autotune o barbarie izeneko Hala Bediko irratsaioa fenomeno berri honen bozgorailu lanak egiten hasi zen duela urtebete

Etiketek, gustatu ez arren, gauzak sailkatzeko balio dutela uste du Egiluzek. Trapa testuinguru oso zehatzetatik datorren azpi-kultura bezala definitzen dute, baina, edozein tribu urbanok bezala, hasierako osagarri esanguratsu hori galtzen joan da: "Purista jartzen bazara, hemen inor ez dago trapa egiten, inor ez baitator AEBetako eraikin baztertu horietatik".

Trap house eraikinen hiri testuingurutik sortzen diren abestien letrek ilegaltasunaren errealitatea dute hizpide. "Yung Beef Espainiako Estatuko rap eta reggaetoi abeslari ospetsuenak ere haren bizimoduaren inguruan dihardu kantetan, baina Granadako abeslariaren bizimodua ez da Donostiako batek daramana bezalakoa", diote irrati esatariek. 

'Autotune o barbarie' irratsaioko kideak Chill Mafiarekin. / Argazkia: HALA BEDI

 

Bizimodutik musika estilora salto

Hala ere, bizimodu horietatik at ere trapa egin daiteke, norbanakoaren errealitate eta bizimolde pertsonalak adierazten dituzten letrekin. Hori dela eta, "bizimodu bat izatetik musika estilo bat izatera" pasa dela diote Gonzalezek eta Egiluzek. Nahiz eta jatorrian oso testuinguru zehatz batetik eratorri, jada ez da beharrezkoa pobrea izatea edo droga saltzea musika estilo mota hori egiteko.

"Nahasketa berriak sortu ahal izateko gaitasuna izan behar da, eta hori da goraipagarriena"

Badaude abeslari asko haien errealitatea ukatu eta "gaiztotasun" horren atzean ezkutatzen direnak. Horren erakusle da Gasteizko Izan18 izeneko abeslari gaztea. Vendiendo como el Pablo bezalako esamoldeekin, Kolonbiako narkotrafikatzailearekin bere burua alderatzen du. "Baina, kasu horretan, ez dabil bere istorio pertsonala kontatzen, jendeak entzun nahi duena abesten baizik, haren proiektua saltzeko horrelakoak kontatu behar dituela uste duelako, nahiz eta argi ikusi den ez dela beharrezkoa horrelakoak esatea arrakasta izateko".

Aitziber Gonzalezen esanetan, mundura zabaltzean "mestizaje moduko bat" eman da trapean. "Artista askok traparen soinu bereizgarrienak eta estetika hartu dute, eta aldaerak sortu dituzte. Nahasketa berriak sortu ahal izateko gaitasuna izan behar da, eta hori da goraipagarriena, nahiz eta joera berriek traparen benetakotasunaren indargabetze edo hutsaltze bat dakarten".

 

Belaunaldi apurketa

Hegemonikoa zenarekin apurtzen duen ildo berritzat har daiteke trapa. Autotune o barbarie irratsaioko kideek eraldaketa horren "aitatzat" jotzen dute Daddy Yankee, Puerto Ricoko musikari, konpositore eta produktorea. Azken hamarkadetako musikaren eboluzioaren arduradun nagusitzat har daiteke: "Underground reggaearekin hasi zen 90ko hamarkadan, reggaetoiarekin jarraitu zuen gero, hip hopa eta rap estiloetatik igaro zen, eta, azkenean, traparekin eman berri dio amaiera bere ibilbide musikalari", azpimarratu dute.

"Azken finean, soinu berriekin jolasten ari den jende gazteak aurretik zegoenarekin hautsi nahi du"

"Egokitzeko eta berritzeko gaitasuna duen jendearen eskutik" etorri da aldaketa apurtzaile hau, Gonzalez eta Egiluzen ustez. "Aurretik zegoenarekin apurtzeko aukera eman du trapak. Adibidez, Hego Amerikan reggaetoi mainstreamarekin apurtu da; aldiz, hemen rap sozialarekiko eman da aldaketa hori. Azken finean, soinu berriekin jolasten ari den jende gazteak aurretik zegoenarekin hautsi nahi du".

Espainiako Estatuan reggaetoia izan da azken urteetako musika hegemonikoa, taberna zein diskoteka guztietan entzun da. "Hasiera batean, La Zowi edo Cecilio G meme bat (testua, irudia, bideo bat, sarritan umore helburua duena) besterik ez ziren, eta haien bidea egin behar izan zuten errespetatuak izateko", dio Gonzalezek.

Euskal Herrian, aldiz, bestelako musika joera bat nagusitu izan da. "Meme gisa hasi ziren Gorpuzkingz edo Ttun Ttun Brigade bezalako taldeak, baina haiek kontziente ziren horretaz. Chill Mafiaren kasuan, meme izaera hartu dute hasieratik, baina errespetatuak izan dira ere lehen momentutik". Amorante bera ere lehenetarikoa izan zen Euskal Herrian autotunea erabiltzen hasi zena, baina haren lanak kutsu esperimentalago bat duela esan daiteke.

Chill Mafiakoen arrakastaren gako nagusietako bat bi errealitate gerturatzea izan da

"Argi dago Chill Mafiakoak ez direla Euskal Herrian lehenak izan trapa egiten. Bazeuden lehenagotik euskal hiztunak ez ziren artistak, edo azal zuridunak ez ziren abeslariak, edo bazegoen auzoetako jendea musika molde berri honen inguruan. Arazoa da jende multzo hori guztia ez dela Euskal Herriko sektore zehatz batera heltzen; ez da Gaztean entzuten", nabarmendu du Egiluzek.

Bere ustez, Chill Mafiakoen arrakastaren gako nagusietako bat bi errealitate horiek gerturatzea izan da: "Xabier Leteren hitzak nahastu dituzte momentuan modan zeuden musika erritmoekin. Fusio berri horrek Gasteizko Sansomendi auzoko, Zaragozako eta Donostiako Egia auzoko gazteen artean lotura bat sortzea lortu du".

 

Emakumearen sexualizazioa

Trapak gure gizartea modu transbertsalean zeharkatu du, kontzienteki izan edo ez. Hasieran aipatutako punk eta traparen arteko paralelismoak ere bere garrantzia du feminismoaren arloan. "70. hamarkadan emakumeak desexualizatzeko punk genero musikala baliatu zuten askok. Modu analogoan, emakume artista urbanoek haien sexualitatea berresteko baliatu dute", azpimarratu du Gonzalezek. "Hala ere, ahalduntzeko estrategia hori problematikoa ere izan daiteke. Izan ere, nahiz eta emakumeek esan haien hipersexualizazioa beren buruarentzat egiten dutela, patriarkatuari berdin dio zeintzuk diren artista horien intentzioak".

"Abeslari bat agertokira erdi biluzik edo sexuaren inguruan hitz egiten ateratzeak ez dio zilegitasun gehiago edo gutxiago ematen feminista izateko"

Feminismoaren barruan existitzen den "purismoak" orain arte mahaigaineratu ez diren gaiak eztabaidatzea ekarri duela dio Gonzalezek. Zentzu horretan, musika entzule askori rachet estetikak (markako jantziak arropa merkearekin, urrezko osagarriekin, zapatilekin eta, kasu askotan, manikura bitxiekin konbinatzen dituzten nesken estetika) "harridura" sorrarazten diela uste du, "erdi biluzik eta sexuaren inguruan askatasun osoz hitz egiten duten abeslariekin topo egiten dutelako, eta, gainera, haien burua feministatzat definitzen dutelako".

"La Zowi bezalako abeslari bat agertokira erdi biluzik edo sexuaren inguruan hitz egiten ateratzeak ez dio zilegitasun gehiago edo gutxiago ematen feminista izateko", azpimarratu du Hala Bediko kideak. "Disneyko protagonistak betidanik izan dira sexualizatuak, pop ikono guztiak izan diren bezala. Modu sotilago edo inozenteago batean sexualizatzen ziren, baina orain modu esplizitu eta zuzenean egiten dute".

"Gaur egun, eleberri bat idazten duen emakume bat edo aktore bat edo txandala janzten duen edozein emakume dago sexualizatua berez, baina artista hauek esplizituki egin dute hori, eta hor dago ezberdintasun nagusia. Azken finean, hegemoniko bihurtu da rachet estetika edo izaera hori, eta zure buruaren jaun eta jabe izateko, sexualitateaz modu zehatz batean hitz egitea obligazio moduko batean bilakatu da", gaineratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago